"Arrantza munduaren bueltakoa izan behar zuen leloak"– Saizar eta Berasaluze, KMK14ko leloaren sortzaileak

"Erria txikota" leloa proposatu zuten Ibon Berasaluzek eta Ekiñe Saizarrek 2014ko Kilometroetarako

2014. urteko kilometroetako leloa aukeratzeko edota sortzeko lehiaketa egingo zela jakin bezain pronto erabaki zuten Ekiñe Saizarrek eta Ibon Berasaluzek bertan parte hartuko zutela. Esan eta egin. Etxeko elkarrizketetan jaun eta jabe egin zen gaia. Hiruzpalau lelo ibili zituzten bueltaka buruan eta egun gutxira bidali zuten beren lelo-proposamena, biak konbentzitu zituen bakarra: erria txikota.

Gipuzkoako festa erraldoia eta Orio lotuko zituen leloak herriarekin lotura izan behar zutela argi zeukaten biek: Arrantza munduaren bueltakoa behar zuen izan gurean: sareak, josi, txikota… saltsa horretatik ateratako zerbait. Elkarlanaren kutsua izango zuen leloa ere aurreikusten zuten Saizarrek eta Berasaluzek, Ikastolaren balioak gogoan.

Lehiaketan parte hartu zuten guztien artean aukeratua izateko apenas esperantzarik gabe, azken egunetan haizeak ekarri zien berena aukeratua izan zitekeenaren hotsa. Kilometroetako aurkezpen-jaialdian hasi ziren sinesten haizeak ekarritako Erria txikota-k oihartzun handia izango duela datorren urteko urrira arte. Gure proposamenarekin bat zetorren Karela kiroldegiko dekorazioa eta aurkezlea hizketan hasi eta aurreneko “txikota” hitza entzunda lehertu zen gure barneko poza. Ilusio handia egin zigun-diote biek.

Lelo-proposamena aurkezterakoan izenik ez zuten eman eta zergatiaz galdetuta aurreiritzirik ez sortzeko egin zutela diote. Lagunek eta gertukoek bazekiten bikotearen proposamena zein zen; ez gainerakoek, ezta antolatzaileek ere gehitu dute.

erriatxikota

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!