Erria txikota!

Futbol derbia Kilometroak jaiaren alde

Abuztuaren 15ean lagunarteko partida jokatuko dute Realak eta Eibarrek Zarauzko Asti zelaian

Eibarrek lehen mailako talde gisa Realaren aurka jokatuko duen lehen partida izango da ostiraleko lagunarteakoa. Kilometroak jaialdiaren alde jokatuko dute, abuztuaren 15ean, talde gipuzkoarrek Zarauzko Asti futbol zelaian. Denboraldi-aurrea amaitzen ari da eta azken prestaketak egin eta aurkaria neurtzeko aukera izango dute; izan ere, astebete beranduago, denboraldiko lehen jardunaldian berriz aurrez aurre arituko dira zelaian.

18:00etan hasiko da partida, eta ETBk zuzenean emango du. Sarrerak salgai daude Orion Erria Txikota! dendan eta Il Gelato kafetegian, eta Zarautzen Txiki Polit tabernan. Harmailetako sarrerak 15 euroko prezioa dute, eta sarrera orokorrek, helduenek 10 eta zortzi urtez azpikoenek 5 eurokoa. Txarteldegia egunean bertan ere 16:30etik aurrera irekita egongo da.

Ohorezko sakea Demetrio Esnaolak

Orioko Herri Ikastolak bere lehen zuzendariari omenaldia egingo dio partida hasieran. Ikastolaren sorrera oroitu eta garai hartan egindako lan guztiagatik eskerrak eman nahi dizkio.

Autoa ez hartzeko gonbita

Kilometroak 2014ko antolakuntzak partidara garraio publikoan joateko gomendioa egin du. Zelai inguruan aparkalekuak egongo badira ere, gainezka egongo dela ohartarazi dute, eta Zarautza joateko tren edo autobusak erabiltzea eskertzen dute.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!