BPXport enpresak kudeatuko ditu aurrerantzean Karela, Arraunetxe, frontoia eta Mendibeltz zelaia

Udal kiroldegiaren kudeaketa integrala bere egiteaz gain, teknifikazio zentroko medikuntza-, hipoxia- eta fisioterapia-zerbitzuez eta pilotalekuko eta Mendibeltz zelaiko garbiketa eta mantenu lanez arduratuko da

Zazpi urte eta gero hilabete honetan bertan, abenduan, bukatu zaio Karela udal kiroldegia kudeatzeko kontratua Kirolatzen 2000 enpresari. Kontratua luzatzeko edo lehiaketa berri bat deitzeko aukera zuen Orioko Udalak egoera horren aurrean. Kiroldegiaren egoera tristea, pilotalekuaren eta futbol-sofbol zelaiaren mantenu gastuak eta Teknifikazio Zentroa kudeatzailerik gabe daudela-eta, bigarrena egin du. 2013ko urriaren 31ko udalbatzarrean onartu ziren lehiaketako oinarri administratiboak eta azaroaren 6an argitaratu zen iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean –211. zenbakiduna–.

Proposamen bakarra aurkeztu zen lehiaketara, BPXport kirol zerbitzuak S.L hain zuzen ere, eta Karela kiroldegiaren kudeaketa integrala eta Arraunetxeren eta beste antzeko zerbitzu batzuen kudeaketa adjudikatzeko lehiaketa atzoko, abenduaren 19ko, udalbatzarrean onartuta, kontratua sinatu bezain laster hasiko da lanean BPXport. 

Udalari aurkeztutako proposamenean hainbat inbertsio egiteko asmoa agertu du BPXport-ek. 60.000 euro bideratuko ditu bere ardurapean egongo diren instalazioak –Arraunetxe gehienbat– hobetzera: besteak beste,  makina batzuk berrituko dituzte, Karela margotu egingo dute eta birziklatzeko ontziak jarriko dituzte. Horrez gain, inbertsioetara bideratutako diru-kopuru horren baitako 28.000 eurorekin poltsa bat osatuko dute, behar denean Udalarekin adostutako hobekuntzak egiteko.

Bestalde, kiroldegiko bazkideek %15eko deskontua izango dute Arraunetxeko medikuntza eta fisioterapia zerbitzuetan. Tolosako Teknifikazio Zentroan eta Elorrioko, Ezkabarteko ea Lodosako kiroldegietan ere %15eko deskontua izango dute Orioko udal kiroldegiko eta Arraunetxeko bezeroek.

Lau instalazioetako langileak subrogatu egingo dira.

Gehiengo absolutuz onartua

Atzoko ez-ohiko udalbatzarrean Jon Carrera idazkariak adierazi zuenez, abenduaren 13ko Kontratazio Mahaitik pasa zen gaia. Udalbatzarrean aldeko 7 botoekin –Bildu eta Orain– eta kontrako 5 botoekin –EAJ– onartu zen gehiengo absolutuz.

EAJko ordezkari Jon Redondok adierazi zuenez, lehiaketako oinarriei ezezkoa eman zien bere garaian eta ildo beretik, oraingoan ere ezezkoa eman dute.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!