Zein maite duzu gehiago, ama ala aita?

Erabiltzailearen aurpegia orainorio 2015ko mai. 14a, 14:47
Maiatzaren 24ean Udal hauteskundeak direla eta herriko elkarte eta erakunde desberdinekin bilerak egin ditugu azken aste hauetan. Apirilaren 23an Zaragueta Herri Eskolara joan ginen Orain herri plataformako hiru ordezkari bertako zuzendaria eta hogeitabost bat gurasoekin elkartzeko.

Izan direnak eta izango direnetaz hitz egin genuen azkar pasatu ziren hiru orduz eta informazioa eta ikuspuntuak elkartrukatu genituen.

Hiruzpalau gai nagusienak bezain garrantzitsuak aipatzearren, publikoa eta pribatua hitzen esanahiak eta izaerak, eskubideak eta betebeharrak izan zen bat. Orain hamarkada batzuk bi hitzen bereizketa errazagoa zen baina gaur egun zailagoa egiten zaigu guztioi jakitea non hasten den bata eta non bukatzen den bestea. Zuria eta beltza? Tartean tonalitate asko daude. Garbi daukaguna zera da: hezkuntza jasotzeko eskubidea dugun zerbitzu publikoa da.

Ikasgela bat gehiago aurreikusten denez datorren ikasturterako, egin beharreko egokitzapenak egiteko Udaletxera jo dutela informatu zitzaigun. Galdetu genien ea eskola publikoak dauzkaten gabeziak eta espazio faltak konpontzeko urtero ateratzen den Udalaguntza deialdira “hezkuntza-administrazioaren mendeko ikastetxeak dauden udal jabetzako eraikinetan obrak egiteko gastuak finantzatzeko”, azkena 2014ko azaroaren 18an, Udaletxeak aurkezteko eskaera egin duten. Eskaera Udaletxean hitzez egin zela eta ezetza jaso zutela izan zen zuzendariaren erantzuna. Orain taldekoek, udal gobernuan egonda, ez geneukagun horren berri. Gero begirada okerrak eta gaizki-ulertuak etortzen dira. Hurrengoan prozedurak betetzeko eta eskaera idatziz sartzeko eskatu genion.

Galdera ¿? bat bota zen, zein maite duzue gehiago: ikastola ala eskola? Ez dakigu garbi gelditu zen edo konbentzitu genituen baina azalpena hau izan zen: gertutasunak ematen duenetik eta era pertsonalean, seme-alabak ikastolan ditugulako, gertuago (maiteago esan badaiteke) ikastola dugula baina maila politikoan ez dugula desberdintasunik egiten edo saiatzen garela ez egiten esan genuen. Bueltan beste galdera hau bota genien beraiei: zein maite duzu gehiago, ama ala aita? Ziurtasunak ematen duen segurtasunarekin erantzuna hau izan zen: ama.

Informatu genien Zaragueta eskolako bi guraso gonbidatuak izan direla Orain herri plataforman parte hartzeko eta, bakoitzak bere arrazoiengatik, ez dutela pausua eman. Horrekin azaldu nahi geniena zera zen: ez daukagula ezer ezkutatzeko, arrazoiak mahai gainean jarrita saiatzen garela arazoak konpontzen eta erabakiak hartzen, amarenak izan edo aitarenak izan.

Eskolan DBHa ezartzeko ibilbideaz ere hitz egin zen eta batzuetan guk geneuzkagun informazioak ez zetozen bat esaten zenarekin. Agindu genuen ditugun datuekin historikoa egingo dugula eta gure “egia” hor azalduko dela.

Azkeneko unetan, eta ondorio gisa esan daiteke, Udaletxeak omen dituela kulpa guztiak esan zitzaigun. Ez genuen argitu azken legealdi honetako udaletxeak dituen kulpak ala aurrekoak ere bazituen. Uztailean beste bilera bat egiteko gelditu ginen eta galdetuko diegu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!