Erria txikota!

Kilometroak-en baitan antolatutako bi kultur ekitaldien sarrerak salgai daude

Miriam 2014ko mar. 10a, 15:50
Martxoaren 28an Gabrielen Lekua ikuskizuna egongo da eta apirilaren 12an Benito Lertxundik kontzertua emango du

Kilometroak jaiaren egitarauaren baitan bi kultur ekitaldi antolatu dira datozen hilabeteetarako. Batetik, martxoaren 28an Gabrielen Lekua antzezlana ikusteko aukera egongo da Ikastolako Areto Nagusian. Bestetik, apirilaren 12an Benito Lertxundik kontzertua eskainiko du Karela Kiroldegian. Bietako sarrerak salgai daude dagoeneko.

Gabrielen Lekua ikuskizuna dantza, musika, antzerkia, poesia eta irudia uztartzen ditu, Gabriel Arestiren inguruan hitz egiteko. Ikuskizunaren helburua, ikusleari gogoeta eragitea da Arestiren obra eta pentsamenduaren bitartez. Diziplina artistiko desberdinak harremanean jartzen dituzte lanean, idazlearen alderdi guztiak ezagutzeko, bere lekuen bitartez. Andoni Egaña, Oier Guillan, Rafa Rueda, Ainhoa Alberdi, Iraia Elias, Alain Urrutia eta beste hainbat izen aurki ditzakegu sentikari honen atzean.

Antzezlanerako sarrerak salgai daude dagoeneko Orioko Herri Ikastolako idazkaritzan, Lore eta Uranga burdindegietan eta Il Gelato kafetegian. Sarreren prezioa 10 eurokoa da eta aretoak 180 pertsonako edukiera mugatua du. Ikuskizuna 22:00etan hasiko da.

Benito Lertxundi kiroldegian

Apirilaren 12an izango da bigarren hitzordu kulturala. Benito Lertxundik kontzertua eskainiko du Karela Kiroldegian, 22:00etatik aurrera.

Kantaldirako sarrerak ere salgai daude, 18 eurotan, Ikastolako idazkaritzan, Il Gelato kafetegian, Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean eta Oiartzungo Amazkar tabernan. Aurrez sarrera guztiak saltzen badira, kontzertuaren egunean ez dute txarteldegia irekiko.

Sarrerak aldez aurretik erreserbatu daitezke 605 72 46 16 telefonora deituz edo eva@fenixprods.com helbidera idatziz. Sarrera horiek ekitaldiaren egunean bertan jaso beharko dira txarteldegian bertan ordu bete lehenago, bestela salgai jarriko dira berriz.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!