Europako Txapelketan parte hartzeko ametsa betetzear

Karkara 2014ko uzt. 10a, 08:13

Espainiako 16 urte azpiko saskibaloi selekzioarekin Aragoin kontzentratuta dago Sara Iparragirre oriotarra

Lau urte daramatza Sara Iparragirre Alustiza oriotarrak saskibaloian. Denbora gutxian pauso handiak eman ditu eta arrakastaz arrakasta dabil. Gipuzkoako selekzioan hasi zen, Euskadiko selekziora egin zuen salto eta Espainiako selekziora ere iritsi da.

2013ko abenduan deitu zioten lehendabizikoz, eta Guadalajaran izan zen. Berriz jaso du hautatzailearen deia eta uztailaren 7a geroztik Espainiako selekzioarekin kontzentratuta dago, Aragoin. Hungarian jokatuko den Europako txapelketari begira daude selekzioko kideak, eta ahalik eta talde indartsuena osatzen ahaleginduko dira lehengo urtean eskuratutako txapelketa berriz ere irabazteko.

Uztailaren 7an hasi zuten kontzentrazioa. 17ra bitarte entrenatzen egongo dira eta 18tik 30era partidak jokatuko dituzte. Hori guztia Europako Txapelketarako motorrak berotzeko egingo dute. Hungariako txapelketa uztailaren 31ean hasiko da eta abuztuaren 10a bitarte luzatuko da.

Espainiako selekzioak ondorengo partidak jokatuko ditu:
31 Espainia -Kroazia  1 Espainia - Serbia
  2 Espainia - Hungaria

Partida hauetan emaitza onak lortu ezkero bigarren txandara pasako lirateke. Hiru partida jokatuko lituzkete, aztuaren 4ean, 5ean eta 6ean. Emaitzak lagun badira, final laurdenetara sailkatuko lirateke; ondoren, finalaurrekoetara; eta azkenik, finalera.Oraingoz kontzentratuta besterik ez daude, baina Iparragirrek hegaleko lanak ondo eginez gero minutuak izan ditzake Europako txapelketan. Selekziokoen ustetan defentsa lanetarako gaitasun handia dauka, jokaldiak mozteko eta jokoaren joerak aldatzeko modu iraultzailea dauka, buruz buruko mingarria eta abiatze azkarra.