Primerako sanikolasak

Erabiltzailearen aurpegia Zaragueta Herri Eskola 2023ko abe. 11a, 12:35

Bukatu dira aurtengo sanikolasak, etorri gara berriz eskolara, baina ez gaude festak ahazteko moduan.

Txikienek, eskolan bertan hasi zituzten jaiak abenduaren 5ean. Haur Hezkuntzakoek festen proiektuari amaiera biribila eman zioten: Pregoilariak, txupinazoa, musika, erraldoiak eta buruhandiak, txokolate beroa, herri kirolak… ederki ibili ziren. Herrian ere, iluntzeko txupinazoan, beste askoren artean, eskolako guraso eta ikasleak eskolan egindako erraldoi txikiekin ibili ziren haruntza eta honuntza.

Egun berean, eta lehenengo aldiz, Nikolasa saria eman zieten Ubera guraso elkartekoek eskolako zaintzaileei. Sekulako lana egiten dute goizeko, garraioko,  jangelako eta sukaldeko zaintzaileek eta lan hori eskertu nahi izan zuten gurasoek.

Abenduaren 8an, aldiz, haurrentzako herri kirol saioa antolatu zuen Ubera guraso elkarteak Ostolaza harrijasotze eskolarekin elkarlanean. Lokotxak, txingak, harri-jasotzea, giza proba, zaku eramatea eta ingudea. Ume mordoxka bildu zen herriko frontoian.

Eta bukatzeko DBH4ko ikasleek, gurasoen laguntzarekin, talo tailerra eta salmenta postua jarri zuten herriko plazan. Ilara ederra osatu zen ikasleek prestatutako taloak jateko, eta ikas-bidairako ere diru pixka bat bildu zuten.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!