Udalbiltzako 22 auzipeturi elkartasuna

Ezker Abertzalea, Aralar eta EAko zinegotzi eta zinegotzi ohiek Orioko Udal Batzar Aretoan Udalbiltzako auzipetuei elkartasuna helarazi zieten prentsa agerraldiaren bidez.

udalbiltza-prentsa2009.jpg

 

NAZIO ERAKUNDEAK ERAIKITZEKO ESKUBIDEA DUGU, BIZI BEDI EUSKAL HERRIA !

-.Espainiako Auzitegi Nazionalak Udalbiltzako 22 ordezkari eta langileen aurka abiatu asmo duen epaiketa politikoa dela eta, udal hautetsi eta hautetsi ohien salaketa adieraztera gatoz eta, aldi berean, Euskal Herrian nazio-erakundeak eraikitzeko eskubidea aldarrikatzera, bide batez auziperatuoi gure elkartasuna modu praktikoan ere adieraziko diegularik.

-.Udalbiltzaren jaiotza ekarriko zuen lehen bilkura hartan egon ginen gutako asko, Iruñean. 317 herritako 666 udal ordezkari, sentsibilitate politiko ezberdinekoak, baina ideia komun bati jarraituz: XXI. Mendean Euskal Herriak bere erronka guztiei erantzuteko herrialde guztietako ordezkari demokratikoak batuko zituen egitura instituzionalak behar zituela. Udalak izanik herritarrengandik gertuen eta Euskal Herriko lurralde guztietan presente dauden instituzioak, udal oinarria hartuko zuen lehenengo erakunde nazionalak.

-.Lan instituzional hori, izaera publiko eta demokratikoa duena, epaitu eta zigortu nahi dute egin, inolako funts juridikorik gabe. Eta udal hautetsi zein hautetsi ohi garen heinean, ezin dugu hori beste barik onartu. Bai, ordea, salatu.

-.Elkartasun eta salaketa zeregin hori praktikoa izango dela aurreratu dizuegu. Eta hona hemen lehenengo zeregina: Nazio Batuetako Giza Eskubideen Batzordera, Europako Batzordera eta OSCE erakundera bideratuko den hautetsien manifestua sinatu dugu Euskal Herri osoan udaletan ordezkari garen edo eta izan garen pertsonak. Manifestu hau herriz herri eta eskualdez eskualde zabaldu eta hautetsi eta hautetsi ohien atxikimendua lortu dugu, eskualde honetako ….ena eta Euskal Herriko 1.500etik gora.

-.Era berean, gaurko hitzordu hau aprobetxatu nahi dugu Euskal Herria aintzat hartzen duten ideologia eta lurralde guztietako udal hautetsi eta hautetsi ohiei dei egiteko, euren atxikimendua eman dezaten.

-.BAI UDALBILTZARI SAREA sortu dugu, Auzitegi Nazionalean emango den epaiketari erantzuteko, eskubideen urraketak salatzeko. Partaidetza anitza eta irekia bilatuko dugu, epaiketa honek suposatzen duen injustizia salatu nahi duten hautetsi eta hautetsi ohi orori irekia dago.

-.Udalbiltzaren kontrako auziaren Autoa publiko egiten denean, abian jarriko ditugu salaketa ekimen guztiak. Auzia desitxuratu nahian, erantzuna desaktibatu nahian, Autoaren tramitazioa itxuragabe luzatu dute, sei urte baino gehiago. Ziur gaude oraingoan ere herri honek behar bezalako erantzuna emango duela eskubide zibil eta politikoen urraketa honen aurrean.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!