Jorge Pinto: "Kalefitek gimnasioaren moldeekin hausten du"

Karkara 2014ko uzt. 9a, 08:42

Baloiari ostikoka eman ditu urteak eta urteak Jorge Pintok. Futbola zelaian egiten zuten, aire librean, baina futbola utzi eta ikasten hasi zenean, lau pareta artean egin behar izaten zuen kirola.  Kirola bakarka, ginmasioan eta era rutinarioan egin ordez kalera atera du Pintok Kalefit proiektuarekin.

Lagun batek eskatutako mesedearekin hasi zen guztia. Ahoz aho zabaltzen joan da eta orain 33 lagun dira Kalefiten. Pintok, ordea, ez du gelditu nahi eta bidean aurrera jarraitu nahi du. Ilusio eta gogoa ez zaizkio falta horretarako.

Kalefit. Forman jarri kalean esan nahi du, ezta?

Helburua hori da, lekuak aldatzea, entrenamentuak saioro ezberdinak izatea... betiere daukagun ingurunea baliatuz.

Nolatan sortu zitzaizun lau pareten artean egiten zena kalera ateratzeko ideia?

12 urtez futbolean ibili naiz eta entrenamentu guztiak kanpoan egiten genituen. Futbola utzi eta ikasten hasi nintzen. Muskulazioaren inguruko eskolak gimnasioan jasotzen genituen, guztiak makinari lotuak zeuden eta ohiko prozedura zuten.

Horrez gain ikastaro batzuk egin nituen, horien artean Madrilgo federazioak Gasteizen eskaini zuena entrenamentu funtzionalen inguruan. Futbolean egiten nuen berbera zela ikusi nuen, era dibertigarriagoan eta ariketa anitzagoekin. Polikiroldegian jende asko ikusten nuen zer egin behar zuen ez zekiela, eta orduan otu zitzaidan Kalefit proiektua. Kirola taldean, musikarekin, era dibertigarrian eta kalean.

Gimnasioak aipatu dituzu. Fama handia hartu dute eta erabiltzaile asko dituzte...

Gimnasioko errutina ez zait gustatzen. Niretzat ez da kirola makina batean jartzea eta mugimendu jakin bat egiten egotea, muskulo bat soilik lantzea. Hori gorputzarentzat ez da naturala, eta osasunarentzat ere ez da ona. Lesioren bat baduzu, bai, gihar jakin bat errekuperatzeko; baina bestela, ez.

Erabiltzaileak irabazi dituen arren ez jakintasun asko dago ginmasioan. Horrek ez dio osasunari mesederik egingo, ezta?

Berri bat gimnasiora joaten hasten denean, ezer ere ez dakiela joaten da. Aldamenekoari begiratzen dio, eta hari kopiatu. Baina horrek ere lehen aldian berdina egin zuen... horrela kalte asko egiten zaio gorputzari.

Pisua hartzea, adibidez, ez dago ondo. Gaur egun hori asko egiten da. Kalefitek molde horiekin hausten du. Kalean egiten dugu kirola, naturalagoa baita. Mugimenduak ere naturalagoak eta eguneroko bizitzan egiten ditugunak izaten dira.

Eliteko kirola ere indartzen ari da. Lehen herri mailako lasterketek ospe handia zuten, partaidetza handia. Orain, aldiz, esfortzu handiagoko probek parte hartze handiagoa dute.

Igarri detena da jende askok gorputza muturreko egoeratara eramaten duela. Nork bere burua gainditu nahi du, eta horretarako, muturreko egoeretan jartzen da. Muga batzuen barruan, ondo dago; baina astakeria asko egiten dira.

Nola hausten duzu errutinarekin?

Mila motatako ariketak egiten ditugu, materiala ere milaka dauzkagu. Gorputzeko gauza jakin bat landu ordez, muskulu asko lantzen ditugu. Hori dakar material asko izateak, bakoitzarekin ariketa asko egin daitezkeela. Horrek askatasuna ematen dit.

Taldeko entrenamentuak eta banakakoak eskaintzen dizutu?

Bi zerbitzuak ematen ditut: taldeak eta bakarka. Pertsona bat bakarrik etortzen bada bere helburuan jartzen dut fokua. Talde bat etortzen zaidanean ahalik eta pertsonalizatuena egiten ahalegintzen naiz.

Kirolarien babesa jaso duzu. Tartean, Axi Muniainena, Ainara Manterolarena, Oiana Blancorena edo Hossain Kaanacherena... Garrantzitsua izan da zuretzat sostengu hori?

Berek Kalefiten berri zuten eta probatzera etorri ziren. Berei gustatu zitzaiela ikusteak bete egin zidan. Oiana Blancok judoa utzi duenez Kalefiten hasi nahi du, gustura aritu baitzen, eta horrek poztu egiten zaitu.

Eta proba egin dutenek zer esan dizute?

Bezeroak ere pozik daude eta hobekuntzak dauzkate, bai estetikoki, bai osasun aldetik. Jendea gustura dagoela ikusteak poztu egiten nau eta indarra ematen dit proiektuarekin jarraitzeko.

Izan zenituen irakasleek badute proiektuaren berri?

Julen Madina nere tutorea izan zen unibertsitatean, muskulazio espezifikoa izan da berak eman zidan ikasgaia. Gimnasioa, errutinak... hori erakusten zidan. Egiten ari nintzena kontatu nionean harritu egin zen, orain artekoarekin hausten baitzuen. Probatu eta gustatu egin zitzaion.

Aurrera begira jarrita, zein dira zure asmoak?

Udaran 13-16 urte bitarteko haurrekin hasi nahi dut. Zarautzen ere egin nahi dut zerbait, surfarekin lotuta. Surfaren munduan Kalefit txertatzen saiatuko naiz. Bestalde, neguari begira, lokal bat hartu nahiko nuke, eguraldiarekin estu ibiltzen garelako.

Festetan egin zenuen erakustaldian haurrek probatzeko aukera izan zuten. Gustura ibili ziren?

Ni helduekin ibili nintzen arren gazteekin egon ziren begiraleek esan zidaten gustura ibili zirela.

Hala ere, eguraldiak laguntzen duen guztietan kalean egingo duzue kirola, ezta?

Oso eguraldi zatarra izan behar du kalean ez egiteko. Ahaleginduko gara beti kalean egiten eta beti toki berrietan egiten. Entrenamentua ere ez da inoiz errepikatzen. Horrek buruari sekulako askatasuna ematen dio.

Erraza izan zaizu berria den proiektua ezagutaraztea?

Pixkanaka gertatu da. Lagun batek taula bat egiteko eskatu zidan, argaltzen laguntzeko. Horrekin hasi nintzen. Gero, beste batek eskatu zidan. Ahoz aho zabaltzen joan da nire lagunen artean. Bi pertsonekin hasi eta poliki-poliki handitzen joan gara. Egun 33-34 pertsona gara. Hori niretzat izugarrizko lorpena da.