Erria txikota!

Kirol Erronka, aurtengoan, Kilometroak jaiaren barruan

Olatz 2014ko ots. 27a, 16:52
Kilometroak jaiak eta Erronka ekimenak bat egingo dute kirol ikuskizuna egiteko eta kirolaren zaletasuna herritarrei helarazteko

Erronka berri batean aurrean dago Kilometroak; oraingoan, Kilometroak jaiak, kirol ikuskizunak eta Erronka ekimenak bat egingo baitute. Martxoaren 8an izango da Kirol Erronka izenpean antolatu duten festa. 

Hiru ekintzen uztarketa

Kirol erronka bitan egin da Orion. Lehendabizikoa, duela sei urte eta pasa den urtean, bigarrena. Oihartzun handia izan dutenez, hirugarren bat sortu nahi izan dugu, kontatu du Hossain Kaanache ikastolako irakasleak. Gainera, Tolosan ospatu ziren kilometroetan –lehengo urtean– Erronka ekimena antolatu zen lehenengoz, eta honek ere harrera ezin hobea izan zuenez, bi ekintzek bat egitea pentsatu dute. Izenean lotura edukitzeaz gain, filosofia bera dute. Kirolak duen ikuskizuna plazara eraman nahi da, herritarrengana, kirolarekiko zaletasuna sustatzeko asmoz, azaldu du Kaanachek

Tolosan hasi zena jarraituz, Kilometroak egunean Erronka egingo da. Hortaz, proba guztiak amaitzean, ikasleek ere parte-hartzeko aukera izango dute; motorrak berotzeko aukera. Egunean bertan burutuko den proba egingo da datorren larunbatean, mosaikoa izenekoa. Memorizazio proba da, irudien sekuentziazioa egin beharko dute 30 minutuz, eta ondoren, hurrenkeran jarri beharko dituzte, azaldu du irakasleak. Ikasleak ilusioz daudela esan du, batez ere goi mailako kirolariekin proba hori egiteko aukera izango dutelako.

Luxuzko kirolariak

Ospe handiko izenek hartuko dute Orioko plaza martxoaren 8an. Lau talde izango dira, bakoitza herri batekoa: Orio, lehengo urteko antolatzaileak diren Tolosa eta alboan ditugun Usurbil eta Zarautz. Talde indartsuak dira guztiak, goi mailako kirolariez osatutakoak. Talde guztien artean oreka bilatu dugu, hortaz, lehiakorra izango da Kirol Erronka, azaldu du Kannachek. Hossain bera ere lehian izango da eta ondorengo taldea izango du:

Orio
Adriana Campoy: igeri
Eneko Santamaria: bizikleta
Iñigo Mujika: ergometroa
Hossain Kaanache: korrika

Gainontzeko taldeak hauek izango dira:

Tolosa

Maider Gaztañaga: igeri
Abraham Olano: bizikleta
Iñigo Jauregi: ergometroa
Leire Agirrezabala: korrika

Usurbil
Mikel Peñagarikano: igeri
Iñaki Añorga: bizikleta
Sarai Lizaso: ergometroa
Ibai Alba: korrika

Zarautz
Eneritz Garmendia: igeri
Jon Unanue: bizikleta
Erik Aranburu: ergometroa
Gillermo Vahl: korrika

Herriaren erdigunean, plazan

Kirol zaletasuna herritarrei helarazi nahi dietenez, egokiena probak herriaren erdigunean egitea dela uste du Kaanachek. Hortaz, probak plazan eta plaza inguruan egingo dira.  9:30ean hasiko da Kirol Erronka, kirolariaren aurkezpenarekin. Hau ere, plazan izango da. Aurkezpenaren ostean, probak hasiko dira eta ordena honakoa izango da:

  • Igeriketa: Ibaien egingo da. Proba honen luzera eguraldiaren araberakoa izango da: kondizioak onak badira 800 metro inguru egingo dituzte, hau da, 300 metroko lau joan etorri. Kondizioak txarrak badira, hiru joan etorri egingo dituzte. Kontuan izanik ura hotza egongo dela, gogorra izango da oso.
  • Bizikleta: Proba hau ere plazan egingo da, bizikleta estatikoekin egingo baita. Binaka egingo da proba, hau da, lehendabizi bi herri  lehiatuko dira, eta gero, beste bi. Zozketa bidez erabakiko da zein herrik egingo duen lehendabizi.
  • Ergometroa: 3.000 kilometro egin beharko dituzte arraunlariek. Sarai Lizaso Usurbilgo taldeko arraunlariak aitortu du ez dela proba erraza, ez baita ohikoa kilometro kantitate hori egitea ergometroan. Hala ere, guztia ematen ahaleginduko dela dio, erronkak gustatzen baitzaizkio.
  • Korrika: Plazan inguruan egingo da proba. Ibilbideak 500 metro inguru izango ditu, eta berau zortzi aldiz egin behar izango dute, 4.000 metroko proba baita.

Proba bakoitzak, gutxi gora-behera, 15 minutuko iraupena izango du. Txirrindularitzako proba nahiz arraunarena, biak, pantaila baten bidez jarraituko dira. Hau da, teknologia erabiliko dute proba horietako denborak erakusteko. Honela, probaren jarraipena egin ahal izango da. Bestalde, Seguro Bibaok emandako babesa eskertu nahi izan du Kilometroakek, baita Orioko Udalaren laguntza ere.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!