Orain onartu berriak diren (gure aurkako botoarekin) aurrekontuak eztabaidatzen ari ginen. Aurrekontu horien egitasmoen artean, Plaza, Udalak kaleratzen duen aldizkaria, eta Karkararen arteko berdintasunak azaltzen ari ginen eta nola, nahi izanez gero eta Karkararen onarpenarekin posible izango litzatekeela bi hilabetetik behin edo Udalaren berri ematea lau orriko gehigarri bat erantsiz eta horrenbestez ez genuela Plaza aldizkariaren beharrik. Izan ere, adlizkari hau 44.000 € kostatuko zaio herriari.

Horretan ari ginela, alkateak bat-batean, eta abixurik gabe ondorengoa botatzen du: Ni ados egon naiteke, baina politikaz hitzik egiten ez badute. Denak ixilik, elkarri begiratu eta… ezin genuen sinetsi entzundakoa.

Orioko Torquemada berriak hainbat koloretako iritziak kaleratu dituen aldizkariari politika iritziak ezabatu nahi zizkion. Aurreneko momentua gogoratu ondoren, eta oraindik harridura handiz  nola, nola esan duzu? galdetu zion zinegotzi batek; Ez dugu inolako zentsurarik onartuko esan zion beste batek.

Berehala etorri zitzaigun alkatearen azalpena: Badakigu Karkarako langileek zein hanketatik egiten duten kojo.

Ah! noski, hori zen. Gora pentsamoldearen askatasuna! Beraz, EAJ-PNVkoak ez garenok ez daukagu iritziak plazaratzeko eskubiderik, abixa pues.

Eta langileak! Argi! Zeren ez bagara beren esanetara jartzen lanik egiteko eskubiderik ere ez.

Dena den argi geratzen zaizkigu alkateak Karkararekiko dituen fobiak. Zuek kontrolatzen ez duzuen aldizkari bat denez, ez zaizue interesatzen kalean egotea eta saiatu zarete Plaza aldizkariarekin ordezkatzen, baina Udalaren ekimena den itxura emanaz.

Gurekin ez kontatu lan zikin hau aurrera eramateko. Karkara aldizkariari aldiz, gure zorion eta gertutasunak helarazi eta gure aldetik esan, saiatuko garela zuen aldizkaria sustatu eta mantentzen.