Gure historiako banderen istorioak

Gizonezkoen bigarren traineruko mutil gazteen aurtengo banderen uzta ezin hobea izan da. (Joxe Mari Olasagasti)

Iñaki Iturainek iraileko aldizkariko 'Oroimenaren Kutxa' atalean Oriok arraunean irabazi dituen banderen istorioak izan ditu hizpide. Orain irakurgai dago sarean.

Euskaldunontzat txapela da kirol garaipenen ikur nagusia: irabazleari, txapela; irabazlea, txapeldun. Kirolaren munduan, munduko kiroletan, badira bestelako garaikurrak ere: Olinpiadetan, urrezko domina; Frantziako Tour-ean, maillot horia; futbolean, urrezko baloia…

Traineru estropadetan, bandera da sari nagusia. Orion arrauna eta aurrena ondo errimatzen duten hitzak dira, eta bandera eta banda ere bai: garai batean arraunean aurrena ailegatzen zirenean musika bandak laguntzen zion banderari. Kontxako bandera irabazten den urteetan, San Nikolas jaien buelta horretan banderen festa ospatzen da: denboraldian irabazitakoak elizan bedeinkatu, handik plazarainoko desfilea egin, eta gero, bazkaria. 2022ko abenduaren 4an izan zen azkena, neskek Donostian eskuratutakoa ospatzeko.

"Ez dago oriotarrik kantu hau ez dakinik, ez dago mundun herririk bandera gehio dunik", horixe dio oriotarren alironaren euskal bertsioak. Hala baita, mundu osoan ez dago herri bakar bat ere arraunean Oriok baino bandera gehiago irabazitakorik. Kontxakoa da banderetan banderena, eta herriko estropalariek 35 dituzte irabaziak: 32, mutiletan; eta 3, nesketan. Denak herrian jasota daude. Beste klub guztiak oso urruti daude zenbaki horietatik. Orioko arraunaren xehetasun guztiak biltzen dituen Joxemari Olasagastik dioenez, denetara 783 dira (aurtengo abuztuaren 31n) herriko arraunlariek historia guztian irabazi dituzten banderak. Erraz esaten da!

 

Oriok bandera baietz!

Donostiako estropada egunetan, uretako norgehiagokaren aurretik Portaletan artekariek oihuka dirua zeinen alde dagoen adierazten dute. Orioko arraunzaleek hauxe dute trabesik maiteena. "Oriok bandera baietz!". Liburu bat bada, bere eduki bakartzat Oriok arraunean irabazitako banderen argazkiak eta arraunlari irabazleen izenak dituena: 2001ean Iñigo Gastañazpik eta Luis Azkuek plazaratu zuten Orio arraunean, arrauna Orion izenekoa. Orduan 330 ziren Oriok irabaziak zituen banderak.

Orioko arraunlarien historiako bandera guztien atzean ahalegina dago, handia, eta izerdia. Batzuek, gainera, istorio bitxiak dituzte, kontatzeko modukoak. 1911n, getariarrak Mendibeltzera etorri ziren, goizean Kontxan haiek irabazitako bandera handik oriotarrei erakustera. Gerra aurretik, 1934an, herriko batel batek Bermeoko estropada batean irabazitako ikurrina bere marra berde gurutzatuen gainean horia erantsita egon zen udaletxean frankismoak iraun zuen denbora guztian, ikurrina guztiz ilegala baitzen urte haietan. Beste horrenbeste egin behar izan zuten 1933an eta 1934an irabazitako bandera errepublikanoekin ere: morearen gainean gorria erantsi. Udalbatzak erabaki hau hartu zuen 1939ko apirilaren 25ean, gerra bukatu berritan: "El Ayuntamiento acuerda que siendo necesario el arreglo de algunas de las banderas ganadas por los remeros de esta localidad, asimismo se haga el cambio de la tela de otras dos que tienen color morado y que hay que colorear de encarnado. Abrir una suscripción popular para cubrir los gastos de dichos arreglos".

Aiako udaletxean arraunean irabazitako bandera bat dago: Oribarzarreko lau mutilek bateletan irabazia. Bandera hark ekarri zuen Aiako eta Orioko udalek izan dituzten gatazkatxoetako bat: bandera hura nora eraman. Aiarrentzat lehenengoa zen, eta han dago.

 

1939ko bandera iskanbilatsua

1939ko bandera da Kontxako estropaden historian banatu den bereziena. Estropada hura izan zen gerra bukatu ondoren, urte berean, jokatu zen aurrenekoa. Berezi samarra izan zen, ez zen guztiz normala izan; eta arrazoi horregatik, handik 63 urtera, Rafael Agirre Francok Donostiako Udalari proposatu zion urte hartako edizioa ez ontzat emateko historiarako eta, beraz, bandera hari bere balio ofiziala kentzeko. Udalak onartu egin zuen arraun aditu haren proposamena. Horrek sekulako erreakzioa ekarri zuen oriotarren aldetik: 2016an, Orioko hainbat belaunalditako arraunlariek eta klubeko presidentek, Donostiako Paseo Berriko Oteizaren eskulturaren aurrean, agerraldi publikoa egin zuten elkarrekin. Han, aldarrikatu zuten bandera hura gainerako guztiak bezain baliozkoa zela. Aranzadi zientzia elkarteko eta Albaola Itsas Kultur Faktoriako kide Xabier Alberdi historialariarekin batera, ederki saiatuta eta lanak ondo eginda, 1939ko estropadan bezala, 2016ko lehorreko lehian ere, irabazi egin zuten, eta palmares ofizialean segitzen du.

2001eko irailaren 9an, Oriok 1901eko egun berean irabazitako banderaren mendeurrena ospatzekoak zirela, bandera erdi ekarria zen Oriora, batzuek esan ohi duten bezala: Aginagatik pasatuta zegoen, etxerako bidean. Kontua da, baina, bandera hura ez zela inoiz Oriora iritsi. Estilo oteizarrean esanda: bete-betean huts egin zuten. Castrora joan zen, soinean Castrokoen kolore gorria zeraman oriotarrak irabazita bandera.

 

Banderen erakusketa

Handik hiru hilabetera, 2001eko abenduan, mendeurrena ospatzeko, kiroldegi orduan zabaldu berrian arraunaren historiako oriotarren bandera guztien erakusketa jarri zen. Arraunlarien bazkaria ere izan zen, egun hartan, sabaitik zintzilik zeuden ehunka banderetako edozein baino aipatuagoa izan zen irailean ia eskuetan zeukatela ihes egin ziena.

Gaur egun uda garaian, 2001eko kiroldegiko erakusketakoak baino bandera gehiago egon ohi da herriko balkoietan. Ia denak, hori kolorekoak, ez denak. Gaur egun aniztasun handiagoa dago: Imanolen Erreala, feministen morea, LGTBIren ortzadarra…
Hondartza da beste bandera leku bat. Han itsasoaren egoeraren berri emateko jartzen dira. Hiru daude: berdea, horia eta gorria. Huraxe izango da, noski, herriko toki bakarra, zeinetan herritar gehienek nahiago duten berdea horia baino.

1990eko urteetako batean, sanikolasetan, Kontxan irabazitako banderak plazan jarri zituzten kioskoko sabaitik zintzilik, erakusgai. Baina kanpotik jende asko etorriko zelakoan eta gauean banderak arriskuan zeudelakoan, talde bat osatu zen txandaka guardia egiteko, banderak zaintzen.

 

Politika giroko banderak

Udaletxea da, noski, herritarren ikur diren banderak gordetzeko eta erakusteko tokirik egokiena, nahiz eta, garai batean, arraunean irabaziak patroiaren etxean gordetzen ziren. Udaletxeko balkoian hiru daude: Ikurrina, espainola eta Europakoa, legeak horrela aginduta. Euskal Herriko beste udaletxe askotan bezala, txiki-txikiak dira eta bilduta daude, legea hautsi gabe baina, era berean, oriotar askok bere sentitzen ez dutena, nabarmen erakutsi gabe.

Herriko festetan, edo bestelako ospakizunen batengatik, balkoitik zintzilik bandera erakusten denean, herriko bandera eta ikurrina bakarrik erakusten dira, gure nortasuna munduari erakusteko bi horiek nahikoak direlakoan. Duela gutxi jarrita, ikurrina handi-handi bat dago masta luze batetik zintzilik, udaletxearen parean, errioaren beste aldean, Mutiozabal ontziola zaharraren ondoan; seguru asko, udalak udaletxean ezin duena beste aldean ahal duelako. Orioko bandera ofiziala zuria da, erdian herriko armarria duela, itsasontzi, kanoi, aingura eta dorrearekin.

Omenaldia ikurrinari eta gudariei

1931n, Espainian Errepublika aldarrikatu zenean, bandera errepublikanoa jarri zen udaletxe guztietan: gorria, horia eta morea. 1936ko irailean, faxistak herrian sartu zirenean, errepublikanoa kendu eta bandera espainiar gorri-hori-gorria jarri zuten, euskaldun askok piper-poto moduan ezagutu ohi duena. 1977ko urtarrilaren 19an ikurrina legalizatu zenean, nahiz eta Espainiako ministro Fraga Iribarnek esana zuen ikurrina legalizatu baino lehen haren gorpuaren gainetik pasatu beharko zutela, Orioko udaletxeko balkoian ikurrina ipini zuten, eta omenaldia egin zitzaien ikurrinari eta gerran gudari ibilitakoetatik bizirik zeudenei. Ikurrina hura Orioko udaletxekoa zen eta ezkutatuta egon zen erzillatarren etxean 1936an gerra hasi zenetik. Iñaki Lasa botikariak atera zuen bandera ilunpetik, legalizatzear zenean.

Alkateak bandera errepublikanoari ezetz

La Voz de Guipuzcoa egunkari errepublikanoak ondoko kronika hau zekarren 1931ko apirilaren 15eko zenbakian, Espainia osoan Errepublika aldarrikatu zen egunaren biharamunean: "Alkate anti-errepublikarra herriaren kontra".
"Atzo arratsaldean, Espainian Errepublika nagusitu zelako berria zabaldu zenean, Orion manifestazio bat eratu zen zenbait kale zeharkatu zituena, "Gora Errepublika!" oihukatuz. Alkateari gonbita egin zitzaion udaletxeko balkoian bandera errepublikarra zabaldu zezan, baina ez zuen onartu inola ere. Horren berri izan zutenean udaletxera joan ziren hiru gizaseme: Iturain, Salsamendi eta Mahabe jaunak, azken hau herriko maisua, eta saiatu ziren alkatea konbentzitzen alferrikakoa zela hari uko egitea; baina ez zuten lortu. Orduan, eskatu zioten eman ziezaiela areto nagusiko giltza eta beraiek zabalduko zutela bandera gorri-hori-morea; baina alkateak erabateko ezetza eman zion horri ere. Gauzak horrela, errepublika-zaleak beren kasa aretoan sartu, bandera hartu eta zabaldu egin zuten balkoian, plazan elkartuta zeuden herritarren txaloen artean.

Alkatea karabineroen kuartelean izan zen, eta mikeleteenean ere bai; laguntza bila, haiek lagundu ziezaioten bandera balkoitik kentzen. Alkateak lortu zuen bakarra mikeleteen kaboa berarekin udaletxera joatea, hango idazkaritzatik Gipuzkoako gobernadore zibilarekin telefonoz hitz egiteko; baina ez zuten harekin komunikatzeko modurik egin, haria etenda zegoen. Alkatea gauean bandera kentzen saiatuko zelakoan, herriko errepublika-zale sutsu batzuk etengabeko guardian geratu ziren.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!