Maitasunaren gozoa eta asunaren samina

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Iturain 2024ko ots. 24a, 14:00
Jesusa Mitxelena, Maria Luisa Karrera, Juanita Segurola, Maria Jesus Uranga eta Axun Goñi, Martin Lizasoren koruan, Donostiako Santa Maria elizan Haendelen Aleluya kantatzeko prestatzen.

Iñaki Iturainek otsaileko zenbakiko Oroimenaren Kutxa atalean Salsamendi familia izan zuen hizpide. Orain irakurgai da artikulua sarean. 

Maitasunak asuna du bere baitan, maitasunak aita du bere baitan, baina Maitasunak M (emea) du hasieran, eta Maita eta Asun. Esaldia Anjel Lertxundirena da, Letrak kalekantoitik liburuan dator. Anjelen liburuko hitz-jolasak gogoetarako aukeratik ere badu: bizitzan txandaka etorri ohi zaizkigu maitasunaren goxotasuna eta asunaren zakarkeria; maitagarri bata, mingarri bestea.

Axun Goñi Igoaren bizitza da horren adibidea. Axun nafarra da jaiotzez, Etxarri-Aranatzen sortu zen orain dela 83 urte, zortzi senideko familia euskaltzale batean. Etxarriko neska gazteak Donostiara jo zuen lanera, Aurrera jatetxera zerbitzari; handik Orioko Salsamendi hotel-jatetxera (Peñarenera). Han ezagutu zuen gero senarra izango zuen Jose Antonio Salsamendi. Senarra zinegotzi izan zen herriko udalean, eta arraun elkarteko zuzendaritzan ibili zen, klubaren urterik onenetan. Orain sei urte hil zen. Bost seme-alaba izan zituzten: Lourdes, Miren, Marijo, Jon eta Andoni.

Hitz errazekoa eta irekia da Axun, istorio-kontalari ona. Kontatu eta kantatu ederki egiten du, kontu kantari. Gabon egunean izan ginen haren etxean, bere eta bere senideen istorioak entzuten. Bizitzaren penduluan aritu zen, alde batetik bestera, gora eta behera, kale eta bale, bizitzaren onetik eta txarretik…

Berrogei urte daramatza kantatzen Orion. Aurrena, Martin Lizasoren koruan; gero, Salatxo abesbatzan, eta orain, elizako koruan. Eta gogoa duenean, nonahi, noiznahi. Kantatzeari ez dio utziko. Gabon gau hartan 12 senide elkartzekoak ziren. Gabon giroan familia elkartzeko ilusioarekin batera zebilkion, ordea, barren-barrenean, bost egun lehenago automobil batek hondartza aldean eman zion susto ikaragarria: ozta-ozta libratu zen autoak harrapatzetik.

 

Gotzaina, kantaria, arraunlaria…

Axunek Mikel Gartziandia Goñi lehengusu apaizaren erretratua erakutsi zigun, esanez San Sebastian egunean Palentziako gotzain izendatuko zutela. Era berean, Nora Zumeta Beraetxe neska gaztearen argazkia ere bai, Axunen erraina zenarena: seme Andoniren emaztea, gaitzak 38 urterekin eraman zuena.

Oroitzapenekin segituz, gustura ekarri zituen gogora Salatxo abesbatzan pasatutako urteak. Baina haserre gogoratu zuen Nafarroan Euskal Telebista emititzea debekatu zutenekoa: "Nola da posible gaur egun, XXI. mendean, Nafarroan ETBri ateak ixtea, euskarari mugak eta oztopoak jartzea, non eta Nafarroan, euskararen sehaskan!".

Gogoan zuen bere seme Jon Salsamendi arraun-entrenatzailea aurtengo udan Lapurdiko ontziarekin ibiliko dela, traineruen bigarren mailan, hirugarren mailatik bigarrenera igo den Orio B-ko entrenatzaile Anjel Larrañagarekin lehian, bere suhiarekin. Traineruen lehen mailatik bigarrenera jaitsitako Jon eta hirugarrenetik bigarrenera igotako Anjel, elkarren koinatuak, elkarrekin, elkarren kontra.

Axunen senarra Jose Antonio, orain sei urte ohean zegoen gaitzak jota batere indarrik gabe; otsailaren 14an, maiteminduen egunean, ohetik jaiki zen, emazteari musu emanez maitasuna adierazteko. Gizona egun hartan bertan hil zen, ordu batzuk geroago.

Etxeko pareta batean, Zarauzko sokatira taldearen argazkia dauka jarria, 1967an Espainiako Txapelketa irabazi zutenekoa. Axunen anaia Juanito Goñi eta Urtain boxeolari famatua tartean dira; oriotar bat ere bai: Itxaspe, Joxe Irastorza. Hamabost urte lehenago, 1952an, Itxaspe Orioko barran Virgen Carmeli arrantza-ontzian itotzeko zorian egon zen. Arrantzalearen larrialdia eta kirolariaren poz izugarria. Pertsona berberaren baitan, biak. Heriotza eta bizitza kulunkan.

Eta kontatu zizkigun bi istorio, liburu banatan plazaratzera iritsi direnak. Lehenengoa Manuel Lasarte zenak jaso zuen Enbor zarraren ezpalak liburuan (Auspoa saila, 1995). Bestea, Aranzadi Zientzia Elkarteko Javier Buces historialariak idatzitako 1970 modos de matar y morir, victimas mortales del franquismo en Gipuzkoa liburuan argitaratu da duela hilabete gutxi (2023). Batak komedia itxura du; besteak gehiago du tragediatik.

 

Apustua nork sardina zahar gehiago jan

Axunen gurasoek Orion ematen zuten uda beren azken urteetan, alabaren etxean. Aita Florentzio Manuel Lasarteren lagun handia egin zen. Oriora etorritako bi nafarrak, uda partean, Bikamiyotan egoten ziren solasean, hitz eta pitz. Etxarri-Aranatzekoak kontatu eta Leitzakoak buruan jaso, gero liburura eramateko. Zeinek sardina zahar gehiago jan! Holaxe idatzi zuen Manuelek Florentzioren apustua (testua egokituta dago):

"Florentzio Goñi Lizarraga Etxarri-Aranatzekoa da. Aurten (1993), 91 urte beteta dago, osasuntsu, zorionez. Andrea, berriz, Maria, 88 urterekin hil zen. Nik ezagutu nuen. Emakume zintzo ta leiala. Familia ugaria hazten nekatutako amak ezagun izaten du zahartutakoan zertan aritu den".

Florentziok, gazte denboran, umoretsu ta gozo ibilitako uneak ez dauzka ahazturik. Behin, Etxarri-Aranatzen gertatutako kasua da hau.

Baso lanean zebiltzala, larunbat gauetan etxeratzen ziren mutilak astelehen goizera arte; kuadrillan bazuten gizon zelebre antzeko bat, gorputzez txikia, baina apetituz ikaragarria. Pedro Artola izen-abizenez. Florentziok 17 bat urte zituen garai hartan. Igande batez, gaueko hamabiak inguruan, etxera zihoala, ostatu baten parean buila entzunda, barrura sartu zen. Han, Pedro Artola denak desafiatzen. Ostatua jendez beteta egon arren, Florentziok: Indarrean al hago, Pedro?. Eta Bai, hiri ere berdin jokatuko diat, nahi baduk, nork sardina zahar gehiago jan gordinik. Barrikatik hartu ta jan egingo dizkiagu. Hori entzunda, Florentziok: Nahiko ardoa bada, jokatuko diat; ta galtzen duenak ordaindu ditzala gastu guztiak.

Biak konforme, mahaian eseri ta hasi dira sardina zaharrak jaten, buru, tripa, hezur, isats eta guzti, azal edo eskamak kendu gabe, barrikan gaziturik zeuden bezala. Baina, ardoarekin lagunduaz, barrura dena. Jan dituzte dozena bana sardina zahar; eta Pedro Artola leporaino beteta, etsita: Nik aski diat, eta Florentziok: Aspertu al haiz? Nik beste bat jango diat, jokoa irabazteko!. Halaxe egin zuen. Beraz, batek 12 ta besteak 13. Baina Florentziok, gutxitxo ote zen-edo, ostatuko sukaldean zintzilik eta erdi lumaturik zegoen birigarroa ikusita, etxekoandreari: Hor daukazun txori hori emango al zenidake?. Eta etxekoandreak eskura eman. Gordinik jan zuen, buru, tripa ta guzti, zeuzkan luma bakarrak batere kendu gabe, sardina zaharrak bezalaxe, eta kontentu gure Florentzio, lotara joateko sabel aldea ederki berdindurik".

Horraino, Manuel Lasarte zenak liburura eramandako Florentzioren pasadizo xelebrea. Orain datorrena Axunen anaia Antonio heriotzara eraman zuen gertakari tragikoa da.

 

Guardia zibilen torturen ondorioz hila

Etxarri-Aranatzen jaiotako Antonio Goñi Donostiako Gros auzoan bizi zen emazte Karmen Urmenetarekin batera. Groseko Valverde inprenta-tailerrean egiten zuen lan. 39 urte zituela, abendu hasierako egun batean, Brigada Politiko-Sozialeko poliziek atxilotu zuten Donostiako Parte Zaharrean. Batzuek diotenez, Burgosko prozesuko epaiketaren kontrako manifestazioan parte hartzeagatik; beste batzuek, kalean zela lagunekin, lanetik atera ondoren eta kale-jantzian zebiltzan poliziek atxilotu zutela. Nolanahi ere, poliziaren komisaldegira eraman zuten, eta han eduki zuten inkomunikatuta hainbat egunez, eta torturatu egin zuten. Ondoren, Martuteneko kartzelara eraman zuten. Antonioren delitua: "Gora Euskadi askatuta" esan izana.

Handik egun batzuetara askatu zuten, aurrez lankideek 20.000 pezeta ordainduta, emazteak ezin ziolako dirutza horri aurre egin. Jasotako torturen ondorioz, depresio sakonean murgildu zen Antonio, eta abenduaren 21ean (Santo Tomas egunean), bere buruaz beste egin zuen etxean. Dirudienez, idatzi bat utzi zion emazteari bere heriotzaren erabakia eta motiboak azalduz: "Neri (sic) zakur hauek hil naute. Barkatu, errezatu nigatik". Gutuntxoa galdu egin zen, heriotzaren ondoren poliziak bertaratu zirenean. Karmen emaztea Etxarrira itzuli zen bizitzera. Kasua ez zuten ikertu, eta sekula ez da izan ez zigorrik, ez epaiketarik.

 

Heriotza eta jaiotza

Axunen anaiaren heriotzak ia bat egin zuen denboran Axunen seme zaharrena jaiotzearekin, Jon Salsamendi Goñi 1970eko azaroaren 27an jaio baitzen, hilabete ere ez Antonioren heriotzarako.

Jon jaio zen egun hartan bertan egin zuen bere aitak Orioko Arraun Elkartearen bazkide. 2017an, entrenatzaile moduan, Orioko traineruarekin Kontxako bandera irabazi ondoren, zazpi hilabete lehenago hildako bere aita gogoan, zerutik zetozen euri tantak aitaren emozioak isuritako negar-malkoak zirela esan zuen: pozaren negarra.

Istorio horiek denek egoki dakarte gogora Andu Lertxundiren esaldiko hausnarketa. Jonek aitari, eta Axunek bere aitari eta anaiari zien maitasuna erakusten dute. Emeki. Aitarenean, pozez; anaiarenean, saminez, asunak ondo irudikatzen duen minez. Bizitzaren bi aldeak, tragikoa eta komikoa, txanponaren bi aldeak balira bezala: aurkia eta ifrentzua.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!