Kiropraktika hizpide urtarrilaren 14an

Erabiltzailearen aurpegia Lore 2014ko urt. 7a, 13:49
Xabier Mendiaraz adituak emango du konferentzia Orioko Kultur Etxean

Gipuzkoako kiropraktikako aditu eta zaleei zuzendutako Osasuna eta kiropraktika konferentzia emango du Xabier Mendiaraz kiropraktikoak Orion urtarrilaren 14an. Bizkar hezurra ondo zaintzeak gaixotasunak hobetzen eta saihesten lagun dezakeela oinarri hartuta egiten dute lan kiropraktikoek. Dena den, arazoen prebentzioari garrantzia eman nahi dio fisioterapian diplomatua eta kiropraktikan lizentziatua den Xabier Mendiarazek eta horrenbestez, doakoa izango den 45 minutuko saioa prestatu du datorren astearterako.

Lau zatitan banatuko da konferentzia:

  • 1. zatia. Sarrera: zer da osasuna ikuspegi natural batetik? Zer egin dezakegu bakoitzak norbere osasuna hobetzeko?
  • 2. zatia: nola eragiten du bizkar hezurrak gure osasunean?
  • 3. zatia: kiropraktika. Nola lagun dezake kiropraktikak?
  • 4. zatia: bideo emanaldia eta galderen txanda

Saiora joan nahi duenak 943 441 687 telefono zenbakira deitu beharko du. 

Kirurgiarik eta botikarik gabeko sendabidea

Kiropraktika gertuagotik ezagutu nahi eta nondik norakoak azaldu dizkigu Xabier Mendiaraz berak.

Zer dauka kiropraktikak beste medikuntzako arloek ez dutena?
Larrialdi momentutan erantzunak eskaintzen ditu osasun zerbitzuak, baina horiek, momentuan artatzen direnak, osasun arazoaren zati txiki bat baino ez dira izaten. Jende asko bizi da gaixotasun kronikoekin eta horietako askoren kasuan gaixotasunak aurrera jarraitu du laguntza tradizionala jaso ondoren ere.

Askotan, medizina tradizionalarekin urte askotan ibili ostean ezagutzen du jendeak kiropraktika  aurrenekoz. Ordura arte sintomak  edota ondorioak bakarrik tratatu izan dituzte. Gaixotasuna sortzen duen zergatia (jatorria) ez bada lantzen gure osasunean kalte handiagoa sor dezake, kirurgia egitera iristeraino. Horretan desberdintzen dira kiropraktika eta medikuntza tradizionala. Kiropraktika zaintzak subluxazioak zuzentzeaz arduratzen da, beti ere natura errespetatuz eta inongo kirurgia eta botikarik gabe.  Esan daiteke, subluxazioak direla osasuna galtzearen zergati nagusienetarikoa.

Kiropraktikak aldaketa global bat lehenesten du naturan oinarritutako osasunarengatik apustu eginez. Azken batean, ikuspuntu naturistaren baitan gure osasuna berreskuratzeko bide seguru eta eraginkorrena da 1985. urteaz geroztik.

Horretarako baina prestatu egin behar da. Kiropraktiko lizentziatua batek 5 -7 urte igarotzen ditu unibertsitatean ikasten, ondoren bizkarrezurreko  zuzenketak egin ahal izateko.
 
Nola egiten du lan kiropraktiko batek? 
Kiropraktika arloa  bizkarrezurra eta nerbio sistemaren arteko harreman estuaz arduratzen da. Bizkarrezurra osatzen duten 24 ornoek babesten dituzte nerbio sistema eta hezur-muina. Biak dira, alde batetik garunaren eta bestetik,organoen, gorputzaren eta zeluleen arteko komunikazioaz arduratzen direnak. Garunaren eta gorputzaren artean nerbio bulkada bat sortzen denean nerbio sistematik eta hezur-muinetik pasatzen da. Batzuetan ornoek bere oinarrizko posizioa galdu egin dezakete hainbat arrazoirengatik: izan estres kimikoa (botikak , elikadura, gain-medikazioa, toxikoak...) estres fisikoa (erorketak, postura txarrak...) edo emozionalak (beldurrak, kezkak, arazoak).

Bizkarrezurra osatzen duten ornoak oker jartzen direnean subluxazioaz hitz egiten dugu, eta nerbio narritadurak sor ditzake nerbio-sisteman; beraz, gorputzeko funtzioetan eragina izaten du eta aldi berean, sistema osoan. Subluxazioa ez bada zuzentzen gure bizkarrezurra degeneratu egin daiteke eta gaixotasun kronikoetara bultzatu, hau da, gure bizi-kalitatea jaitsi.

Badirudi gero eta ohikoagoak direla bizkar hezurreko arazoak. Zergatik?
Hain zuzen ere, gero eta bizkarrezur arazo gehiago daude, eta kontuan izan behar dugu gure nerbio sistema estaltzen duen egitura dela, beraz, osasunean ondorioak ekar ditzake. Normalean, bizkarrezurraren arazoak postura txarrekin lotzen ditugu, baina badira beste hainbat ohitura gure bizkarrezurrean eta osasunean ondorioak dituztenak. Lehen aipatutako estres kimikoa, fisikoak, emozionalak etab.

Gaur egungo bizimoduak ohitura desegokiak hartzera eramaten gaitu, beraz gaixotasunak hartzeko arrisku handiagoa dugu.

Kiropraktikoa, osteopata, fisioterapeuta... herritarrak nola jakin behar du horiek guztiak ezberdintzen?
Egia esan lanbide eta arlo desberdinak dira, printzipio oso desberdinekin. Dena den, hirurek helburu bera dute: pertsonen osasuna hobetzeko lan egiten dute, baina laneko era desberdinez. Antolatu berri dugun hitzaldiaren helburua kiropraktika zer den ulertzea eta gero eta jende gehiago erakartzeko duen zergatiak zein diren jakitea da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!