Bi egunetan bi txapel

Karkara 2014ko uzt. 7a, 09:00

Asteburuan bi txapelketetan hartu dute parte Julen Alonso oriotarrak eta Eneritz Aulestia zarauztarrak. Bietan garaipena eskuratu dute eta txapela jantzita itzuli dira etxera

Elorrion eta Lesakan izan dira Eneritz Aulestia eta Julen Alonso. Euskal Herriko bi txoko hauetatik ez dira esku hutsik itzuli; garaikurra eskuetan eta txapela buruan dutela baizik. Asteburu gogoangarria bizi dute Orioko eta Zarauzko trikitilariek, bi egunetan bi garaipen.

Elorrioko txapelketa ostiralean izan zen, uztailaren 4ean, eta sei bikotek hartu zuten parte. Maila ona erakutsi zuten guztiek, pieza ederrak jo zituzten eta saio politak eskaini zituzten. Epaimahaiaren ustetan taula gainean maila hoberena erakutsi zutenak Aulestia eta Alonso izan ziren.

Oriotarra oso pozik zegoen txapela eskuratu zuelako; baina baita artega ere, ondorengo egunean beste txapela bat zutelako jokoan. Lesakako trikitixa txapelketako txapela, hain zuzen, eta hura eskuratzea oso zaila zela aitortu zuen. 

Txapela jantzita itzuli ziren lesakatik. Zuriz jantzita eta zapi gorria lepoan zutela, oholtzara igo eta momentuaz gozatu zuen bikoteak. Ikusleak ere disfrutatu zuen orio eta zarauzko bikoteak eskaini zuen emanaldiarekin.

                                   

Asteburu honetan bi garaipen eskuratu ditu Julen Alonso oriotarrak. Eneritz Aulestia eta berak osatutako bikotea sendotzen ari da, eta egindako lana fruituak ematen ari da. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!