Gazte Festak badatoz!

Erabiltzailearen aurpegia OKK gazte asanblada 2009ko ira. 3a, 12:52
Irailaren 25etik 27ra gaztetxea aldarrikatuko dugu festa giroan. Zatoz eta parte hartu!

Iaz egin genituen lehen Gazte Festak eta, izan zuten arrakasta ikusirik, urtero iraileko azken asteburuan egiten jarraitzea erabaki genuen. Beraz, hemen gaude berriz ere zuen aurrean, bigarren urtez jarraian, Orioko Gazte Festak jendaurrean aurkezteko.

Jaia erabat autokudeatua eta autofinantzatua da, diru laguntza publiko edo pribaturik gabe egina eta, aurten, gainera, antolaketan aurrera pauso nabarmena eman dugu. OKKk herriko koadrilei biltzeko eginiko deialdiak espero baino erantzun hobea izan zuen eta hamaika koadriletako ordezkariak agertu ziren. Horrela, egitarauaren ardura gazte asanbladarena bada ere, antolaketa lanak koadrilen artean banatu dira.

Gazte Festen aldeko beste pauso handi bat ere eman nahi genuen eta, gainera, gaur lortu dugu. Iazko jaiak izandako harrera bikaina ikusita, oraintxe, arratsaldeko seiretan, Gazte Festak baimentzeko erabakia hartu du Udalak.  Gauzak horrela, ez dugu ezkutuan ibili beharko eta egun osoko egitaraua plazan egiteko aukera izango dugu, eskubide osoz, garen bezala azalduz. Txosnak plazan jartzeko baimena dugu, kontzertuetarako ere bai… edozein ekintza aske egiteko azken finean. Gazte Festak baimenduak izateak ez du hori bakarrik esan nahi ordea. Bimenak Udala bere ardurak betetzera behartzen duenez, garbiketarako laguntza, komun publikoak eta anbulantzia bat ere izango ditugula bermatu digute eta, Sanpedroetan eta Sanikolasetan bezala, tabernak goizaldera arte egongo dira irekita. Ez dugu inoiz dirurik eskatu, eta ez dugu inoiz eskatuko, baina Udalak bere ardurak betetzea beharrezko ikusten dugu.

Baina tira, azken urte hau ez da samurra izan, eta ez dirudi datorrena ere hobea izango denik. Gogoratzen al dituzue Etxeluzea okupatzeko ahaleginaren ondoren izan diren negoziaketak? Ez gara inongo adostasunera iritsi. Etxejabea bertan gaztetxea egiten uzteko prest agertu bada ere, OKK Udalarekin negoziatzeko beti prest izan bada ere, Udalak entzungorrarena egiten jarraitzen du. Gaztetxea okupatzera herriko 200 gazte bildu eta berdin zaie, gaztetxea babesten duten 1.115 herritarren sinadurak aurkeztu eta bestaldera begiratzen dute. Ez dute bada pentsatuko orain Gazte Festetarako babesa emanda salduko garenik, ezta? Beraiengan konfidantza izateko askoz ere konpromiso handiagoa behar dugu: benetako konpromisoa eta gazteokiko errespetua. Hori nola erakusten den? Argi dago: Gaztetxea sortuz, ez dago beste modurik.

Ez gara aspertuko gaztetxea zer den ez dakienari esplikatzeaz, ez gara nazkatuko arrazoirik gabe erasotzen gaituen orori aurre egiteaz, eta, batez ere, ez dugu etsiko gaztetxe duin bat lortu arte, dagokiguna baita.

Gaztetxea mugarik gabeko espazioa da, kultura eta ekintza sozialak sustatzeko leku askea, non gazteok aukera izango dugun autokudeaketaren, autofinantzazioaren eta esperientzia propioen bitartez, gure izaera definitu eta garatzeko. Gazteon aisialdia kontzertuekin, antzerkiekin, hitzaldiekin, ikastaroekin eta abarrekin asetzeko lekua izango da gaztetxea, ditugun arazo eta beharrei erantzuteko aukera emango diguna. Denon etxea izatea nahi dugu, herritar eta kanpotar guztiei irekia eta elkarrekiko errespetua eta elkarlana izango dira bertan praktikan jarriko diren arau nagusiak.

Orioko gazteriak bizirik dagoela eta hazten jarraitzeko gaztetxea behar duela erakutsi du azken urteotan, eta hori da Gazte Festetan ere erakutsiko duguna, gazteok herri guztiarentzako eginiko festa.

Gaztea edo zaharra izan, edonork parte har dezake Gazte Festetan, gaztetasuna ez baita nortasun agiriak baldintzatzen duen egoera. Beraz, hau guztia esanik, hau duzue aurtengo egitaraua:

Irailak 25, ostirala
—PIRATEN GAUA—

•    17:00: Umeentzako pirata jolasak
•    18:00: Altxorraren bila txotxongilo emanaldia umeentzat
•    21:30: Piraten danborrada
•    22:00: Txupinazoa —Oiana Blancok botako du—
•    23:00: Arrautz Ustelak (Orio) + Mikel Hats (EH)


Irailak 26, larunbata
—GAZTETXE EGUNA—

•    10:30: Baltsen aurkezpena eta uretaratzea
•    11:00: Baltsa karrera
•    13:00: Paella lehiaketa
•    14:30: Bertso bazkaria
•    16:30: Bingoa
•    17:30: Orioko txirigotak
•    19:00: Triki-bertso-poteo-manifa
•    23:00: Random feelings (Catalunya) + Capsula (Argentina/EH)


Irailak 27, igandea
—KOADRILA EGUNA—

•    08:00: Diana gazte txarangorekin
•    11:00: Hamaiketakoa eta herri kirolak
•    17:00: Jokoak
•    19:00: Tornafyah (Catalunya)
•    20:30: Argazki eta sketch emanaldia + traka

Besterik gabe, herri guztia gonbidatzen dugu gurekin jaiaz gozatzera. Ondo bizi eta aske izan gaztetxean! Eskerrik asko.

Orioko plazan, 2009ko irailaren 2an.



KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!