7 Gazte oriotar auziperatuak

Izenburuak dioen bezala, horixe dugu, martxoaren 4ko Udalbatzan, gazte batzuk eta udaltzainek izandako tirabiren azken ondorioa. Zazpi gazte hauek Donostiako epaitegian aurkeztu beharko dute apirilaren 23an, udaltzainek berek egindako salaketaren ondorioz.

Udaltzainen errua da, edo Jon Redondo alkatearen agindu baztertzailea eta adierazpen askatasunaren aurkako aginduari jaramonik ez egitearen ondorio bat? Hori baita agindu horren funtsa.

Guzti honen helburua Muntoko gaia (baita herriari iruzur egitea ere) ahalik eta isilen joan zedin zen. Eta horretarako eman zuen agindua. Gazteek ez zuten onartu eta espero zena gertatu zen.

Hala eta guztiz ere, garbi adierazten dugu 7 horietatik batzu ez zirela iskanbila horretan zain. Hor dago bideokamera, baina, zer kasualitate! Egun horretan ez omen zuen funtzionatzen. Non geratzen da udaltzaingoaren sinesgarritasuna?

Gu saiatu ginen gaurko egoera hau ekiditen, gauzak aurrera joan ez daitezen eta bilera bat bultzatu genuen horretarako, alderdi guztiak, udaltzainak eta gazteak gonbidatuz. Bilera horretan bere borondate ona erakutsi zuen bakarrak gazte taldea izan zen. Horren lekuko izan zen martxoaren 31ko udalbatzarrean OKK gazte asanbladak aurkeztu zuen mozioa. Bertan, autokritika bat egiten zuten eta, aldi berean, berdina eskatzen zioten alkateari. Mahaian geratu zen eskaera hau:

5 bozka alde ( 3 EAE-ANV + 2 EB/ARALAR)

                                   5 bozka aurka ( 4 PNV + 1 PSOE)

                                   1 abstentzioa ( EA)

Bigarren eskaera bat ere izan zen: epaiketa honek ekarriko dituen gastuen kargu Udala egin dadila. Hemen ere berdin, bost alde, bost aurka eta EAren abstentzioa.

Azpimarragarria da nola, bai PSOEko ordezkariak eta bai EAko ordezkariak, berriro ere, bere morroi PNVri amen egin dioten. Jakin, badakigu PNVk PSOEri zer eskaini zion: liberazioa eta diru ordaina; baina… Eugenio Cotadori, EAko ordezkariari zer?

Hala eta guztiz, eta alkateak gertakizunaren hurrengo egunean, Hitzan egindako adierazpenen arabera, bera jotzen dugu Udalbatzan gertatutakoaren arduradun nagusi eta erantzule zuzentzat. Bere ankerkeriaren ondorioak jasaten ari dira 7 gazte oriotarrak.

“Aupa Orio!”esaten duzunean, zer Orioz ari zara?

Guk, oriotarrak( pertsonak) ditugu gogoko eta ez zuk/ zuek bezala etxeak, eraikuntzak eta adreiluak.

Orioko herriari adierazi nahi diogu, gertaera hauen harira, EAE-ANV udal taldeak udaltzainekin bilera bat eskatu genuela. Hilabete igaro ondoren, ez dugu haien berririk.

Gure borondatea auzi hau bideratzea da, eta horretarako lanean jarraituko dugu eragile guztiekin, gauzak behar den bezala argitu arte, horrelakorik berriz gerta ez dadin.

Bukatzeko, GURE  ELKARTASUNIK beroena Orioko gazte asanblada eta bertako kide diren 7 auzipetuei. Azken hauek apirilaren 23an, eguerdiko 12:00etan, Donostiko Epaitegian aurkeztu behar dira. Animo guztiei, ea laster arazo larri hau denon artean konpontzen dugu!