Bretainiatik abiatuta, Orion hartu zuen atseden atzo foka batek

Galduta baina egoera onean zegoen foka

Neguarekin Bretainia inguruko kolonietatik hegoaldera jotzen dute itsas-fokek, gurasoengandik banandu eta bakarkako bideari ekinez, tenperatura eta baldintza egokien bila. Bizkaiko golkoan geratzen dira horietako batzuk. Honainoko bidea, ordea, luzea, zaila eta neketsua da eta aurreikusitakoa baino bidaia luzeagoa izan daiteke itsas animalia horientzat. Bakar-bakarrik egiten duten gainera, handik honainoko igeriketa saioa.

Itsas Enara Ornitologia elkarteko Hector Gonzalezen arabera, Getarian, Pasaian eta Hondarribian urtero agertzen dira fokak ontziak itsasoratzeko aldaparen batean atseden hartzen. Horixe bera pasa zitzaion atzokoan foka bati, hegoalderako bidean galdu eta Orioko hondartzara sartu zenean, itsasoak bultzata, atseden bila.

Bestalde, horrelako animalia baten aurrean gizakiok nolako jarrera izan behar genukeen ere gogoratu ditu Gonzalezek: animalia basatiak dira fokak; lotsatiak eta bakezaleak, baina basatiak. Horrenbestez, beren burua arriskuan ikusten badute, gehiegi hurbiltzen denari hozka egiten diote, defentsa gisa. Hortzeria indartsua dute, arrainak harrapatzen ohitura daudelako eta oso mingarria izaten da fokaren hozkada.

Gizakiaren alboan egotera ohitu gabe, errespetuz jokatzea da egokiena eta atseden hartzera etorri denari horretan lagatzeko eskatu du Gonzalezek.

Bere bidea jarrai dezan laguntzen

Itsas faunaren ikerketa eta babeserako Ambar elkarteko kide Aitor Leiza zumaiarra ere izan zen Orion agertu zen fokari argazkiak atera eta haren osasun egoera aztertzen. Itsas animaliari buruzko azalpenak eman dizkigu gainera.

Dirudienez Aitor, foka dezente agertu ziren atzokoan inguruotan. Ohikoa al da?

Sasoi honetan fokak ikustea ohikoa da; urtero azaltzen dira. Azken batean, Bizkaiko golkora etortzen dira batzuk hemen denboraldi bat egiteko asmoz. Banaka egiten dute bidaia gainera eta hortaz, bat edo beste galtzea nahikoa arrunta da. Itsaso zakarra dela-eta, gurasoengandik banandu egiten dira kumeak eta gure kostaldean agertzen dira sarri samar. Dena den, horren ohikoa ez dena egun berean zazpi bat foka inguru berean agertzea da. Atzo arte agertu izan direnak, banaka-banaka iritsi dira gurera.

Nolakoa zen atzo gurean agertu zena?

Foka grisa zen eta gaztea. Itxura guztien arabera, osasun egoera onean zegoen, aho azpian bi zauri txiki bazituen ere.

Zer egiten du Ambarrek horrelako kasuetan?

Animaliari deskantsatzeko aukera bermatzen saiatzen gara. Atseden hartzera etortzen dira kostara eta jendea gehiegi inguratuz gero ez dute beren helburua betetzen. Bake bila etortzen dira lehorrera. Hesi bat jartzen diegu guk hortaz inguruan, jendea atzean gelditu dadin.

Zauriturik balego, Igeldoko Arrano Etxera eraman ala ez erabakitzen dugu, sendatzera. Ni nahiko berria naiz Ambarren eta ez dauzkat kontatzeko kasu asko, baina egun hauetan Bizkaiko kostaldean agertu den fokaren bat edo eraman dute zentro batera.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!