Orioko EAE-ANVko udaltaldearen ekitaldi politikoa

Azken orduetan EAE-ANV ilegalizatzeko mezuak ugaritu egin dira nabarmen. Ezker Abertzalea diana batean jarri dute berriz ere, eta PSOEk bere makina polizial eta judiziala aktibatu du zeregin horretarako.  Dagoeneko EHAK alderdiaren aurkako ilegalizazio eskaera judiziala gauzatu da eta hurrengo egunetan EAE-ANVren kontra joango dira.

Horren aurrean, lehenik eta behin, esan behar dugu onartezina dela  ANVren aurkako lintxamendu eta jazarpen hau. EAE-ANVren ilegalizazioa, PSOEk Euskal Herriaren eskubideen aurka daraman eraso eta errepresio estrategiaren baitan kokatzen dugu: 18/98 sumarioa, azken atxiloketak eta torturen salaketak...

Euskal Herriaren eta euskal herritarren eskubideak bermatuko dituen marko demokratiko baten alde lanean ari diren alderdi politiko, eragile, komunikabide, instituzio eta antolakundeak desagerrarazi nahi dituzte. Independentziaren aldeko egitasmoak ilegalizatu eta espetxeratu nahi dituzte.

ANVren ilegalizazioa herri honen eskubideen aurkako eraso zuzena da. Horregatik, dei zuzena egin nahi diegu gainerako alderdiei: zer egingo duzue Euskal Herrian egitasmo politiko guztiak, independentziarena barne, defendatzeko aukera egon dadin? Zer egingo duzue EAE-ANVren ilegalizazioa eragotzi ahal izateko?

Horren aurrean, Orioko EAE-ANVko udal taldeko zinegotziok Orioko herriarekiko dugun konpromezua berretsiz eta  Euskal Herriaren Hitza eta Independentziaren aldarria azaltzeko asmoz, datorren larunbatean, otsailaren 2an, eguerdiko 12,30ean Orioko Herriko Plazan ekitaldi politikoa antolatu dugu.

Herri honek ez du ilegalizazio gehiago onartuko. Herri honek independentziaren aldeko hautua egin du, eta hori geldiezina da.

Horregatik, dei egiten diegu euskal herritarrei, gurekin batera, Independentziaren aldeko ekimenetan  eta hurrengo egunotan izango diren ilegalizazioaren aurkako mobilizazioetan parte hartzeko.