Euskal Herriko txokoak eta musika izango dira aste honetan protagonista

Erabiltzailearen aurpegia Lore 2014ko urt. 14a, 11:24
Euskaraz Bizi-bizi egitasmoaren baitan, Arkaitz Astiazaran eta Joseba Tapia izango dira Orion urtarrilaren 15ean eta 17an, hurrenez hurren

Bizi-bizi dator astea Orion. Izan ere, bi ekitaldi antolatu ditu Orioko Euskara Batzordeak Euskaraz bizi-bizi egitasmoaren baitan.

Asteazkenean, urtarrilaren 15ean izango da aurrenekoa. Euskal Herrian barrena bizikletako pedalei eragin eta eragin ibili den Arkaitz Astiazaran itziartarrak bere ibilbidearen nondik norakoak kontatuko ditu Salatxo aretoan. 19:00etan hasita, bideoz eta argazkiz lagunduta laburbilduko du 37 etapatan antolatutako 4.400 kilometro egitean bizi izan duena. Motxila bizkarrean hartuta, Euskal Herriko mugak zeharkatu gabe, 800 herri bisitatu ditu Astiazaranek.

Bideo-kamera, ilusioa eta gogoa hartu zituen Astiazaranek 2013ko udaberrian motxila; esperientzia eta irudi ederrak ekarri zituen etxera. Horiek partekatuko ditu asteazkenean.

Joseba Tapia ostiralean

Urtarrilaren 17an, ostiralarekin izango da Orioko Euskara Batzordeak aste honetarako antolatutako bigarren ikuskizuna. Musika, gitar-doinua, izango da protagonista oraingo honetan. Tximela kapitainaren izarrak azken diskoa aurkeztuko du Orioko kultur etxean Joseba Tapiak, 22:00etan hasita. 

Iazko azaroan aurkeztu zuen bere seigarren diskoa Joseba Tapia kantariak. Gerra zibilaren garaian, 1937an, Tximela kapitainak (Luis Rezolak) Duesoko presondegian idatzitako bertso eta poemak dauzka oinarri diskoak: egunerokoa: gosea, herrimina, fusilamenduak, bizitza osorako kartzelaldia... eta esperantza, hala ere.

Trikitixarekin lotu ohi da Tapia, baina oraingo honetan gitarra bat izango du lagun. Aukeraketa horretaz galdetuta abestiek eskatu diotela dio Tapiak bere atari digitalean: kantuek eraman naute gitarrara. Agur Intxorta maite-n trikitiarekin lortu nuen gerrako giro hura ekartzea. Kasu honetan ere gerra garaia da, baina kartzelaldian kokatua dago. Ilunpea, hotza, umedadea, bakardadea, beldurra… Sentsazio horietarako trikitia ozenegia egiten zitzaidan. Eta pentsatu nuen gitarrak lagunduko zidala.

Gonbita jaso behar da sartzeko

Doakoak izan ohi dira Euskaraz bizi-bizi egitasmoaren baitako emanaldiak. Orioko kultur etxeko aretoaren plaza-kopurua mugatua da, ordea, eta kudeaketa lanak errazteko 110 gonbita prestatzen ditu kultur etxean izaten den ekitaldiko Udalak. Horrenbestez, ezinbestekoa izaten da gonbita kultur etxean hartu eta emanaldiaren aurretik aurkeztea.

Horrez gain, Orioko elkarte bakoitzak bina gonbita izaten ditu jasotzeko prest.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!