Denboraldiko lehen paladak, sendoak eta ilusioz beterikoak

Karkara 2014ko uzt. 6a, 17:15

Larunbatean bigarren igaro zuten helmuga. Gaur, ordea, banderarekin itzuliko dira Galiziatik oriora eta ongi etorria egingo zaie 23:30ean. Neskak ere fin, hirugarren sailkatu baitziren larunbateko estropadan

Bartzelonan lortutakoak ilusioa piztu zuen eta amets eginarazi. Lehen estropada eta lehen bandera. Ongi etorri jendetsua egin zitzaien herrian, irribarre, ilusioz beteriko malkoa eta txaloen artean. Sanpedro egunean, festen erdigunean, ailegatu zen arraunlarien autobusa. Bandera ondo astindu zuten eta herriak emandako babesa eskertu zuten. Orio, orio ohiuak bihurtu ziren igande hartan herriko melodia.

Astebete besterik ez da pasa, eta berriz ere pozarren daude oriotarrak. Denboraldiko bigarren bandera eskuratu dute gaur, I.Bandeira Concello de bueu. Orduerdi atzeratu da estropada, baina oriotarrak azkar ibili dira. Hasieratik aurretik izan dira eta lehen ziaboa 4:53:89 denboran igaro dute, Hondarribia atzetik zutela. Bigarren ziaboan 9:47:05 denbora egin du, eta Hondarribia eta Urdaibai hiru segundura zituen. Azken ziabogan 15:03ko denbora egin du; ziaboa ona egin eta segundu batean handitu du bermeotarrekiko zuen aldea. Urdaibai ia lau segundura jarri zaio. Oriok kontrolpean izan du Ohorezko tanda, hasieratik amaierara. 19:51:10 denborarekin bandera eskuratu du Orio babyauto taldeak.

                      

Urdaibai gelditu da bigarren 19:53:10 denborarekin eta Hondarribia hirugarren 19:56:70 denborarekin. Atzetik Kaiku, Zierbeña, San Juan, Tiran, Cabo, Astillero, Portugalete, San Pedro eta Pedreña geratu dira. Gaurko garaipena ospatzeko 

Sanxenxon bigarren Urdaibaien atzetik

Larunbatean II. Bandeira Nauta Sanxenxo jokatu zuten. Orio bigarren sailkatu zen, Urdaibaien atzetik. Larunbatean ez ziren tanda berean lehiatu, Urdaibai lehenengo tandan atera zen eta Orio hirugarrenean. 20:54:49 denborarekin Urdaibaik astindu zuen bandera. Orio, atzetik, bost segundura.

San Miguel Ligan lehen postuan

35 puntu eskuratu ditu hiru estropadetan Oriok. Lehendabiziko postuan da San Miguel Ligako sailkapen orokorrean. Atzetik Hondarribia eta Kaiku taldeak daude, biak 28 punturekin. Zazpi puntuko aldea ateratzen die, hortaz, oriotarrek.

Emakumezkoak hirugarren

Orioko neskek datorren astean hasiko dute Euskotren Liga. Orain arte gogor entrenatzen aritu dira eta jada bazuten gogoa lehiatzeko. Asteburu honetan izan dute aukera, ligan aurkari izango diren horien kontra aritzeko. Pasaian izan zen estropada, larunbatean, eta hirugarren postuan sailkatu ziren oriotarrak. Orioko nesken aurretik San Juan –lehen postuan– eta Hibaika –bigarrenean– sailkatu ziren. Atzetik Zumaia, Getaria-Zarautz eta Santoña.

Argazkia: Eneko Santamaria

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!