Portuko obrak direla eta, nork du haserre egoteko benetako arrazoia?

Azken urte honetan oriotarrok, eta bereziki, tabernari eta merkatariek, jasan ditugun eragozpenei aurre egin nahian edo, Jon Redondo Orioko alkateak prentsari bidalitako oharra irakurri genuen. Bertan, gai horri buruz udalak duen amorrua aipatzen du. Azken hau egia bada ere, bere kabuz bidalitako idatzia dela esan behar dugu, berriro ere, berak udalarekiko duen ikuspegi “partikularra” nabarmenduz.

Idatzi horren arabera besteak dira errudunak: portuko arduradunak, Codosa eta Iberdrola, hain zuzen. Ez gara gu izango, ez batzuei eta ez bestei, aurpegia aterako diegunak; baina guk jarrera horri “baloiak kanpora” botatzea deritzogu.
Zer gertatzen da Udalak dituen ardurekin? Lan hauek aurreko legealdian erabaki eta hasi ziren. Baina, benetan, noren mesederako egin dira? Noren interesak defendatzeko? Zergatik ia dena amaituta zegoenean, berriro ere itxi behar izan da pasabidea?

Erantzuna zerorrek eman duzu: argi indarraren kableak pasa ahal izateko. Hori da portua berritzeko  benetako arrazoia! Interes pribatu batzuek, Muntoko etxeak eta kirol portuarenak, herritarren interesaren aurretik jarri dituzue. Baina, noski honetaz hitzik ez!

Zuek, EAJkoak zaretenak, eta aurreko udal gobernua oso osoa zuen eskuetan egon zela kontuan harturik, autokritika egin beharko zenukete; obra hau horrela egitea zuen ardura izan baita hein handi batean.
Jakina, guk behintzat ez dugu horrelakorik espero; baina,  egiak erdizka azalduz erdi gezurrak bilakatzen dira. Zuen aurpegia zuritu nahi baduzue saia zaitezte beste era batera, Udalaren izena eta bertan gauden beste alderdiak zurrunbilo horretan harrapatu gabe. Errua zuena da eta ez Udala kudeatzen dugun guztiona! Mesedez, ez gaitzazue ezarri zuen irizpideetan eta aldez aurretik, konta esaiozue Orioko herriari egia osoa. Herriak eta guk eskertuko dizuegu.