Euskara arloaz

Erabiltzailearen aurpegia Orioko curriculuma sortzen 2014ko mar. 3a, 12:15


Orioko Curriculumeko arloetako bat Euskara da, gure hizkuntza. Argi genuen gaia Oriora ekarri behar genuela, etxekotu,  Orioko Curriculum partikularra sortzen ari garen heinean, gure lanerako eremua guztiz lokala baita.

Euskararen hainbat alorretan jantzia den herritar bati gaiari eman beharreko trataeraz aholkua eskatu genion, eta hauxe erantzun zigun: “Orion bakarrik erabiltzen ditugun hitzak zerrendatzea, Orioko esaerak, bertsoak aipatzea... azalean geratzea litzateke. Orio euskararen arnasgunea kontzeptua ardatz hartuta, ikasleengan euskara sustatzeko nahia pizten ahalegindu behar da arlo horrekin, hizkuntzarekiko militantzia sortzen saiatu, euskara hizkuntza hegemonikoa den herri bateko biztanle izateak dakarren kompromezua ulertu eta senti dezaten”.

Hortara, hiru zatitan banatu dugu arloa:

1. Orio euskararen arnasgunea

2. Orioko literatura

3. Orioko euskara

Orioko euskara aipatuta, Ahotsak.com-en topatu ditugun grabazio batzuk ekarri nahi izan ditugu blogera. Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak bildu eta hedatzeko helburua duen proiektua da Ahotsak, eta horretarako, adineko jendeari elkarrizketak egiten dizkiete. Orioko kasuan, bideo bat (Karmele Esnal Zulaikari elkarrizketa) eta hainbat audio artxibo (Jabier Arruti “Biraola”, Antonia Murua Iñarra, Divina Lanberri Elizondo...) daude sarean.

Hemen duzue esteka: http://www.ahotsak.com/orio/

Ondo-ondo bizi!


Ahotsakbloga

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!