Hezkuntza batzordean arduraz

Erabiltzailearen aurpegia orainorio 2016ko api. 28a, 15:11
Laster bost urte beteko dira Orain taldea Udaletxean dagoela eta oraindik batzuk ikastolako plataforma dela esaten digute. Gai asko eta asko jorratu eta landu ditugu Udaletxeko jardunean eta aurrez aurreko eztabaidetan berdintasun batean eta aurreiritzirik gabeko tirabiratan atera dira gaiak baina Hezkuntzakoak izan direnean ez da horrela gertatu.

Ez gara hasiko berriz azaltzen egia dela Ikastolako hitzarmena lortzeko bileretan ibilitako batzuk Orain taldea sortu zutenen hogei pertsonen artean zeudela, ez gara hasiko 2011eko hauteskundeetarako atera genuen eskuliburuko egitasmoak berriro irakurtzen. 

Bai aurreko legealdian eta baita oraingoan hezkuntzari lotutako eskaerak, arazoak eta gorabeherak argitzeko bilerak eta hartu-emanak izan ditugu, alde bikoak eta askotarikoak. Hezkuntza zerbitzu publikoa denaren ikuspuntutik jo dugu, bi ikastetxe nagusiekin ahalik eta objektiboen jokatzeko ideiarekin (Herri Eskolako DBH eraikinaren aldeko botoarekin, Ikastolako DBH eraikinaren diru-laguntzaren baiezkoarekin, bi ikastetxeen hitzarmenen eguneratzearen baiezkoekin, Herri Eskolako autobusa ordaintzeko eskaerari ezezko botoarekin, urruti bizitzen diren oriotar guztiei autobus eskubidea zabaltzen ez zaien bitartean, edozein izanda hautatuko ikastetxea). 

Ikastola eta Herri Eskola, Herri Eskola eta Ikastola, gira eta buelta, buelta eta jira, entzun behar izan dugu bietatik zein maite dugun gehiago, gure ahotan jarri izan dira inoiz esan ez ditugun hitzak, aurpegi ilunak eta trabeskako begiradak. 

Urtera doan 2015-2019 legealdian eskaera berriak ditugu mahai gainean: Herri Eskolako handipen proposamena eta hitzarmenaren berrazterketa. Ikusita eragile batzuk nola jokatu duten eta zelako erabilera egin duten gure jardunarekin -kopetan dirudienez daramagun markarekin- eta erabakiak hartzerakoan aitzakia bezala erabili dutela Orain taldea -jardun “naturala” oztopatzen ariko ginen bezala- erronka berri hauen aurrean duela hilabete batzuetara taldera eramandako ideia baten alde onak eta ez hain onak eztabaidatu ditugu. 

Baikortasunez pentsatu eta hau erabaki da Orain taldean: Hezkuntza batzordean etorkizunean aterako diren egitasmo eta proiektu guztiei baiezko botoa emango zaie. Hezkuntzaren alde bozkatuko dugu kasu guztietan. Gauzak ez badira lortzen ez da izango Orain taldeak oztopoak jarri dituelako.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!