Unai Manterolaren azken meza Orion

Unai Manterola Orion eman duen azken mezan.

Igandean Orioko eliza betea zen ia, Unai Manterolaren Orioko azken mezan. Bertsotan agurtu zen, 18 urteotako ibilbideari atzera-begiratua emanez.

Iraileko igandeak emozio handikoak izan ohi dira Orion. Hala izan ziren aurtengo lehenengo biak, eta halaxe izan da azkena ere, irailaren 24koa, oriotar askorentzat. Igandean ohi baino jende gehiago inguratu zen San Nikolas parrokiara, 12:30eko mezara. Haietako batzuk ez ziren iganderoko eliztarrak.

Elizkizuna ez zen hileta, nahiz eta elizan ziren askoren begietatik malkoak isuri masailetan behera, batez ere mezaren bukaera aldean. Ez zen hileta, baina bazen agurra, azken 18 urteotan Aiako eta Orioko apaiz eta bikario izan den Unai Manterola zumaiarraren agurra.

Mezaren aurretik, jai handietako kanpaikada alaiak entzun ziren herrian elizako kanpandorretik, herritarrak ospakizun handira deika. Meza hasi aurretik, eliza betea zen ia. Ane Blazquez 15 urteko organo-jolearen euskal kantu eder batek eman zuen ongi etorria.

Emozioak, gehiegizkoak, batzuetan txarrerako izaten dira, zirrarak gainezka egiten duenean zorabioa ekar dezake. Horixe gertatu zitzaion herritar bati Unairen Orioko azken mezan. Zenbait herritar, alkatea bera ere, berehala mugitu ziren, egoera bere onera ekartzeko. Eta halaxe izan zen. Elizan baitzen alkatea, kultur zinegotziarekin batera; azken batean, herri bateko apaizaren agur-ekitaldia, elizkizunaz gain kultur ekitaldi inportantea ere bai baita. Horrexegatik dator igandeko meza berezi eta bitxiaren albistea ere kronika honetara.

Sermoian Unaik garrantzia kendu zion bere agurrari: "Ez noa misiolari Afrikara, Donostiako Artzain Onaren katedralera baizik, hamar minutura Oriotik", eta, beraz, bere agurra adiorik gabeko gero arte bat bihurtu zuen.

Manterolak aukera baliatu zuen bera ordezkatuko duen apaiz berria aurkezteko: Juan Pablo gazte ordiziarra. Herritarrek apaiz berria pixka bat ezagututa, asko maiteko omen dute berehala. "Juan Pablo Zumaiatik datorrenez, ez du aukerarik izan Kontxako bandera bedeinkatzen ikasteko, baina Orion laster ikasiko du". Apaizaren umoreak barrea eta txaloak ekarri zituen.

Elizkizunaren bukaeran, ustekabekoa ekarri zuen, bera den bezalakoa dela-eta, ezin egin gabe utzi barrenak eskatzen ziona, eta di-da, arropak eranzten hasi zen, harik eta… arraunzale oriotarren kamiseta horia soinean zuela erakutsi arte. Ordura arte ez omen zuen sekula egin, azken meza-egunerako zeukan utzita. Eta horiz jantzita, eta balearen bertsoen doinua lagun, agur esateko prestatuak zituen 9 bertsoak kantatu zituen. Azken bertsoa herritarrek ezaguna zutenez, denek batera kantatu zuten, balearen bertsoen azkena: "Gertatua jarri det egiaren alde… gora oriotarrak esan beldur gabe".

Bertso kantari, Unaik, berriro ere, agerian utzi zuen belarri ona duela eta kantari ona dela. Agurreko momentua zenez, une egokia zen hura, nolabait ere, bertsoen bidez 18 urteotako ibilbideari atzera-begiratua emateko. Eta horixe egin zuen. Oriora etorri zenean, 25 urteko ume-mokoa zela esanez hasi zen, geroztik ikasi duela apaiz-lanean dakiena. Gogora ekarri zituen San Nikolas elizako ponte-harrian bataiatutako haur oriotarrak, ehunka; ezkondutakoak; hildakoak. Anjel Lizaso sakristau zena gogoan, Unaik txaloak eskatu zituen harentzat. Aipatu zituen koruko emakumeek osatutako abesbatza bikaina; organo berria; eta batez ere, gaitzek eta heriotzak herritar askori eragindako mina eta sufrimendua, elkarrekin konpartitua.

Unai, Orioko bapore batean arrantzan ibilitako zumaiar baten semea, gazte etorri zen Oriora, Don Andres ordezkatzera, hala ezagutzen zuen orduan jendeak Andres Garmendia, Astigarragako semea. Apaiz zumaiar gaztea Unai izan da jendearentzat. Berehala ezagutu zuen jendeak herrian, baita elizatik kanpo ere, kalean eta tabernan. Ez dio beldurrik izan jendearekin elizatik kanpo ibiltzeari. Herriko elkarte gastronomiko bateko kidea. Berehala hurbildu zen bertso girora ere, Errikotxia bertsozale elkartean aritu da, bertsolari, gai-jartzaile, San Nikolas jaietako aurkezle… Askotan ikusi dugu sanikolasetan kiroldegian bertso-saioa aurkezten, munduko bertsolari onenekin.

Gizon ikasia, jantzia, bertsozalea, plaza-gizona, kantari ona, hizlari bikaina… batzuentzat artista. Ausarta, aho-bizarrik gabea, mingain errazekoa, batzuetan, errazegikoa ere bai.

Unai Manterola badoa, nahiz eta datorren igandean ere Orioko elizan izango den Juan Pablo apaiz berriaren lehenengo mezan laguntzen. Zorte on izango ahal du Donostiako etapa berrian! Horretarako izen egokia du, Unai, artzainaren sinonimo. Unai ona izan dadila

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!