Gaixotasuna, miresmena eta sagardoa

Erabiltzailearen aurpegia orioarraunean 2023ko urr. 19a, 11:37
1901eko Kontxako Bandera irabazi zuen Orioko traineruak, Manuel Olaizola patroi zela. (Argazki zaharra)

Orio Arraunketa Elkarteak zuzendaritza talde berria aurkeztu du aste honetan, eta Joxemari Olasagasti elkarteko bazkideak honako iritzia idatzi du horrekin lotuta. 

Gaixotasunak jota gaude arraunzale oriotarrok. Urriak 17ko ekitaldian izan ginen ia 200 pertsona ez ginen gai izan Jon Salsamendi eta Anjel Larrañagari buruzko gaur egungo egoera argitzeko. Ez aipamenik, ez galderarik. Ez aurrekoak, ez erdikoak, ez atzekoak. Ordua eta tokia ziren. Egoera zuzena finkatzeko garaia, baina ez ginen gai izan. Orain, milaka bertsio, gaizki-ulertu, irrati, egunkari, haserre ugari. Gertatutakoa ez da osasuntsua. Gaixorik gaude.

Bi pertsona horien gidaritzapean 125 garaipen lortu dituzte oriotarrek gizonezko absolutu mailan azken zazpi urtetan. Laburtuz, hor ditugu besteak beste FER txapelketak zortzikoan, skull laukoan (2) eta lemazain gabeko laukoan. Euskadiko eta Gipuzkoako txapelketak zortzikoan. Baita bateletan ere Gipuzkoa eta Euskadi Txapelketak. Traineriletan Gipuzkoako Liga eta Txapelketa. Trainerutan, Donostiako Estropadak, EuskoLabel Liga (zazpi urtetan 19 estropada garaipen), bi KAE2 Liga (zazpi urtetan bandera mordoska irabaziz), ea, ea...

Goi-mailako elite-lehia gogorrean Salsamendik duin eta serio defendatu gaitu eta Larrañagak eginiko lana…  Ai ama! Ezin hitz egokirik aurkitu bere ahalegina definitzeko. Zazpi urtetan eguna joan eta eguna etorri gazte-kuadrila hartu eta lanera, inguruko errio eta itsasotara, estropada tristeetan parte hartzera, saritan ez dirurik, lau ikusle fanatiko bertan, ez irrati, egunkari, telebistarik inguruan. Guztia gazte kuadrilek aurrera pausoak eman zezaten ahaleginetan.

Hemendik eta biei, Orio AEko bazkide bezela nire eskerrik beroenak eman eta aldi berean miresmena aitortu nahi diet.

Ondo baino hobeto dakit, -20 urte pasa nituen talde zuzendaritzan-, elkarteko jardueran erabakiak hartzea latza izaten dela. Asmatzea are eta zailagoa. Dena den, horretarako zaude Gida Batzordean, ERABAKITZEKO. Erabaki bakoitzak albo-kalteak sortzen ditu, loturak, hausturak, pozak eta haserreak. Pertsonen gain ondorioak izaten dituzte eta bat-batean bukatzen zaizkizu izandako harremanak. 

Badirudi, aurtengo eta gaur egungo egoera ikusita,  Orion ez dugula ikasi, ez dugula aplikatu, erabaki horiek hartzeko behar den prozedura egokia eta osasuntsua. Horregatik gaude gaixo, oso gaixo. Herria tumorizatuta daukagu.

Zuzendaritza talde berriari dagokionez, horrelako gazte kuadrila batek, Orioko klubak duen karga astunari eusteko prest daudela jakiteak txalo zaparrada merezi du. Eta horretaz gain, harrobiko, arraun eskolako lanari ekiteko koordinatzaileak eta entrenatzaile taldea hamabi pertsonez osatua dagoela entzuteak poza ematen du. Lasaitasuna Patxik eta Rafak nesken traineruearekin jarraitzen dutela jakiteak; kezka nagusia KAE1 eta TKE traineruen arduradunak zehaztu gabe daudela jakiteak.

Plan estrategikoari buruz

Bestalde, aurkeztutako plan estrategikoari helduko diot. Bada, aurkeztutako lau urtetarako plan erraldoi honetan -paperak guztia onartzen du-, eta betiere nere iritzia, bazkide ziztrin eta urteetan aurrera doan oriotar baten iritzia dela azpimarratuta, proiektu onak eta txarrak entzun nituen. Baita beteezinak ere.

Erreferente hitza aipatu zen bertan. Gaur egungo arraunKAOSetxe eraikineko funtzionamenduan dagoen jarduera ikusita, ez dut esango Orio herri bezela erreferente izango ez denik ongizate eta helduen kirol-osasuntsua zaintzagatik, baina bai esango dut ozenki Orio AE goi-mailako arraunketaren erreferentzia hortatik urrundu egingo dela.

Hor dagoen zikulusaltsan, goi-mailako arraunketak behar duen baldintzetatik urruti ikusten dut  gaur egungo arraunKAOSetxe eraikineko funtzionamendua. Horrela ezin da kirol errendimendu onena atera.

Joxeluis Gozategi Kallabarrok esaten zuen bezela: “Guk etzaukau eskapatoriarik”, aldaketaz-aldaketa, datozeinei lagundu eta listo.

Ea bada, talde berri honek oriotarren gaixotasuna sendatzeko txertoa sortzearekin batera, pitarratik hasi eta sagardo mundiala lortzen duen… hortik aurrera hasiko gara txanpainari buruz pentsatzen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!