Iker Gurrutxaga: "Sortzaile bati halako aukera ematea sekulakoa da"

Karkara 2014ko ira. 25a, 13:52

Labetik atera berri du Wasabi diskoa Bi bala taldeak. Diskoaren diseinua eta Besarkadak eta Labankadak abestiaren bideoklipa Iker Gurrutxagak egin ditu

569 ikustaldi eta 14 atsegin ditu atzo argitaratu zen bideoklipak. Sarean dantzan ibili da, hara eta hona. Askok eta askok elkarbanatu dute sare sozialetan Iker Gurrutxagak egindako ikus-entzunezkoa, Bi bala taldearen Besarkadak eta Labankadak abestiaren bideoklipa.

Bideoklipa egiteko aukera izan duzu. Nola suertatu zitzaizun?

Bada, taldeko kide batzuekin banuen harremana aurretik. Horietako batekin ezinbestean, anaia baita. Hori dela eta diskoa egiteko asmoa zutela eta diskoaren diseinua egiteko nirekin kontatzen zutela aipatu zidaten. Anaiak jakin bazekien ni halako diseinuak eta egiteko zaletua naizela eta hortik etorriko zen aukera. Behin diskoarena aipatuta, Bergaran maiatza bukaeran eman zuten kontzertura joan nintzen bi kamera hartuta. Hasiera batean, abestiren baten bideoa muntatzeko asmotan diskoa kaleratzen zenerako. Gerora etorri da beste guztia.

Artxiboko irudiak erabili dituzu, zer dela eta?

Bi bideo mota neuzkan buruan. Bata aktoreak eta abar erabilita; eta bestea, egin dudan estilokoa. Taldekideek argi zuten irudi zaharrak erabili nahi zituztela eta pelikula zatiak ere sartu nahi zituztela. Nik, orduan, nolabaiteko trailerra-edo osatu nuen ideia batzuekin.
 
Artxiboko irudiek letrarekin lotura izatea nahi nuen; garai bateko irudiek gaur egun ere balio dutela erakutsi, lehena eta oraina uztartu eta emozioak sortu. Irudi batzuk gaurkoak dira, beste batzuk urte asko dituzte. Agertzen den ia guztiak esanahi historiko asko duela iruditzen zait, eta hitzei erreparatzen badiegu are eta gehiago. Behin baino gehiagotan ikusteko bideo bat sortu nahi nuen, ikuslea kateatu dezala.

Behin hasierako proba eginda, erakutsi egin nien eta gustatu egin zitzaien. Hortik aurrera, askatasun osoa izan dut nahi dudana egiteko. Hori bai, beti elkarlanean eta ideiak elkarrekin aurrera eramanda. Bideoan ia ezer ez da kasualitatez sartu. Hori bai, Bi balaren estiloa mantendu da.

Bilketa lan handia dago atzean... denbora asko eman dizu?

Egun dezente pasa ditut bideoarekin lanean. Ordenagailu aurrean eserita ez hainbeste, baina buruan ideiak ordenatzen, biltzen eta abar bai. Sortze lanak horrela izaten dira. Lauzpabost ideia etortzen ziren bakoitzean, ordenagailu aurrean jarri, buruan nuen irudi hori bilatu eta editatzera. Pixkanaka joan naiz bideoa osatzen. Galdera hau egin arte ez naiz jarri pentsatzen zenbat klip izan diren aukeratu ditudanak, baina, begiratzen hasita 80 bideo aukeratu ditut bideoa osatzeko. Bidean, noski, beste asko geratu dira.

Emaitzarekin gustura geratu zara?

Emaitzarekin oso pozik, orain ikusleen harrera zer nolakoa den ikusi behar. Autodidakta naiz, amateurra. Orain arte egin ditudan bideo lanek ez dute zerikusirik honekin. Aukera eman didate eta baliatu egin dut. Hemendik aurrera ere gogoz egingo ditut halako lanak. Ditudan baliabide eta ezagutzak kontuan hartuta, oso pozik nago. Aurrera begira, ikasteko eta hobetzeko tarte handia dudala jakinda, gainera. Bide batez, ikusleei bota nahi diet halako erronkatxo bat: ea irudi bakoitza zein momenturi, pelikulari, saiori… dagokion asmatzen duzuen!

Diskoaren diseinua ere zuk egin duzu. Azalean sushi platera ikusi daiteke. Sushia eta bi bala... ze lotura dago bien artean?

Hau nire anaiak hobeto erantzun dezake, baina gure artean dagoen konexioaren baimenarekin hitza hartuko dut. Historiako pelikula onenetako batean laranjek zeresan handia dute; hori dela eta, disko guztian laranjei edo kolore laranjari eman nahi izan diote garrantzia Bi bala taldekoek.
 
Azala nola egin pentsatzen ari ginela, elementu laranjekin jolasean ibili ginen. Niri, edo anaiari, ez dakit zeini sushia etorri zitzaion burura –oso zaleak gara– eta hortik sortu zen ideia. Wasabi, diskoaren izenarena… berak azaldu dezala.

Plater bat da CDaren diseinua, barruan dagoena jateko modukoa den seinale?

Platerean jartzen den guztia ez da gogokoa eta gozoa izaten, batzutan gazia edo mikatza ere izan daiteke, baita mingotsa ere. Niri denetariko sentsazioak sortu dizkit diskoak: poza, zirrara, amorrua, tristura… Baina uste dut taldeak sekulako lana egin duela.

Inspirazio iturriak non bilatu dituzu?

Corleonetarren zulo batean egongo bagina bezala, jatetxe italiar batean egin genuen brain storminga. Kuriosoa da, baina hala izan zen. Handik atera ziren ideia guztiak marrazkitxoetan edo ideiatan jaso genituen eta gerora gauza desberdinak probatzen joan ginen. Nik nire ideiak aurkeztu eta beraiek ontzat ematen zituzten bezala joan gara diskoaren diseinua osatzen.

Eta eskuartean jaso duzunean, gustatu zaizu emaitza?

Orokorrean bai. Diseinatzaile profesionalak diren lagun dezente ditut eta haiek akats ugari aterako dizkiote lanari, ziur naiz, baina gupida pixka bat izango dute bere kabuz ikasi duenaren aurrean. Badira nik neuk egingo nituen aldaketa txiki batzuk, baina askotan emaitza ikusi arte jakin ezin diren gauzak dira hobetuko nituzkeenak.

Oso pozik nago taldeak eman dizkidan aukera eta erraztasunengatik. Langabezian dagoen sortzaile bati halako aukera ematea sekulakoa da. Beraz, beste behin, eskerrak ematea baino ez zait geratzen. Orain badakizue; diskoa eskuratu, bideoa ikusi… eta banatu ostiak lasai!

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!