Pirritx, Porrotx eta Marimotots bisitan etorriko dira urtarrilaren 24an

Orioko Herri Ikastolak antolatuta, "Bizipoza" emanaldia eskainiko dute Karela kiroldegian

Orioko Herri Ikastolak antolatuta, urtero bezala, aurten ere etorriko dira Oriora Pirritx, Porrotx eta Marimotots, lagun guztiak hartuta, beren ikuskizun berria aurkeztera. Urtarrilaren 24an etorriko dira pailazo ezagunak Panpoxa furgonetan sartuta oriotarren irribarrea zirikatzera. Kanta, salto, muxu, algara artean elkarrekin jolasteko gonbita egin dute pailazoek, 17:30etarako Karela kiroldegira hurbiltzeko deia egitearekin batera.

Pailazoen jardun luzeari (26 urte daramatzate Pirritxek eta Porrotxek taula gainean) errepasoa emango diote Bizipoza emanaldiaren baitan. Bizipoza auzolan elkartearen nondik norakoak ere azalduko dituzte pailazoek, gizarteko hainbat esparrutako eragileen zeregina goraipatuz. Azken batean, elkartasunari buruzko saioa izango da hilaren bukaeran Orioko kiroldegian ikusi, sentitu, dantzatu eta biziko dena.

Sarrerak salgai

Antolatzaileek gaur bertan jarri dituzte sarrerak salgai Ikastolako idazkaritzan eta Il Gelato kafetegian, 7na eurotan. Sarrera kopurua mugatua izaten da eta pailazoen arrakasta ikusita, lehenbailehen erostea aholkatu izan dute ikastolako ordezkariek.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!