Euskal Herriaren eskubideen alde herri gisa erantzuteko garaia da

55 auziperatu, 46 atxilotze agindu, 500dik gora espetxe-urte. 18/98ko epaiak herri honen eskubideen ukazioan sakondu eta Euskal Herriaren eraikuntzaren alde lanean ari diren herritar eta kolektiboak kriminalizatzeko oinarri berrituak ezarri ditu. Ez da urrats isolatua, urte luzez Euskal Herriaren independentzia bultzatzen duen mugimendu politikoaren aurkako jazarpenaren segida da. Euskal herritarren eskubide zibil eta politikoen aurkako eraso estrukturala dago horren oinarrian, gero eta talde edo jarduera gehiago bere baitan biltzen duena. Gazteen aurkako epaiketa eta zigorrak hortxe daude eta beste batzuk etorriko dira datozen hilabeteotan (Udalbiltza, Egunkaria, GGAA-Askatasuna, Batasuna).


Euskal Herriaren eskubideak ez onartzea erabakita zeukan espainiar estatuak negoziazio politikorako prozesuari ekin zionean. Eta EAJ-PNV bidelagun izan du erabaki horretan. Eskubide horien gauzapenaren inguruan definiziorik egin nahi ez eta eskubide horiek gauzatzeko metodologiari eutsi nahi ez ziotelako hautsi zuten prozesua aipatutako alderdiek. Euskal Herriaren eskubideak onartu beharrean, Euskal Herriarenak diren Erabakitze Eskubidea eta Lurraldetasuna onartu beharrean, asimilazioaren ereduari eutsi diote berriro ere, errepresioaren bideari, alegia.

Hau da egoera. Euskal independentismoa txikitu nahian dabiltza. Horregatik horrelako atzaparkada basatiak. Guzti honen aurrean, hemen gauzkate, zutik eta tinko, askatasunaren aldeko borrokari heldu eta aurrera egiteko prest.

Guzti honengatik, datorren ostegunerako, abenduak 13, hainbat euskal sindikatuek (LAB, STEEILAS, ESK) eta 18/98 sumarioko inputatuek ordubeteko lanuztea (12,00etatik 13,00etara) eta elkarretaratzeak deitu dituzte. Ekimen honekin bat eginez, Orion, eguerdiko 12,00etatik 12,30etara eta arratsaldeko 20,00etatik 20,30etara herriko plazan egingo dira, eta euskal herritar abertzale sentitzen diren guztiak herrian izango diren elkarretaratzean parte hartzera animatu nahi ditugu.

Abenduaren 13an ordubeteko lanuztea.
Borroka garaia da. Euskal Herriaren ordua da.