Maria Gutierrez: "Nire bizitzako egunik zoriontsuena izan zen"

Karkara 2014ko ira. 11a, 19:17

Gueñesetik Donostiara lana kontuengatik eta Donostiatik Oriora arraunarengatik. Maria Gutierrez –Gueñes, 1981– itsasoari lotua egon da haurra zenetik, eta orain arraunak harrapatu du. 

Baloi asko saskiratutakoa da Maria Gutierrez. Lehorrekoa izanagatik beti izan du begi bat ur zabalean; azkenik, itsasoa saskibaloi kantxarengatik ordezkatu zuen pasa den denboraldian. Bi urte daramatza arraunean eta sekula imajinatuko ez lukeena lortu du jada: Kontxan arraun egitea. 

Gueñestarra zara, lehorrekoa. Nolatan hurbildu zinen kostaldeko kirol batetara, arraunera?

Lehorrekoa izanagatik familian askotan joan gara arrauna ikustera, nire ama Castrokoa baita. Kirolari lotuta betidanik egon naiz; zortzi urte nituela saskibaloiean hasi nintzen eta 21 urte eman nituen horretan, arraunean aritzeko gogoa piztu zitzaidan arte. Galdezka aritu ostean Ayerza eta Claudiorekin jarri nintzen harremanetan, eta horrela hasi nintzen arraunean.

Zerk bultzatu zintuen arrauna probatzera?

Itsasoa betidanik gustatu izan zait, betidanik ibili izan naiz uretan atzera eta aurrera. Duela bederatzi urte etorri nintzen Donostiara, eta ordutik are lotura handiagoa daukat, beti itsasotik gertu ibiltzen naiz. Akaso horrek bultzatu ninduen. Dena den, nire gorpuzkerara gehien egokitzen den kirola dela uste dut.

Aurtengo urtean bi helburu zenituzten. Bata, Euskotren ligan sartzea; eta bestea,  Kontxara sailkatzea. Lehenengoa ezin izan zenuten lortu...

Bi aste gogor pasa genituen, golpe gogorra izan baitzen. Gerora gure helburua hobetzea zen, begirada Kontxan jarri gabe. Entrenamendu bakoitzean ikusten genuen hobetzen ari ginela eta, azkenean, Kontxara sailkatzeko aukerak genituela ikusi genuen. Bide horretan, pixkanaka-pixkanaka goraka joan gara. Gure buruarengan konfiantza izatea izan da aldagairik nagusiena bide horretan.

Norbere burua hotz eta indartsu mantentzeak norberak eragina izango du, baina baita taldeko giroak ere, ezta?

Denbora asko igarotzen dugu elkarrekin; beraiekin denbora gehiago pasatzen dut familiarekin eta lankideekin baino. Harreman ona daukagu, ondo ezagutzen dugu elkar. Denok batera bagoaz burua altxa eta gauzak ondo egiteko gai gara. Batasun horrek indartu egiten gaitu.

Iritsi zen Kontxako eguna. Pentsatzen dut nerbioak dantzan izango zenituztela. Hori guztia kudeatzea ez da erraza izango, ala?

Urduri geuden, baina aldi berean, bagenekien gure gaitasunak zeintzuk ziren, eta hori uretan nabaritu egin zen. Beste talde batzuk baina presio gutxiago genuen, besteak goran ibilitakoak baitziren. Ostegun horretako sentsazio berberak ditut igande honetarako;pittin bat nerbiosa nago, baina, aldi berean, ziur gure ahalmenez.

Uretaratu eta helburua lortu. Historikoa izan zen lortutakoa.

Kirolari dagokionean nire bizitzako egunik zoriontsuena izan zen. Jende guztia kontentu zegoen, pozik, emozionatuta, negarrez... jendearen babesa sentitu nuen eta hor ohartzen zara esfortzu guztiak balio izan duela, sakrifizioak guztiak fruituak eman dituela.

Nola bizi zenuten egun hori taldean?

Hurrengo urterako indarra eman zigun. Nabari da datorren denboraldirako gogoak handitzen joan direla; sartuko ez bagina, ez dakit zer gertatuko zen. 

Igandean gozatzera joango zinetela esan zeniguten. Horrela izan zen?

Ez. Estropada ona egin behar da beti. Sentsazio onekin amaitzea ezinbestekoa da; lan asko egin baitugu eta asko hobetu baitugu. Disfrutatu nahi dugu baina arrauna ondo egiten. Lehengo igandean nik ez nuen gozatu beste estropada batzuetan bezala, eta uste dut taldean antzeko sentimendua gailendu zela. Oraingoan disfrutatu egin nahi dut; gozatuz gero arraunean ondo ari garen seinale baita, eta, ondorioz, emaitza onak izango baitira.

Igande honetan, hortaz, disfrutatzera, ezta?

Noski, arraunean ongi egitera.

Emakumeak itzalean geratzen dira maiz. Hori nola bizi duzue zuek?

Nire ustez denboraren beharra dago alor honetan; bien bitartean guk lanean jarraitu behar dugu, gure esfortzuak egingo baitu bide hori. Gure lanak fruituak emango ditu, eta gure lorpenek jendearen onespena eta babesa ekarriko dute. Ostegunean sartzea aurrera pausoa izan zen, adibidez. Geroztik gehiago hitz egin da gutaz.

Kontxan ikusi dira hainbat banderola eta hainbat oihu zuei luzatutakoak: aupa neskak, aurten bai! eta horrelakoak. Eskertuko dira hitzok, ezta?

Ostegunean jendeak mutilak ikusteari utzi zion guri harrera egiteko. Horrek asko harritu ninduen, gure esfortzua baloratu baitzuten. Berezia izan zen oso, herri hau bezala. Oriok herri bezala asko animatzen du, plazer bat da herri honetan arraun egitea. Guztiek animatzen eta baloratzen zaituzte, gero eta gehiago gainera, eta horrek motibatu egiten zaitu.

Eta Kontxa, esatena duten bezain berezia da?

Kontxan oilo-ipurdia izan nuen uneoro. Uretan gainontzeko estropadak bezalakoa da, baina sartu eta ateratzean dagoen giroa oso ezberdina da. 

Bi urtetan Kontxan arraun egin ahal izan duzu. Etorkizunean ere jarraitzeko asmorik?

Jakina. Asko gustatzen zait arrauna, gero eta gehiago gainera. Banderak irabazten hasi behar dugu.

Zer da erakartzen zaituena, lotzen zaituena?

Betidanik izan naiz kirolaria eta inoiz ez dut arraunean bezain beste sufritu, ezta arraunean bezain beste gozatu ere. Arraunak badu berezitasun bat, taldeko kirola izanik alderdi indibualak garrantzi handia duela. Estropadan zehar taldean joan behar duzu, baina, aldi berean, zure buruari gero eta gehiago eskatu behar diozu. Nahasketa berezia da, inoiz ez nuen antzekorik sentitu.

Taldea batuta egotea ere garrantzitsua da, giro ona egoteak asko laguntzen baitu. 

Zuek giro ona duzuela begi bistakoa da...

Batuta gaude. Asko animatzen diogu elkarri, asko laguntzen diogu batak besteari eta oso ongi pasatzen dugu elkarrekin. Arrauneko atseden eguna oso luzea egiten zait niri, eta askotan, daukagun harreman ona medio, denbora libre ere batera igarotzen dugu. Aisialdian elkarrekin egoteak eragina dauka gure arraunketan. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!