Oriako Itsasadarra eta Motondo (eta II)

Erabiltzailearen aurpegia orainorio 2015ko api. 10a, 10:02
2015-2018 legealdian seguruenik Motondoko itxiturari zein irtenbide eman erabakiko da. Ez gara hutsetik hasten. Europako Batzordeak eta Eusko Jaurlaritzak ezarritako esparruan oinarrituz, ideiak eta proiektuak mahai gainean jarri beharko dira.

Aranzadi zientzia elkarteari esleitu zion Orioko Udalak 2011 urteko urrian Motondo berreskuratzeko proiektua eta 2012ko urtarrilean aurkeztu zuen jendaurrean natur balioen azterketa.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzaren 2012ko urriaren 22ko Ebazpenaren bidez Orioko Udalari 116.715,72 euroko diru laguntza ematen zaio “Motondo berreskuratzea plana” izeneko proiektua gauza dezan.

Orioko Udalak, Aranzadi Zientzia Elkartea, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzarekin batera, Motondo itxituaren berreskuratze prozesuaren nondik norakoak azaldu zituen Kultur Etxean 2012ko abenduaren 12tik 22ra. Atal eta azpiataletan banatutako proiektua eta fase desberdinetan bereizturik, “Motondoko Ingurumen Balioak Berreskuratzeko Proiektua” garatzeak 3 milioitik gorako kostua du.

2013ko apirilaren 25ean egin zen Hirigintza eta Ingurumen batzordean Orain eta Bildu udal taldeek proiektuaren alde agertu ziren. EAJ udal taldeak denbora eskatu zuen erabakitzeko eta 2013ko uztailaren 2ko batzordean horrela erantzun zuen: “ez dute momentu egokia ikusten proiektua gauzatzeko ez delako lehentasunezkoa eta bizi dugun egoera ekonomikoagatik”.

Proiektua garatzeko orduan Orain plataformak bat egin zuen udal teknikarien arrazoiekin (eskumen inpropioa da, lurrak izaera patrimoniala du eta kudeaketa udalaz gaindiko erakunde bati dagokionez, lurrak erakunde eskumendunaren esku utzi eta inbertsioa berreskuratzen saiatu behar da aurrena).

Zerikusia duten erakunde guztiekin bilera egitea behin eta berriro eskatu dugu. Ematen duenez eskaerari muzin egin zaio eta proiektua onartu zenetik ez da, ofizialki behintzat, inongo bilerarik egin. Bi urtetara goaz (2013-2015) saiakerarik egin gabe.

Hori horrela, berriro ere berbera eskatzen dugu: inplikaturik dauden erakundeetako politikariekin eta teknikariekin bilera egin, konponbideetara iritsi eta Motondo berreskuratzeko onartuta dagoen proiektua garatzeko bidean jarri.

Hau da askotan galdetu duguna eta oraindik erantzunik gabe dagoen galdera:

  • Zertarako erosi zen Motondoko itxitura?

Hona hemen eragile sozialek erantzun beharko ditugun galderak:

  • Zer egin nahi da Motondon eta zein proiekturekin?
  • Motondoko lurrak erosteko gastatu zena berreskuratzeko ahaleginetan bat gatoz?
  • Hala bada, nola planteatu behar dira hurrengo pausuak?

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!