30 ontzi hartzen ditu oraingoz Arraunetxek

Martxo erdialderako prest izango da ontziak alokatzeko zerbitzua

Urte erdia baino gehiago pasa da 2013ko martxoan Arraunetxe inauguratu zenetik. Orio Arraun Elkartearen etxe berria eta Arraun eta Piraguismo Teknifikazio zentro izan da harrezkero. Bestelako zerbitzuak emateko ere prestatuta dago, ordea, eta horretan hasia da Begi Bistan enpresa. Arraunetxeren bazter batean –Orio alderakoan– du bere hangarra, herritarren zerbitzura.

Oraingoz, norberak bere ontzia lagatzeko toki gisa du hangarra Begi Bistan-ek. Mota desberdinetako 30 inguru ontzi dituzte bertan gordeta eta abenduaren 26an egin zuten enpresako ordezkariek lehen bilera ontzien jabeekin. Zenbatekoa zehazteko duen urteko kuota bat ordainduko dute ontzien jabeek Arraunetxen ontzia gordetzearen eta bertako aldagelak erabiltzearen truke. Horrez gain, zerbitzu horren erabiltzaileei arraun munduarekin lotutako produktu edo materialen bat erosteko aukera eskainiko die Begi Bistanek, prezio berezian.

2013-Arraunetxe-Begi BistanBegi Bistaneko ordezkarien hitzetan, jendea atzera eta aurrera ibiltzeko lekua behar du izan berek kudeatzen duten hangarak, eta hortaz, erabiltzaileei arduratsu jokatzeko eskatzen diete: erabiltzaileek beren gauzak zaintzea ezinbestekoa da. Ez ditzatela nikiak zintzilik utzi, gure ateak irekita egoten baitira Arraunetxekoak zabalik daudenean.

Hasiera batean ontziak uzteko 40 bat toki ditu Arraunetxek zerbitzuetara bideratutako hangar horretan. Horiek betetzeko garaian, Orio Arraun Elkarteko kideek dute lehentasuna.

Herritarren aisialdiari begira

Begi Bistanek berak kudeatuko du baita ere, 2013-Arraunetxeko erabiltzaileakherritarren aisialdira zuzendutako ontziak alokatzeko zerbitzua. Taldean nahiz bakarka, kanoak, kayakak, Paddle surf egiteko ontziak eta Raft ontziak alokatzeko aukera izango dugu, begiraleekin ala gabe. Ondo pasatzera zuzendutako saioak izango dira Begi Bistan enpresako ordezkarien hitzetan eta beraz, eguraldiak laguntzen duenean mugimendua izango dutelakoan daude.

Alokatzeko tarifek Orioko Udaleko agintarien oniritzia jaso bezain pronto, martxoaren erdi aldetik aurrera edo, zerbitzu berri hori martxan egotea espero dute.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!