Euskalkiaren erabilera (aspaldiko testu bat)

Gai bat baldin badago errekurrentea euskalgintzako jendearen artean hori euskara batuaren eta euskalkien gaia da. Euskaltzaleak sekula ez gara nekatzen horretaz eztabaidatzen :-)

Gaur goizean Pello Salaburuk gaiari buruzko artikulua idatzi du erabili.com atarian (http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1412670018) eta, ondoren, lagun arteko txio-trukaketa baten ostean, gogora etorri zait neronek ere banuela horretaz testu labur bat idatzita, aspaldikoa, eta hona ekartzea erabaki dut, matrakari bueltak ematen segitzeko, hori da-eta gustatzen zaiguna :-)

1995ean idatzi nuen testua eta berriro irakurtzeak balio izan dit konturatzeko zer gutxi aurreratu dugun eztabaidan, Pello Salaburuk gaurko artikuluan erabiltzen dituen arrazoi eta are adibide bertsuak erabili nituen-eta neronek orduko hartan; askoz kaskarrago adierazita, bistan denez.

Testuingurua emateko: 1995ean argitaratu zuten Aretxabaletan liburutxo bat (‘Aretxabaletako idazkera liburutxoa’ izenarekin), argibideak ematen zituena ‘atxabaltarrentzako’ testuetan erabiltzea komeni zen hizkuntza ereduari buruz. Han proposatzen zirenak gogortxo iruditu eta gutuna idatzi nien, nire ikuspuntua azalduz.

Hau da idatzi niena:

Hainbat ohar Aretxabaletarako idazkera liburutxoari

Gustura irakurri dut KARKARAra bidali berri diguzuen lana, ‘Aretxabaletarako idazkera liburutxoa’ izena duena. Gure aldizkarian sarri eztabaidatu dugu zuen idazkera liburuan jorratzen duzuen gaia: nola uztartu hizkuntza estandar nazionala eta Orioko herritarrei bereziki zuzendutakoa? Noraino makurtu estandarrari guztiz funtzio lokala duen aldizkari batean? Gaiak askotan sortu ditu ezbaiak gurean, nahiz ez garen kapaz izan zuek eman diozuen trataera egoki eta sistematizatuan agertzeko. Zorionak, hortaz, ekimenagatik.

Mamira jo aurretik azaldu beharko dut, baita ere, zuen lanak interes berezia sortu duela nigan, lanbidez euskara teknikari bainaiz Orioko Udalean eta sarri samar tokatzen baitzait herritarrentzako testuak sortzea edo itzultzea. Administrazioko hizkera egokitzeko azken urteotan egiten ari diren saioekin oso lotuta ikusten dut nik aztertzen ari garen gaia. Hala ere, administrazioak, berez, estandarraren aldeko joera du eta baliteke nire iritziak joera horrek kutsatuta egotea. Hori ere kontuan hartzekoa da, beharbada.

Zurikeriatan ez galtzeko, labur-labur azalduko dizkizuet zuen lanak gogora ekarri dizkidanak:

1.- Abiapuntu hartzen dituzuen irizpideekin guztiz bat nator. Samur idatzi behar da, batuaren oinarrizko erabakiak errespetatuz eta tokian tokiko hitz eta aukera sintaktikoak erabiliz. Berdin esango nuke ‘Keep readers in mind’ delako horrekin eta belarria erabiliz idaztearekin. Teorian, hortaz, ez dago arazorik.

2.- Praktikan, ordea, urruntxo joan ote zareten inpresioa eman dit zuen lanak. Zaila da jatortasunaren eta jatorkeriaren arteko muga definitzea; baina ez dakit, bada, bigarrenetik gertuegi ez ote zabiltzaten zenbait aukeratan.

Sarrerakoan esaten duzuen bezala, hizkuntza guztietan planteatzen da arazo hau, baina, nik uste, ezagutzen ditugun inguruko hizkuntzetakoek ez dute hain muturreko aukerarik egiten. Estandarretik gertuago mugitzen dira normalean eta hortik asko urrutiratzen direnean jatorkeria (akaso arlotekeria, hobeto) adierazteko izaten da (‘Me paíce que l’as fastidiau’ estilokoak, gaztelaniaz).

Muga definitzea zaila dela esan dut dagoeneko, baina, gaur egun, Euskal Herri mailako euskarazko hedabideak zabaltzen ari diren honetan (ETB 1, Euskadi irratia, Egunkaria, Argia…), estandarrak bide dezente du egina, eta ez dut uste egoki denik hortik gehiegi urrutiratzea.

Inguruko hizkuntzak gu baino lehenago hasi ziren estandarizazioaren bidea korritzen, eta haiengandik ikas dezakegula iruditzen zait. Jarriko al genuke Sevillako herri txiki bateko aldizkariko editorialean estilo honetako ezer: ‘Zomo la mejó revizta qu’a zalío a la calle’. Niri, benetan, ‘ezetz pentsetan jata’ (‘me paíce que no’).

3.- Hiztegiko aukeretan ere pixka bat pasa egin zaretela uste dut. Konforme, ez da ‘anitz’ erabili behar Aretxabaletan (Orion ere ez, jakina), baina zer irabazten dugu ‘hazurdura’ erabiliz ‘hezurduraren’ partez?

Nire iritziz, hiztegi batuko formak erabiltzera jo beharko genuke herri aldizkarietan ere; endemas, ulertzeko arazorik sortzen ez denean. Egia da hiztegi batua ez dagoela oraindik finkatuta, baina oinarriak jarrita ditu dagoeneko eta aurrelan handia dago eginda. Ez naiz ari esaten aberastasun dialektala zaindu behar ez denik edo bako, ei, txarto eta antzekoak zokoratu behar dituzuenik. Inola ere ez. Baina ez dut ikusten zer irabazten dugun, esate baterako, ‘pake’ erabiliz ‘bake’-ren ordez. Euskal Herrian argitara eman diren azken urteotako hiztegi guzti-guztietan forma normalizatu bakarra nagusitu denean, horren alde egin behar dela uste dut, bestela nahasmendua sortzen ari gara.

Berriro diot, ulermen arazorik sortzen ez denean egin behar da hori, batez ere; seguru nago atxabaltar batek berdin-berdin ulertuko duela ‘hezurdura’ zein ‘hazurdura’, ‘bakea’ zein ‘pakea’ edo, urrutixeago joanda, ‘euskara’ zein ‘euskera’. Zergatik ez, orduan, batuan ‘de facto’ nagusitu den forma erabili? Adibide zerrenda luza liteke gehiago: esate baterako, ez dut ulertzen zertan irabazten dugun bilerak ‘6retan’ eginda ‘6etan’ egiteko partez. Euskaltzaindiak emana du horri buruzko arau oso zehatza eta bere horretan aplikatuko nuke nik, ulertu igual-igual ulertzen baita, eta horrela ebitatu egingo baitugu herritarrei gauzarik sinpleenetarako ere dozena erdi bat eredu eskaintzea. Badakit eztabaidagarria dela (etxean bertan eztabaidatzea tokatzen zait eta), baina ni horren aldekoa naiz.

4.- Orain arte esandako guztiak testu propioetarako balio du, hau da, geronek sortutako testuetarako. Elkarrizketetan askoz libreago joka litekeela uste dut.

Eskatu zenuten bezala, eztabaidari nire ekarpen txikia eransteko asmoz aritu naiz, eta ez naiz gehiago luzatuko. Umil-umil egindako ekarpena da nirea, inondik ere, eta eztabaida sortzeko lagungarri bada, pozik geratuko naiz.

Besterik gabe, jaso ezazue nire agurrik beroena.

Orio, 1995eko urriaren 10a

Jabier Zabaleta
KARKARA aldizkaria

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!