Erria txikota!

"Gure zozketa" ekimen berria aurkeztu dute "Erria txikota!" festaren baitan

Erabiltzailearen aurpegia Lore 2014ko urt. 17a, 10:47
Sostengu ekonomikoa bilatzeko helburuarekin sortua, 60.000 euroko saria izango duen zozketa berezia da

Kilometroak Kultur Elkartearekin elkarlanean, ekimen berri eta berritzailea jarri berri du martxan Orioko Herri Ikastolak 2014ko Kilometroak jaiaren baitan. Atzo goizean bertan aurkeztu zuten Ikastolen elkartean Gure zozketa egitasmoa Kilometroak Kultur Elkarteko Lehendakari Arantza Manterolak, Orioko Herri Ikastolako lehendakari Gemma Etxabek, Orioko Herri Ikastolako zuzendari Zigor Saizarrek eta Kilometrotako koordinatzaile Eñaut Telleriak.

Sostengu ekonomiko sendo bat lortzeko helburuz sortu dute ekimena estreinakoz. 2014. urteko poltsikoko egutegiak izango dira kasu honetan zozketako-billeteak. Egutegi bakoitzak zenbaki bat eramango du, 60.000 euroko sari bat eta bakarra irabazteko aukera eskainiz. Saizarren hitzetan solidaritatea eta elkartasuna bi norabideetan aplikatzen ditu zozketak, jendearen 5 euroko laguntzarekin sostengu sendoa lortzearekin batera, nolabait ekarpena egiten dutenen artean 60.000 euroko saria zozketatzea ahalbidetzen baitu ekimenak.

Manterolaren arabera datozen Kilometroak-etarako ere baliagarria izango da Erria txikota! aldarri daraman aurtengo festaren baitan egikaritu den egitasmoa: etorkizunera begira, gizartean indartsu errotu eta hurrengo edizioetan ere martxan jarri beharko litzatekeen ekimen interesgarria dela uste dugu.

Diru-iturri izateaz gain, Ikastolek bere dituzten elkartasun eta solidaritate balioetan ardazten da ekimen berria Etxaberen hitzetan, horrela kontsumoan oinarritzen den festa bat antolatu baino, bestelako balio batzuk sustatzera datorren ekimena.

100.000 poltsiko-egutegi kaleratu dituzte. 5 euro balioko ditu egutegi bakoitzak. 60.000 euroko saria, berriz, urriaren 7an zozketatuko da. Gainera, zenbaki sarituaren saltzaileak 600 euro jasoko ditu

Salgai dagoeneko

Egutegiak salgai daude dagoeneko Gipuzkoako Sendagaigileen Elkarteko farmazietan, Gipuzkoako Ikastola guztietan eta Gipuzkoako zehar hainbat establezimendutan (denda, taberna, etab.). Txotx denboraldian ere, sagardotegi giroko inguruan eskainiko dira Gure zozketa-ko boletoak. On line bidezko salmenta ere laster batean jarriko da martxan www.kilometroak.net/gurezozketa helbidean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!