UDALBITZAREN AURKAKO ERASOAREN 6. URTEMUGAN EUSKAL GIZARTEARI GUTUNA

UDALBILTZAK bere jardunean erakutsi duen bide oparoa zapuztuta geratu zen 2003ko apirilaren 29an Madrileko Auzitegi Nazionalak polizia nazionalarekin burutu zuen erasoagatik. Egun hartan UDALBILTZAK Astigarragan, Iruñean eta Bilbon zituen egoitzetan sartu, materiala eta ordenagailuak hartu, egoitzak prezintatu, kontu korronteak blokeatu, Zuberoan garapen egitasmoak bultzatzeko herritarrengandik bildutako 400.000 euroak lapurtu, UDALBILTZA eta euskal garapen eta Kohesio Fondoari suspentsioa ezarri eta 13 pertsona atxilotu eta espetxeratu zituzten UDALBILTZAko arduradun zein langileen artean. Nazio eraikuntzan zein udalen arteko elkarlanean emandako urratsak geldiaraztea zen eta da beren helburua. Horregatik UDALBILTZAren aurkako auzia bizkortu eta jada epaiketaren atarian gaude. Sumario honetan 22 pertsona daude inputatuta eta zigor eskaerak 10 urtetik 23 urteetara iristen dira.

1999ko irailean "UDALBILTZA,  Euskal Herriko Udalen eta Udal Hautetsien Biltzarra", nazio-instituzioa sortu zenean, bost printzipio eta helburu bere gain hartu zituen, hala nola:

* Euskal Herria nazio gisa aldarrikatzea, bai Euskal Herrian bai nazioartean.

* Beronen egituraketa politikoa eraikitzen laguntzea.

* Nazio eraikuntza bultzatzea.

* Eta udalerrien arteko harremanak eraikitzen laguntzea hizkuntzaren, kulturaren, kirolaren, ingurumenaren, lurralde antolaketaren, ekonomiaren garapenaren eta ongizatearen alorrean, besteak beste.

Helburu hauek zazpi lurraldetako ia 1.800 udal hautetsik aho batez erabaki zituzten.

Helburu hauen gauzapenean, nazio-eraikuntza praktikoan hainbat ekimen eraman ditu aurrera. Zailtasunak zailtasun, oztopoak oztopo, zatiketak, konpromiso maila eta atxikimendu maila ezberdinak egonik ere, oparoa izan da UDALBILTZAk egindako jarduna eta aurrerantzean jorratu beharreko bidea erakusgai utzi du gure gizartean. Hor daude adibidez:

* Euskara eta hezkuntza arloan Kontseilua, Ikastolen Konfederazioa edota Sortzen-Ikasbatuaz-ekin sinaturiko elkarlan hitzarmen estrategikoak.

* Hizkuntza Eskubideen Behatokiaren sorrerari emandako bultzada.

* Euskal Herriko Naziotasun Aitormena agiria.

* Xiberoa Garatzen egitasmoa herrialdeak bizi duen despopulazioari aurre egiteko.

* 2002ko abenduan ospatutako Herrien Eskubideen aldeko Nazioarteko Konferentzia, bost kontinenteetako ordezkariak bildu zituena.

* Euskal Herriaren Eskubideen Karta.

* " Euskal Herria demokraziaranzko eta bakeranzko bidean" izeneko agiria.

* Nazio Eztabaidagunea sortzeko proposamena.

* Nazio Garapenerako Biltzarrarekin elkarlanean nazio planeko egitasmoak.

* eta beste abar luze bat.

Azpimarratu beharra dago guztion artean onarturiko bost printzipioen garapena direla ekimen hauek.

Bestalde, sumario honetan jasotzen diren delituak goian aipaturiko ekimenak baino ez dira, besterik ez da azaltzen. Ukatu egiten dute UDALBILTZAren izaera instituzionala. Herri eta udal oinarria duela ezkutatu nahi dute. Euskal gizarteak aukeraturiko udal-hautetsien esku ardura eta erabakia egoteagatik duen zilegitasun demokratikoa ezkutatu egin nahi dute. Euskal nazioaren berreskurapenean urrats sendoak emateagatik eta euskal nazioaren instituzionalizatzean zutabeak eraikitzeagatik UDALBILTZA txikitu nahi izan dute.

Erasoaldi horren 6. urtemuga ospatzen den egun honetan zera adierazi nahi diogu euskal gizarteari:

1. Amets gaizto honetan harrapatuta dauden 22 hautetsi-ohi eta langileei gure elkartasuna eta berotasuna adierazi nahi diegu. Era berean, egun hauetan burutzen ari den mugimendu antierrepresiboaren aurkako epaiketan dauden pertsonei gure elkartasuna eta berotasuna adierazten diegun moduan, baita eskubide zibil eta politikoak zapuzten dituzten sumarioetako inputatu guztiei.

2. Epaiketa honetan 22 pertsona hauetako espetxe zigorraz gain, UDALBILTZA eta Euskal Garapen eta Kohesio Fondoaren disoluzioa bilatzen dute Madrilen. Hau da, eraikuntza nazionaleko dinamikak, euskal instituzionalizatze dinamikak, udalen arteko auzolan ekimenak kriminalizatzea bilatzen dute Euskal Herrian gertatzen ari den aldaketa politikoa zapuzteko. Kriminalizatze dinamika horretan irentsia izateko arriskua eremu sozial, kultural eta politiko gero eta zabalagoetara iristen ari da.

3. Elkartasun dinamikek eraginkorrak izan behar dute. Ezin daitezke hitz hutsean edo argazki hutsean geratu. Konpromiso eta esfortzu zehatzak eskatzen dituzte, Auzitegi Nazionaletik datorren bidegabekeria salatzeko, bere izaera antidemokratikoa agerian uzteko, UDALBILTZA instituzioa gure ondare bizi eta eraginkor gisa defendatzeko eta gure Herriaren eskubide politikoak berreskuratuko dituen aldaketa politikoan sakontzeko.

4. Horregatik horren garrantzitsua da aldarrikatzea: UDALBILTZA herri honetako gehiengo politikoaren babesarekin sortu eta ezaugarritu da; UDALBILTZA ezinbestekoa da Euskal Herriaren nazio-aitortzaren, lurraldetasunaren eta erabakitzeko eskubidearen alde aurrera egiteko; UDALBILTZA udaletatik abiatzen den euskal instituzioa da; UDALBILTZA  euskal gizartearen eta udalen ondarea da, beste inorena ez; UDALBILTZA ez da alderdi politiko batzuen tresna, herri eta udal sustraiak dituen nazio instituzio bakarra baizik; UDALBILTZAK desadostasunak bere barnean jaso behar ditu, instituzioari berari errespetua zor zaion bitartean; UDALBILTZA defendatzea ezinbestekoa da.

5. Amaitzeko, auziperatuak dauden 22 pertsonei babesa emateko eta ilegalizazio arriskuaren aurrean  UDALBILTZA defendatzeko bide eraginkor bakartzat UDALBILTZA  berrindartzea jotzen dugu. 1999ko irailean Euskalduna Jauregian erabaki genituen bost konpromisoak berretsi eta bost hauek erakusten duten bidean Euskal Herriaren zutabetze instituzionala gauzatzen joan: horixe eskatzen diegu alderdi ezberdinetako abertzale eta udal-hautetsiei. Konpromiso sendoa hartu dezaten UDALBILTZA sendotzeko, " UDALBILTZA gure instituzio nazionala da eta gure ondarea, gurea bakarrik" aldarrikatzeko, eta kontsekuente izanik, Euskalduna Jauregiko bost printzipioen garapenean herri honek behar duen aldaketa politikoa gorpuzteko.

                                                                                                          Euskal Herrian, 2009ko apirilaren 29an.

                                                                                                                                             UDALBILTZA  

                                                                                                                                      www.udalbiltza.net

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!