Matrikulazio kanpaina abiatu du Orioko Herri Ikastolak, "Bihotzeko Ikastola"k

Erabiltzailearen aurpegia Lore 2014ko urt. 15a, 16:34
Urtarrilaren 18an irekiko dizkie ateak ikastetxea gertutik ezagutu nahi dutenei

Otsailaren 3tik 14ra bitartean izango da aurten ikastetxeetako matrikulak egiteko garaia. Ordurako hilabete erdi baino gehiago falta bada ere, bere kanpaina abiarazi du dagoeneko Orioko Herri Ikastolak atzo goizean emandako prentsaurreko baten bitartez. Ohi baino lehenago hasi dute aurten ikasle berriak egitera bideratutako ekimena. Izan ere, urte berezia dute aurtengoa Ikastolakoek; Kilometroak gora eta Kilometroak behera dabiltza, eta horretara denbora asko bideratu beharko dutela -eta, matrikulazio kanpaina lehenago hastea erabaki dute.

Orioren erdi-erdian, bihotzean, zabal-zabalik eta esku-eskura daudela-eta, Bihotzeko ikastola lema aukeratu dute aurtengo kanpainarako. Horrez gain, bihotzeko taupaden moduan, Ikastolak ere badu herria bizirik mantentzearen zeregina Ikastolako zuzendari Zigor Saizarren arabera. Emozioz betetako ikasleen Ikastolako lehen eguna ere gogoratu nahi izan dute bihotz horretan.

Ateak irekitako eguna urtarrilaren 18an

Azken urteotako ohiturari jarraituz, zenbait ekimen antolatu ditu Ikastolak matrikulazio kanpainaren baitan: urtarrilaren 18an egingo dute ateak irekitako eguna. Ikastola gertutik ezagutzeko aukera eman nahi diete batez ere bi urteko gelara lehen aldiz etorriko liratekeen guraso eta haurrei.

Ikastetxea ezagutu ondoren, jardun pedagogikoaz informatzeko bilerak egingo dituzte urtarrilaren 22an, asteazkenarekin. 17:00etan izango da euskaraz eta 18:30ean gazteleraz, biak ere Ikastolako eraikin berriko areto nagusian.

Ekimenekin jarraituz, Pirritx, Porrotx eta Marimotots etorriko dira urtarrilaren 24an Bizipoza emanaldia eskaintzera. Karela kiroldegian izango da saioa eta sarrera agortzear daudela jakinarazi zuen atzokoan Saizarrek.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzak ere badu lekua matrikulazio kanpainan. Izan ere, urtarrilaren 30ean Aiako Lardizabal eskolan izango dira Orioko Herri Ikastolako ordezkariak beren DBHko eskaintza aurkezten. Lehen Hezkuntzako 6. mailan dauden ikasleei eta horien gurasoei zuzendutako saioa izango da. 16:30ean hasiko da aurkezpena eskolan bertan.

Bideoa

Ikastolaren izaera jasotzen duen bideoa egin dute aurten ere, iaz bezala. Berez, bi urterako bideoak egiteko asmoa zuten hasiera batean, baina 2013ko matrikulaziokoari nahikoa zuku atera diotela iritzita, aurten Kilometroak sortu duen olatua baliatuz, berria egin dute, 2014 eta 2015erako kanpainetarako balioko duena. 6 minutuan 2 urteko haur baten ahotik Ikastolako maila guztietatik pasatzean bizitakoak jasotzen ditu, beti ere Kilometroak-eko leloa den Erria txikota-ri erreferentzi eginez. Zigor Saizarren hitzetan energia dario Erria txikota-ri eta matrikulazio kanpainan ere baliatu nahi izan dute urriko festa egunak ekarri duen olatu hori.

Matrikulatzera datorrenarentzako ez ezik, Ikastolan ikasi duen guztientzat –gurasoentzat, ikasle ohientzat... 42 urte hauetan Ikastolarekin lotura izan duenarentzat – oso bideo erakargarria dela uste du Saizarrek, kanpainako leloarekin bat datorrena.

Bideoa –eta informazio txostena–, gainera, seme-alaba matrikulatzeko garaian duten gurasoei giltza formako pendrive batean banatuko diete, nolabait adieraziz haiek dutela Bihotzeko Ikastolaren giltza.

Matrikulatzeko agiriak

Matrikulazioa egin nahi duenak ondorengo agiriak eraman behar ditu ikastetxera aipatutako epearen barruan: otsailaren 3tik 14ra bitartean.

  • Nortasun agiriaren fotokopia bana –bi gurasoena–.
  • Errolda agiria
  • Liburu familiaren kopia

Iazko matrikulazioa ordura arteko handiena izan zuen Orioko Herri Ikastolak, 72 haur bi urteko gelan hain zuzen ere. Gutxi gorabehera 2011n adina haur jaio dira Orion 2012an eta horrenbestez, aurtengo aurreikuspenen arabera antzeko matrikulazioa espero dute Ikastolan. Dena den, Artezkaritza Kontseiluko kide Nerea Orbañanosen hitzetan apaltasunez begiratu behar diote etorkizunari: prest gaude urtez urte horrenbeste haur jasotzeko, Ikastolak badu horiek hartzeko gaitasuna, baina etorkizun hurbilera begira egin behar dugu lan. Oraingoz, Ikastolak gela libre batzuk baditu azken urteotako haur kopuru handia hartzeko -Saizarrek.Krisi garaian jaiotza-tasak behera egingo dutelako zantzuak ere badituzte Saizarrek eta Orbañaosek eta horrenbestez, gero zer pasako den ikusteko dagoela diote.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!