Barre egitea helburu duen antzerkia

Karkara 2014ko urr. 9a, 08:15

Hiru komedia-antzerkia izango da bihar Orioko Kultur Etxean bost euroren truke

Hasieratik bukaera arte barrez lehertuko zara, hori dio kartelak eta hori diote beraiek. Komedia bat da, barrea sorraraztea helburu duena. Duela urtebete estreinatu zen xede horrekin Donostiako Antoki Zaharrean eta ostiral honean Orion izango da. 

Antzezanaren izena, hiru. Aktoreak, ordea, lau: Zuhaitz Gurrutxaga, Miren Gojenola, Loli Astoreka eta Ana Elordi. 30 urte daramatzate hiru emakumeak elkar ikusi gabe, ikasketak bukatu zituztenetik, hain zuzen. Bizitzaren joan-etorrian, berriz elkartu dira eta asmo bakarra eta berbera dutela ohartzen dira: ume bat izatea.

Menopausia iristear dutenean, hormonak dantzan dituztenean, zein baino zein bakartiago bizi denean, hartzen dute erabaki hori. Ama izateko ametsa erdietsi nahi dute. Horretarako gustuko gizona aurkitzen dute, hirurek berdina. Gizon perfektuaren papera Zuhaitz Gurrutxagak egingo du.

Antzezlana ikusteko aukera 5 euroren truke

Hiru antzezlana ikusteko aukera izango da Orioko kultur etxean urriaren 10ean, ostiralarekin. Emanaldia 22:30ean hasiko da eta sarrerak 5 euro balio du.

Kultur etxeko aretoaren aforoa mugatua denez, 120 txartel jarriko dira salgai eta, beraz, antzezlana ikusi nahi dutenek hobe dute garaiz ibili eta sarrerak aldez aurretik hartzea. Dagoeneko eros daitezke, kultur etxera joanda.