Erria txikota!

2014ko Kilometroak jaian, "Erria txikota!"

Gozategi Argentina Tour 2013 2013ko aza. 22a, 16:54
Orioko itsas ondareari eta auzolanari keinu egin nahi izan diote leloarekin

Komunikabideei goizeko 11:00etan eta herritarrei iluntzeko 20:00etan hasi den jaialdian aurkeztu diete Orioko Herri Ikastolakoek 2014ko Kilometroak jaiaren leloa: Erria txikota!

Horretarako Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakari Arantza Manterola, Orioko Herri Ikastolako zuzendari Zigor Saizar, Orioko Herri Ikastolako lehendakari Gemma Etxabe, Kilometroetako koordinatzaile orokor Eñaut Telleria eta 2014ko jaiko koordinatzaile Joseba Orella izan dira prentsa agerraldian.

Oriotarren itsas ondareari eta Ikastolak hasieratik mantendu duen auzolanari erreferentzia eginaz aukeratu zuten leloa. Herritarren ekarpenetatik jasotakoa da, eta Gemma Etxabek adierazi duenez Orio eta oriotarren bizimodua itsasoari eta errioari lotuta egon da beti; arrantza, ontziolak, errioa eta arrauna. Kultura oso bat garatu da horien inguruan eta oriotarrek itsas ondare hori bizi-bizirik mantendu dute mendeetan zehar.

Horrez gainera, oriotarren hizkerari garrantzia eman nahi izan diote antolatzaileek, globalizatutako gizartea inguruarekin harremana galtzen ari den heinean hizkuntza ondarea ere pixkanaka galtzen ari baita. Bide hori jarraituz, gustatuko litzaiguke belaunaldi berriek oriotarren parte diren esamoldeak eta betiko ohitura eta balioak berreskuratzea, gaineratu du Etxabek.

Leloa, arrantzaleek itsasora joan aurretik lehorrean dagoenari eskatzen dion laguntza oihua da. Txikota, baporearen eta mutiloaren, moilako burdin zatiaren, arteko lotura egiten duen soka lodia da. Hori askatzeari esaten zaio Erria txikota! Orion.

Horrez gainera, logotipoak txikota irudikatzeaz gainera, balearen forma ere badu. Orioko itsas kulturari beste erreferentzia bat eginaz.

Bihartik aurrera eskuratu ahal izango dira leloa eta logoa daramaten arropak San Luiseko sotoan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!