Orain 100 urte, 1923an, Kontxan irabazitako bandera

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Iturain 2023ko ira. 2a, 11:22

#Kontxa100 proiektuaren baitan traineru estropaden ondare kulturala eta historikoa berreskuratu nahi dute Euskal Itsas Museoa eta Donostiako Aquariumak, duela 100 urteko estropadetan gertatutakoa azalduz. Hain zuzen ere, oriotarrek irabazi zuten 1923ko Kontxako Bandera Antonio Mari Uranga patroi zela.

Orain dela 100 urte, 1923an, Oriok irabazi zuen Donostiako estropada.  Antonio Maria Uranga zen Orioko traineruaren patroia. Harentzat Kontxako aurreneko bandera izan zen hura. Oriotarrentzat seigarrena, bigarrena horiz jantzita, 1919an Manuel Olaizolarekin irabazi zutenean bezala. Garai hartan, 1940 arte, zozketatu egiten zen talde bakoitzaren kolorea.

1923ko lehenengo estropada irailaren 16an jokatu zen. Antonio Maria patroiaren aginduetara, gizon hauek osatu zuten hamalaukoa: Jose Mari Murgiondo, Ramon Solaberrieta, Ignazio Manterola, Eugenio Genova, Lorenzo Alkorta, Bernardo Otegi, Jose Mari Sarasua, Eusebio Solaberrieta, Domingo Mitxelena, Jose Mari Urdangarin, Antonio Urdangarin, Anbrosio Uranga eta Jose Genovak. Oriok segundo bateko aldea kendu zien donostiarrei. Hurrengo igandean zen jokatzekoa bigarrena, baina itsaso txarragatik asteazkenera atzeratu zuten; asteazkenean beste horrenbeste gertatu zen: itsaso txarra eta igandera atzeratu.

Azkenik, igande horretan jokatu zen eta Oriok bandera irabazi zuen, Soterotxo Bakerizaren koadrila atzean utzita. Oriotarrek donostiarren Donostiarra ontzian jokatu zuten, eta donostiarrek oriotarren San Nikolas traineruan; urte haietan trukatu egiten baitziren ontziak lehen estropadatik bigarrenera. Kontsolazio-txandak ez zuen balio orduan banderarako, baina San Juanek egun hartan ordura arteko markarik onena jarri zuen (19:17), atzean Getaria eta Bermeo utzita. Getariarrek ere Uranga bat zuten patroi.

Hala ere, dena ez zen poza izan urte hartan: oriotarrak kexatu egin ziren araudia aldatu egin zutelako tostarteko neurriei zegokienez, eta neurri berriek oriotarrak kaltetzen zituztelakoan, mutilak oso handiak zirelako eta neurri berrietan ondo kabitzen ez zirelako.

Ciaboga aldizkariak urte hartan Urangari egin zion elkarrizketan ziotenez, Antonio Maria jenio biziko gizona zen, indar eta kemen handikoa, estropada kontuetan grina handia erakusten zuena, eta, Manuel Olaizola bezala, arrantzalea.

Urte hartan mutilen artean zihoazen arraunean gerora traineruaren patroi izatera iritsiko ziren Domingo Mitxelena, Jose Mari Urdangarin Txato eta Ramon Solaberrieta Erramon Lino. Mitxelena izan zen, hain zuzen, gerora Urangari lekukoa hartu ziona, Orioko txaluparen arraun handia hartuta.

1923ko bandera irabazita, arraunlariek lana eman zioten bertsolariari: garaipenari bertsoak jartzea. Hamabi bertsoko sorta osoa eman zuen, bertso paperetan herritarren artean banatu eta herritarrek gogotik kantatu zutena. Bertso haietako batean ondo asko ageri dira Urangaren patroitzarako dohainak:

Otegi aurretikan, Murgiondo ankian,
gaztedia bikaña biyen bitartian,
oyek danak zuzentzen Uranga atzian,
lasai joan ots egiñaz noizik bakoitzian,
aurtengo premiyua zeukagu etxian.

Urangatarren kasta

Antonio Maria Uranga Garate izan zen Manuel Olaizolaren garai loriatsuaren ondorengo patroia Orioko traineruan. Honela aitortu zion Olaizolak Urangari 1923an, estropada irabazita, banderarekin Oriora etorri zirenean, besarkada estu batean: “Esku onean utzi det patroiaren arraun andia”. Horrela agertzen da jasota orduko Ciaboga aldizkarian.

Antonio Maria 1869ko irailaren 25ean jaio zen, estropada nagusien hilabetean, zortzi senideko familian, sei mutil eta bi neska. Bigarrena zen Antonio Maria; bosgarrena, Jose Manuel, fraide izan zen eta Argentinara jo zuen; bi gazteenak ere, Ramon eta Xegundo, arraunlariak izan ziren. XX. mendeko lehen urte haietan, urangatarrena izan zen arraunerako kastarik emankorrena: 1909 eta 1910ean lau Uranga joan ziren traineruan, nahiz denak ez ziren familia berekoak. Haietako bat, Ramon, itsua zen; baina, hala ere, arraunlari bikaina, eta 1901etik 1915era estropada guztietan izan zen. Ramon itsuak behin esan zion Antonio Mariari, estropada betean, gaizki bideratuta zeramala ontzia; Urangak, berriz, ezetz. Orduan itsuak erantzun zion patroiari gaizki ez bazihoan ea zergatik aldatu zuen norabidea.

Urangarekin ibili zen arraunlari onenetako batek, Erramon Linok, 1977an esan zuen Antonio Maria izan zela berak ezagutu zuen Orioko patroirik onena ziaboga hartzen. Urangak berak ere bazuen konfiantza bere buruarekin; behin, hala esan zien estropalariei, norgehiagoka hasi aurretik: “Mutilak, ni eraman nazazue kanpora, balizetara, eta etortzea utzi nire gain”. Bertso hau ere jarri zioten Urangari:

Ziatzalle ederra da
Uranga guria,
mutillak zuzentzeko
nun dago obia,
gorputzez egokiya
begiya ernia,
aixa igarotzen da
orrekin bidia,
bejoindadikela
Antonio Maria!

Urangak hiru aldiz eskuratu zuen Kontxako bandera: 1923, 1925 eta 1939an. Azken hori, gerra ondoren jokatu zen lehena, 69 urte zituela irabazi zuen, ordurako ikusmena galtzen hasia zela. Huraxe izan zuen azken estropada, bukaera ezin hobea eman zion bere arraunlari-ibilbideari. Antonio Mari 1946ko uztailaren 12an hil zen, 76 urte zituela. Sei seme-alaba izan zituen; haietako bat, Ramon, arraunlaria izan zen. Urte bakar batengatik ez ziren aita-semeak traineruan batera joan; izan ere, aita erretiratu eta hurrengo urtean jokatu zuen seme Ramonek aurreneko estropada, 1940an, eta bandera irabazi hark ere. Ramon hau herriko alkatea izan zen geroago. Arrantzalea zen eta bizia istripuz galdu zuen, Orioko barran 1961ean. Itotako Ramonen seme bat ere, Nikasio, arraunean ibili zen, Juanito Altxerri patroiaren 1970eko urte arrakastatsuetan. Hiru aldiz jokatu zuen Kontxan Nikasiok, 1970, 71 eta 72an, eta hiruretan irabazi.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!