Aldaketak Orioko sarrera-irteeran

Karkara 2014ko urr. 15a, 08:00

Ur Partzuergoa egiten ari den lan bat dela eta, hainbat aldaketa egongo dira herriko sarrera-irteeratan bi astez

Aritzaga kalea eta Endaia plaza lurpetik gurutzatzen dituen ur-hodia oso egoera txarrean dagoela dio Ur Partzuergoak. Horregatik, urriaren 13tik aurrera lanean dihardute hori aldatzeko. Lanak direla eta, obrak irauten duen bitartean, aldaketak izango dira ibilgailuen trafikoan.

Lehen astean, herriko sarrera Aritzaga kaletik izango da, beti bezala. Baina Endaia plaza itxita egongo da, eta Oriotik irteteko Diketik joan beharko dute 2,4metro baino gutxiago duten ibilgailuek. Altuera hori gainditzen dutenek, CN-634 errepide azpitik pasatzen den tuneletik ezin dute pasatu; horregatik, nahitaez, Txanka-hondartzako bidea erabili beharko dute.

Bigarren astean, aipatutako irteera bideak mantenduko dira, baina Aritzaga kaleko sarrera itxita egongo da. Hori dela eta, herrira sartzeko, Txistulari kalea erabili beharko da.