Gorputza mugitzeko nahikoa aitzakia izan zen San Nikolas egunean

Egunak utzitako argazki batzuk igo ditugu sarera

San Nikolas egunak zer ikusi eta ikasi ekarri zuen atzokoan Oriora. Gorputza mugitzeko aitzakia emateaz gain, belarriak goxatzeko eta sabela berdintzeko aukera ere eskaini zituen abenduaren 6ak, besteak beste.

1974. urte aldera Pascual Barturen konposatzaileak prestatutako harmonizazioak esnatu zuen eguna 11:00etan. Elizako aldapan behera hamaiketako goxoaren usaina zabaldu zen gero. Izan ere, jan-edan goxoa dastatzeko parada izan zuten herriko jubilatuek Zaharren Babeslekuan.

Egunak ekarri zituen dantzarako ekimenen artean, Dantzari Txikien txapelketa izan zen Herriko Plazan, 12:00etan hasita. Urteroko ezinbesteko ekimen bilakatu da Harribil dantza taldeak antolatzen duena. Trikiti soinuen erritmoan aritu ziren hankak eta besoak mugitzen hango eta hemengo dantzariak.

Xabi Arostegiren txanda izan zen arratsaldean. Umeentzako, gazteentzako eta helduentzako musika saioa eskaini zuen DJ oriotarrak 17:00etan hasita. Plaza bete egin zen hotzari aurre egiteko asmoz. Musika emanaldiaren argazkia ikusteko klikatu hemen.

Dantzan gastatuko energia berreskuratzeko taloak ere izan ziren aukeran plazan, Esperientzia Eskolako kideen eskutik. Arto irinezko taloa txokolatearekin, gaztarekin eta txorixo muturrarekin aberasteko aukera izanda, askok berdindu zuen sabela bertan. Talogileen argazkiak ikusteko klikatu hemen.

Musika izan zen berriz ere nagusi arratsaldea aurrera joan ahala. Txistularien doinuan egin zuten paseoa Pello eta Nikolasa erraldoiek 18:00etatik aurrera. Soka dantza eskaini zuten herriko dantzariek plazan 19:15ean hasita. Eta estreinakoz herriko kaleetan barna ibili ziren Talai Mendi txarangako kideak. Osatu berria da herriko txaranga hori eta festazaleak alaituz aritu ziren atzo. Txarangari ateratako argazkiak ikusteko klikatu hemen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!