Erria txikota!

Oriok irabazi zuen Kirol Erronka

Miriam 2014ko mar. 10a, 10:25
Lehia bizia egon zen herriko kirolarien eta Tolosarren artean; azkenean 26 segundoko aldea atera zieten Oriotarrek

Giro paregabea egon zen Orioko plazan joan den larunbatean, martxoaren 8an, Kirol Erronka zela eta. Jende ugari bildu zen herriko kirolariak Zarauztar, Tolosar eta Usurbildarrekin lehiatzen ikustera. Oso berdindua egon zen erronka Orioko eta Tolosako kirolarien artean, baina azkenean herrian geratu zen bandera 26 segundoko aldeagatik.

Igeriketarekin hasi zen erronka eguna, 10:00etan. Igerilariek moilatik uretara salto egin eta hiru joan-etorri egin zituzten, 750 metro guztira. Ura hotza zegoen eta baita korronte handia ere, baina pozik irten ziren igerilariak uretatik. Maider Gaztañaga izan zen proba amaitzen lehena, 7 minutu eta 42 segundo eginez.

Hurrengo modalitatea bizikleta izan zen. Bi txandetan eman zioten pedalei txirrindulariek bizikleta estatikoan. Abraham Olano izan zen proba honetan garaile, Tolosak dagoeneko zuen abantaila handituz. 5 minutu eta 58 segundotan egin zuen 5000 metroko bidea.

Ergometroan lau arraunlariek jardun zuten publikoari begira aurrez aurre. Iñigo Mujikak 21 segundoko aldea atera zion bigarrenari, egin beharreko 300 metroak 10 minutu eta 11 segundotan eginez. Proba honekin Tolosarrek aurreko bi probetan ateratako aldea txikitu zuten Oriotarrek, 41 segundo aurretik zegoen Tolosako taldea.

Korrikako proban buelta eman zuen egoerak. Hossain Kaanachek egin zituen 4000 metroak azkarren, 10 minutu eta 54 segundotan, eta Leire Agirrezabala, Tolosako ordezkaria azken postuan geratu zen. Horrek Kirol Erronkaren garaipena Oriori eman zion.

Denborak eta sailkapena

Erronka denborak

1. Orio: 36´37"
2. Tolosa: 37´03" (+26")
3. Usurbil: 38´18" (+1´41")
4. Zarautz: 38´21" (+1´44")

Jolasean ere Oriotarrak aurretik

Kilometroak egunean, urriaren 5ean, egingo den Erronkako jolasa ere egin zuten herri bakoitzeko ikastoletako ikasleek. Kirol Erronkan parte hartu zuten kirolari bana kapitain hartuta, mosaiko bat osatu behar zuten ikasleek. Proba honetan ere Orio izan zen amaitzen lehena.

Abraham Olano iazko Tolosako Kilometroak jaiko erronkan kapitain izan zen, eta 2014koan parte hartzera gonbidatu zituen gaztetxoak: Goiz pasa polita eta giro ederrean egiten dena da Kilometroak festako Erronka. Txosnetatik aparteko giro sanoa, hori ere bai baita Kilometroak. Gainera, arratsalderako libre izaten dira gainerako jaiaz gozatu ahal izateko.

Argazki gehiago ikusteko klikatu hemen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!