Erria txikota!

Zapore autoktonoko kantua aurkeztu du Kilometroak-ek

Olatz 2014ko mar. 27a, 15:10
Kilometroak 2014ko Erria Txikota! abestia aurkeztu dute gaur goizean, herritik eta elkarlanean sortu dena

Joseba Orella koordinatzailea; Olatz Zugasti, abestiaren ekoizle eragile eta hitzen egilea; Iñaki Gurrutxaga, bertsolari eta musikaria; eta Julen Alonso, ikasle ohia eta doinuaren egilea. Guztiak, mahai baten bueltan. Guztiak desio berdinarekin: Kilometroak 2014ko abestia aurkeztea.

Musikalki anitza eta batua, herritik elkarlanean sortua

Abestia egiterako garaian, hiru irizpide garbi izan dituzte. Batetik, ikastolaren ingurutik sortua izatea, izan ere, potentziala badago. Kantuaren ia partaide guztiak ikasle ohiak, gurasoak edota guraso ohiak dira, %95. Ni, Julenen irakaslea izan nintzen, eta Olatz nirea izan zitekeen, kontatzen du Gurrutxagak.

Bigarren irizpidea elkarlana praktikan jartzea izan da. Ez genuen enkarguz pertsona edota talde konkretu bati eman nahi abestia egitearen lana. Proiektua elkarlanean egitea aberasgarria iruditzen zitzaigun, azaldu du Orellak. Hortaz, Zugastiren eskuetan utzi dute kantua egitea. Julenek, ordea, hazia jarri du; doinua berak sortu baitu. Oinarri hori izanda elkarlanean aritu gara, jende ezberdinarekin, gaineratu du. Elkarlana, beraz, bete-betean eman da. 

Orioko Ikastolan eskolaz ordu kanpoko jardueren artean kantagintza tailerra egitea eskatu zidaten duela bederatzi urte. Bertatik ateratako taldea da hau. Hasiera batean Olaxka izena zuen, baina forma aldatuz joan da eta egun Uhaits izena du taldeak, kontatzen du Zugastik. Ahotsetan oinarritutako taldea da hau, baina betidanik izan dute aldamenean Julen Alonso; instrumentalki euren euskarria izan da, 8 urte zituenetik. Polita zitekeen, hortaz, Kilometroetako kantua interpretatzeko aukera beraiei ematea, aitortzen du Zugastik. Julenek, hortaz, doinua egin du; Zugastik, hitza jarri dio; eta Uhats taldeak, ahotsa. 

Instrumentalki laguntza beharrean zeuden. Oriotarren eskutik jaso nahi zuten laguntza hori, herrian talentua baitago. Giranice taldeak giro politak sortzen dituela eta, Zugastik uste zuen ondo ulertuko zutela beraiek egin nahi zutena, ondo uztartuko zirela. Ekarpen politak egin dituzte eta hasierako formatik eraldatu egin da abestia. Gurrutxaga talde horretako kide da, eta bere ustetan kontrapuntua dira. Bi ertzetan gaudenok bilgune bat bilatu dugu kanta honetan. Erdingunea bilatzea zaila da, askotan erdibideak hilak baitira, baina gu emaitzarekin pozik geratu gara. Musikalki anitza eta batua da aldi berean, baita belaunaldi aldetik ere.

Herriko gazteei eta belaunaldi berriei aukera ematea zen zeukaten hirugarren irizpidea. Honen adierazgarri da Julenek egindako piezaren inguruan sortutako abestia.

Saregileen ikuspegitik abiatutako hitzak

Moilan lotuta dagoen txikota askatzeaz haratago doa Erria Txikota! leloaren esanahia. Arrantza munduari lotua egon arren, esanahi zabalago baterako leihoa ireki dit leloak.Herria, oro har, presente izan dut. Izan ere, oraindik batzuk bagaude herri honek behingoz Erria Txikota! esan dezan nahi dugunak,

aitortu du Zugastik.

Ikastolen sorrerarekin ere gogoratu da Zugasti letra egiterakoan. Gai izan dira herri hau, klandestinitatean, antolatzeko eta fundamentuz lan egiteko. Askotan, isilpean. Beti, elkarlanean. Klase sozial ezberdinak eta askotariko jendea batu dira, betiere helburu jakin baten alde. 

Guzti hori presente izan du letraren sortzaileak, eta guztia arrantzale jendearekin ilustratu du, batik bat saregileekin. Izan ere, kantari gehienak neskak dira. Irudi hori hartu du, ikuspegi horretatik abiatu da. Beraien argot eta hitz teknikoak ere hartu ditu: Oso Oriotar hizkera erabili dut, hitanoa. Besteak beste, ikastolan aditz forma hori bultzatzeko asmoa dutelako. Gainera, bera lehorrekoa izaki, Orion mugitzen hasi zenean atentzioa eman zion arrantzale familien hizkerak. Hori ere islatu nahi izan du, kantuek ekarpen horiek egiteko lizentzia baitute.

 Abestiaren bideoklipa, maiatzean

Abestia aurkeztu digute gaurkoan. Orain, kantuari irudia jartzen ari dira; bideoklipa egiten ari dira. Maiatzean aurkeztuko dute, Erria Txikota! astearen barruan. Halaber, ordura arte badugu zer ikusi eta zer entzun. Abestia jada sarean baitago, baita grabazio eguneko irudiekin egindako bideoa ere.

 

Gurrutxagak esan duenez pozgarria da beraientzat lortutakoa. Emaitza guretzat bezain pozgarri eta aberasgarria bada entzulearentzat, poztasun doblea izango dugu.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!