ORIO.3.IRUTEN Hezkuntza Jardunaldiak

Erabiltzailearen aurpegia Orioko curriculuma sortzen 2015ko mar. 27a, 08:26

Oraintxe atera dugu labetik Orio.3.Iruten Hezkuntza Jardunaldien programa!

ORIO.3.IRUTEN HEZKUNTZA JARDUNALDIAK 

Bat, bi eta hiru. Hatz joko aldrebesekin kontatuz, horiek dira txikitan ikasten ditugun lehen zenbakiak. Hiru ziren ere, proiektu honekin amesten hastean magalean hartu genituen hitzak: harria, herria eta irria.

2010-2011 ikasturteko Orio3ten.1.0 jardunaldietan, Orioko Curriculuma sortzeko bidea egiten hastea erabaki genuen. Orduan amets edo utpia baten isla izan zitekeena, laupabost urteren bueltan eskuartean izatea lortu dugu, modu ahalik eta parte-hartzaileenean landuz.

Bat, bi eta hiru. Hiru izan zarete amets hura lurrera ekartzen lagundu, auzolanaren ukendu gozoenaz igurtzi eta zuenganatu duzenak : norbanakoak, herri-eragileak eta ikastetxeak.

2012-2013. ikasturteko Orio.Iruten.2.0 jardunaldietan, gure jardunean bidaide izan nahi genituenen babesa bildu genuen Ijitoen Akordioa sinatuz: herriko ikastetxeak, eragile ezberdinak, alderdi politikoak, norbanakoak...

Aurtengo hauekin,  hiru dira jada herrian antolatu ditugun hezkuntza jardunaldiak.

Orio.3.Iruten. “Hiru iruten...” ahoskera borobila baliatuz, Orioko Curriculuma sortzeko prozesua bera ere borobildu nahi dugu, herriko hezkuntza esparruan egin dugun ekarpenari merezi duen amaiera eman eta aurrera begirako erronkak azaltzeko.

Herritarroi, jarduera ezberdinetan parte-hartzeko gonbita zuzena luzatu nahi dizuegu: zahar, gazte, irakasle, okin, arrantzale, saregile, dantzari zein arraunlari, guztiok izango duzue Orioko Curriculumeko txostenak ixten hasi aurretik kontatzeko zerbait, ziur!

Jardunaldien baitan antolatu ditugun ekintzez kanpo ere zerbait esan, kontatu edo bidali nahi badiguzue ere, idatzi lasai oriokocurriculuma@gmail.com helbidera. Zer esanik ez, kafe edo pintxo pare batera gonbidatu nahi bagaituzue ere, badakizue nora idatzi!

 

MARTXOAK 28

Agurainera korrika egitera, Orioko arnasgunetik. Orion lan egiten duen irakasleak ezin du ikasleei euskara irakastearekin eta euskaraz egitearekin konformatu. Hortik haratago doa arnasgune baten zeregina eta bertako hezitzaileen erantzukizuna. Euskaldun kontzienteak sortu behar ditugu Orion. Euskal hiztun izatearen kontzientzia, arnasgune bateko hiztun izatearen kontzientzia duten oriotarrak, herrian eta herritik kanpo ere euskaldun arnas-emale izango direnak.

Hau modu sinboikoan adierazi eta gure mezua herritik kanpora ere helarazten hasteko, ekimen berezi bat prestatu dugu Euskaraz bizi bizi-koekin batera: martxoaren 22an Orion egingo dugu korrika aurrena, eta gero, martxoaren 28an, Agurainera joango gara, kamiseta horiak jantzita, korrika egitera eta Lautadako euskaltzaleen arnasari gurea gehitzera, festa giroan.

Berdin dio kilometro 1, 2 ala 8 egin... Zatoz zu ere!

  

APIRILAK 18

Orioko historiaz gosari-tertulia.  Giza eta Gizarte Zientzien arloko txostena itxi aurretik, dokumentuari azken astindua eman nahi diogu herritarrekin batera. Arloan lagundu diguten herriko adituak eta interesa duen herritar oro kafe beroa eta galleten bueltan bildu nahi dugu,  lehengo urtean parekidetasuna hizpide hartuta egin genuen bezala, Orioko historiaz hizketan lasai jarduteko. Tertulian parte-hartzeko, kultur etxean eman behar da izena apirilaren 15a baino lehen.

 

APIRILAK 20 / 27

Orioko musika irakaskuntzaz hausnarketa saioak. Danbolin Musika Eskola eta ikastetxeetako musika irakasleen arteko saioak. Herriko musika irakaskuntzaren dinamikak aztertuko dira eta aurrera begira, elkarlanerako aukera berriak bilatu.

 

MAIATZAK 9

Natur Zientzien arloaz bizikleta martxa. Eneritz Odriozola eta Garbiñe Manterolaren gidaritzapean, herriko txoko ezberdinak bisitatuko ditugu Natur eta Osasun Zientzien arloko txostenari azken astindua emateko. Atera bizikletak... eta goazen!

 

EKAINAK 12

Orioko Curriculumaren aurkezpen ekitaldia eta lunch-a. Behin behineko Orioko Curriculuma aurkeztuko dugu,  eta gure proiektuak nazio mailan izan duen oihartzunaren berri ere emango da ekitaldian. Ikasturte honen amaieran, Orioko Curriculuma Sortzen Kultur Elkarteak Ijitoen Akordioa sinatzean harturiko kompromezua beteko du: Orioko Curriculuma definitzea, berau herriko hezkuntza eragileen esku utziz, aplikatu, erabili, garatu... dezaten.

Saioaren ostean, lunch-a eskainiko zaie bertaratuei. Gonbidatuta zaudete!

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!