Udalbatzarrean izandako mozioei buruzko gogoetak

Ohikoa denez, hilaren bukaeran, azkeneko asteartean, (urtarrilaren 29an, arratsaldeko 19:00etan) Udalbatzarra izan zen. Hainbat punturen artean, Orioko EAE-ANVko udal taldeak hiru mozio aurkeztu zituen:

1. Arrantza sektoreari buruzko hausnartze eta sustatze proposamena.  LAB sindikatuak bultzatzen du arrantza sustatzeko kanpaina. Kostako herrietan eta kofradietan lantzen ari da proposamen hau eta Euskal Parlamentuan zenbait alderdiekin bildu dira, harrera ona jasoz. Gu proposamen honekin ados gaude eta sektorea berpizteko ahaleginak egingo ditugu. Gure mozioa ez zen onartu: alde ANV-3+EB/Arl 2, kontra: EAJ-EA-PSOE.

EAJ-EA alderdiek mozio alternatiboa aurkeztu zuten, LAB sindikatua deskalifikatuz eta betiko erantzukizun eza eta epelkeria azalduz. Ezin dugu ulertu zergatik LABek plazaratzen dituen ekimen eta plangintza zehatzei muzin egiten zaien. Horrelako posturak mantenduz, arrantza sektorearen etorkizuna eta bideragarritasuna ezin dugu ziurtatu. LABen proposamenetako bat, instituzioen artean mahaia osatzea da: “Bertan parte hartu beharko lukete Eusko Jaurlaritzak eta arazo hau zuzenean pairatzen duten udalek”; baita ekintza plana proposatu ere. Eta horri ere, ezetz esan zioten. Noiz helduko diogu benetan gaiari? Sektore horrek dituen arazo serioei erantzuteko garaia dela uste dugu eta Udalak, arrantzale herria izan, eta egun, dela eta, zer egitekorik badu sektorea bultzatzeko, epelkerietan geratu gabe.

2. Torturen aurkako mozioa: Berriro ere, azken hilabetean  izan diren tortura kasuen larritasuna ikusita,  egoera hau salatzeko eta berriz ez gertatzeko, behar diren baliabideak jartzea proposatzen diogu Udalbatzarrari. Mozio horretan ageri den bezala, tortura era sistematiko batean erabiltzen du Estatuak, Inkomunikazio legeak zigorgabetasuna eta eskubideen urraketa sistematikoa ahalbideratzen baititu. Zoritxarrez, Espainiar Estatuak, PSOEren gobernuak, Euskal Herriaren aurka darabilen estrategien artean, torturaren erabilera ahalbideratzen du. Gure mozioa ez zen onartu.

EAJ-EA alderdiek beste mozio alternatiboa aurkeztu zuten; Igor Portuk atxiloketan zehar jasandako lesioei buruzkoa, kasu puntuala balitz bezala. Gure ustez, azken kasu hau, bere larritasunean barne, ez da bakarra izan (Mattin Sarasolak ere torturak salatu zituen); eta EAJ-EA-EB/Aralar alderdiei ausardia gehiago eskatzen diegu torturaren erabilpena (fisikoa, psikologikoa, eskubide politikoen urraketa etengabea…) gure herrietatik erabat desagertzeko eta ahalbideratzen dituzten bide polizial, judizial eta legegileak gaitzesteko.

3. Prekarietateari STOP! mozioa: lan baldintza eskasak lan istripuak eragiten ditu. 2007ko urtean 117 langile hil ziren lan istripuetan, eta milaka zauritu izan ziren. Aurten, dagoeneko 6 langile hil dira istripuen ondorioz, horietako bat oriotarra. Mozio hau ez zen onartu, EAJ-EAk gaia politizatu egiten genuela eta horregatik mozioaren kontra botatuko zutela adierazi zuten.  Alde: ANV-EB/Aralar 5 boto, kontra: EAJ-EA 5 boto, PSOE abstenitu egin zen. Berdinketa zenez, alkateak kalitatezko botoa erabili zuen mozioa ez onartzeko.

Gure ustez, egun langileriak jasaten duen egoera gordina, lan baldintza kaxkarrak eta segurtasuna eza salatzea eta horren aurkako neurriak jartzea eskatzea ez da gaia politizatzea. Gaiaren krudeltasuna agerian uztea eta dagoen arazoari aurre egitea bide zuzena dela uste dugu, eta ez EAJ-EAren jarrera arina eta hipokrita.

 

4.      EAJ-EA alderdiek Juan M. Atutxari, Kontxi Bilbaori eta Gorka Knörr-i babesa emateko mozioa aurkeztu zuten, euskal erakundeen aurkako epaiketa zela argudiatuz.

Mozio horri ezetza eman genion: Alderdiaren Legearen aplikazioaren  eragina zuzena izan da auzi horretan. Ezin dugu ahaztu, Atutxak, nahiz eta ez desegin Sozialista Abertzaleen taldea (Euskal Parlamentuaren erregelamenduaren zirrikitu legala aplikaturik), Estatuak eskatzen zuen bezala,talde horri zegozkion dirua ez ordaintzea erabaki zuela, talde horren lan politikoa oztopatuz eta era prekario batean murgilduz. Horri bi bandetan jokatzea deritzogu, ez besterik.

Baita ere esan dezakegu, euskal erakundeen autonomia oso ahula dela eta oso agerian geratu direla. Zeren, edozein elkarte “faxisten” ekimenek hankaz gora jartzen dituzte gure erakundeen “autonomia” eta ahalmena. Egoera hau gainditzeko garaia dela uste dugu eta Euskal Herrirako proposamen demokratikoa dugu mahai gainean, denon artean eztabaidatzeko. Baina, zorritxarrez, EAJ-EA-EB/Aralar alderdiak beste iruzur bat prestatzen ari dira Atutxa auzi horrekin; eta Euskal Herriaren lurraldetasunaren eta erabakitze eskubidearen  (egun, benetako gakoa) gaia desbideratuz.