OKKk Gaztetxearen inguruan Udalari eginiko eskaera.

Erabiltzailearen aurpegia OKK gazte asanblada 2008ko aza. 4a, 17:31
Urriaren 29an udaletxean egin zen Gazteriako bileran OKK Gazte Asanbladak udal ordezkariei helarazitako eskaera da hau. Udalak proposamena aztertu ondoren erantzungo du eta guk, berriz, asteburu honetan argitaratuko dugu gure balorazioa.

Udal ordezkariei:
Azken urteotan nabaria izan da Orioko gazteriak izan duen indar gorakada. Ijitoekin hasi zen antolamenduaren lekukoa, gaur egun, OKK gazte asanbladak hartu du, festarako grina eta gaztetxe autokudeatu baten aldarria txandakatuz  ekintza ugariren bitartez.
Gaztetxea mugarik gabeko espazioa da, kultura eta ekintza sozialak sustatzeko leku askea, eta bertan gazteok aukera izango dugu autokudeaketaren, autofinantzazioaren eta esperientzia propioen bidez, gure izaera definitu eta garatzeko. Gazteon aisialdia, kontzertu, antzerki, hitzaldi, ikastaro eta abarrez asetzeko lekua izango da gaztetxea, ditugun arazo eta beharrei erantzuteko aukera emango diguna. Denon etxea izatea nahi dugu, herritar eta kanpotar guztiei irekia. Elkarrekiko errespetua eta elkarlana izango dira bertan praktikan jarriko diren arau nagusiak.
Norbaitek pentsa dezake hori utopia soil bat besterik ez dela; baina Euskal Herriko hainbat herritan dagoeneko frogatu dute gogoa besterik ez dela behar ametsa errealitate bihurtzeko. Eta horixe da guk erruz daukaguna: gogoa. Urrutira joan gabe, Zarautz, Usurbil, Getaria, Zumaia, Zestoa, Deba, Mutriku, Azpeitia, Azkoitia, Tolosa, Ibarra, Urretxu, Ordizia, Beasain eta beste herri askok sortu dute dagoeneko gaztetxea, eta Oriok ezin du atzean gelditu.
Une honetan badugu eskaintza serio bat mahai gainean, gure ustez gazteon arazo asko eta asko konpontzeko balioko lukeena eta proposamen zehatza egin nahi diogu Udalari, dagokion batzordean (edo batzordeetan) azter dezan.
Hauek dira gure proposamenaren zehaztasunak:
•    Behin-behineko gaztetxea Etxeluzea eraikinean kokatuko litzateke.
•    Jose Luis Arinek, Etxeluzearen jabeak, egin zuen eskaintza onartzea proposatzen dugu eta, beraz, berak eta Udalak kontratua sinatzea.
•    Alokairuaren kostua hilean 1000 eurokoa izango litzateke, BEZ barne.
•    Lehen 12 hilabeteetan Udalak BEZa eta gainerako kostuaren bi heren ordainduko ditu eta guk heren bat (lekua egokitzeak diru kostu dezentea eskatuko digu eta gure taldeak ez du diru iturri finkorik).
•    13. hilabetetik kontratuaren amaiera arte, Udalak BEZa eta gainerako kostuaren erdia ordainduko du eta guk beste erdia.
•    Horrez gain, ur beroa, argi indarra eta komunen instalazioa, aseguruaren kontratazioa, teilatua indartzea eta bulego teknikoak eska ditzakeen ezinbesteko segurtasun baldintzak Udalak bere gain hartuko ditu, gutxieneko segurtasun eta higiene baldintzak bete daitezen gaztetxean.
•    Gaztetxea herriko gune publiko modura onartzea.
•    Gaztetxe Asanbladak erabateko burujabetza izatea autokudeaketa egin ahal izateko. Udalak bertako martxa jarraitzeko eskubide osoa izango du, begirale baten bitartez; baina inola ere ez du izango bertan hartzen diren erabaki edo ekintzetan eskua sartzeko aukera. Udalak gaztetxean ekintzaren bat antolatu nahi izanez gero, Gaztetxe Asanbladari eskatu beharko dio baimena.
•    Kontratuaren iraupena legealdia amaitu artekoa izango da, beti esan dugun moduan Gaztetxea beharrezkoa dela demostratzeko. Legealdia amaitzean, beste 4 urtez berrituko litzateke kontratua, Udalak, Gaztetxe Asanbladak eta eraikinaren jabeak hala nahi izanez gero.
    Aipatutako bigarren kontratuak irauten duen bitartean, Gaztetxe Asanbladaren eta Udalaren artean behin betiko irtenbide bat adostu beharko da Gaztetxe finko bat sortzeko.
•    Behin betiko Gaztetxea sortzean, gure konpromisoa herriarekiko bakarrik litzateke, eta ez Udalarekiko konpromiso ekonomikoa.
Baldintza hauek ezinbesteko ikusten ditugu Gaztetxearen filosofia bermatu ahal izateko, eta, udal ordezkariek idatzi hau onartzen badute, gure predisposizio osoa eskaintzen dugu proiektu hau ahalik eta azkarren bete dadin.

Orio, 2008ko urriaren 16a
OKK
Gazte Asanblada

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!