Herritarrek hainbat ekarpen egin dizkiote 2014. urteko Orioko Udaleko aurrekontuari

Erabiltzailearen aurpegia Lore 2014ko urt. 13a, 08:22
131 ekarpen jaso dira udal bulegoetan jarritako postontzietan

Iaz bezala, aurten ere herritarren iritzia jasotzeko modua egin du Orioko Udalak urteko aurrekontuak zehaztu aurretik. Auzoka eta gaika, bilerak egin zituen lehengo urtean eta aurten, berriz, aurrekontuei buruzko kexak, iritziak, gomendioak eta ekarpenak aditzera emateko eskuorria banatu zuen Orioko etxe guztietara San Nikolas bezperan. Aukera hori baliatuta, 131 ekarpen jaso dira udal bulegoetan jarritako postontzi berezietan.

Bildutako proposamen horiek publiko egin berri ditu Udalak www.oriora.com atarian. Ekarpen horien harira, guztiak hartuko dituztela kontuan adierazi du Beñat Solaberrieta alkateak. Dena den, finantzaziorik eta adostasun politikorik gabe ezingo direla gauzatu gogoratu du.

Udal ikuspegitik begiratuta, hiru proposamen mota identifikatu ditu Solaberrietak:

  • Partida ekonomikoa behar luketen eta udal erabakiak izan daitezkeenak: aurkeztutako proposamen ia gehienak udal diagnosiarekin bat egiten dute, eta beraz finantziazioa bilatzeaz gain, udala osatzen dutenen artean gehiengoa lortzea izango da helburua –Solaberrieta. Finantziazioa bilatzeko beste administrazioetarako proiektuak idatzi eta haien ateak jotzen hasteko proposamena egingo dute.
  • Partida ekonomikoa behar eta beste administrazioen esku daudenak: Orioko Udalaz gaindiko administrazioetan baimena eskatuko dute erabakiak hartu aurretik. Behin hori eginda, finantziazioa bilatzeko bideari ekingo diote.
  • Partida ekonomikoa behar ez duten ekimenak: proposamen mota horiek guztiak hartu eta dagokien batzordeetan eztabaidatzeko konpromisoa hartuko du Udalak.

Ekimen honen balorazioaz galdetuta, herritarrak udalera hurbiltzeko saiakeren baitan kokatzen du Solaberrietak. Legealdi hasieran sortutako aholku mahaiak fruitu nahiko aberasgarriak eman dituen bezala, aurrekontu parte hartzaileak egiteko modu hau oso eraginkortzat du: sistema azkar eta erraz baten bidez saiatu gara herritarren proposamenak jasotzen. Eskaera zehatzez gain ekarpen interesgarriak jaso dira eta horrez gain, Udalaren gardentasuna bermatzeko herritar guztien proposamenak dokumentu batean gorde eta Orioko udaleko web orrialdean zintzilikatu ditugu nahi duenak ere ikus ditzan.
 
Balorazio positiboa egin du, beraz, Orioko alkateak. Dena den, parte hartze kultura garatu beharra dutela iruditzen zaio: ohitu gabeko ariketa egitea kosta egiten da, baina udalak ez dio gerturatze ariketak egiteari utziko, denen artean eraiki nahi baita Orio.

Urtarrilean negoziazioak

 

Alkatearen hitzetan, urtarrila izango da aurrekontuak aurkezteko hilabetea. Izan ere, gainerako administrazioen arabera antolatzen da aurrekontua eta, hortaz,  Gipuzkoako Foru Aldundiak biztanle kopuruaren arabera emandako diru-laguntzen zenbatekoa eta Urola Kostako Mankomunitateari eman beharreko zenbatekoa jakin ondoren izango da. Horiek zehaztutakoan batzordean aurkeztuko du alkateak aurrekontu proposamena, negoziatzeko tartea irekiz.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!