Katxalin elkartearen mahaia azokan

Karkara 2014ko urr. 16a, 06:32

Katxalin bularreko minbizia duten emakumeei laguntzeko sortutako elkartea da. Gaur, minbiziaren aurkako egunean, Orioko azokan egongo dira eta urriaren 30ean hitzaldia emango dute Kultur Etxean

1987an sortu zen bularreko minbizia pairatzen zuten emakumeei tratamentu zehatz batzutan laguntzeko helburuarekin. 1999an helburuak zabaldu zituzten, eta, tratamentua jasotzen zutenez gain, bularreko eta ginekologiako minbizia zuten emakumeei babesa ematea bilakatu zen beren xedea. Eraldaketa hori ematean hartu zuten Katxalin izena.

10 emakumeko taldea bilduta hasi zen guztia duela 27 urte. Lehen pausoak talde txikia zirela eman arren, orain 350 pertsonako taldea osatzen dute. 

Katxalin elkartea Orioko azokan

Gaurkoa minbiziaren aurkako eguna dela-eta, Katxalin elkarteak informazio-mahaia jarriko du azokako postuen artean. Katxalin elkarterko Orioko taldea arduratu da mahaiaz, Udalaren laguntzaz, eta herritar guztiak gonbidatu nahi ditu bertara azaltzera. Mahaia goizeko 9:00etatik eguerdiko 13:00etara egongo da eta bularreko minbiziari buruzko nahiz elkartearen lanari buruzko informazioa zabalduko dute.

Hitzaldia urriaren 30ean

Elkarteak egiten duen sentsibilizazio-lanaren barruan bularreko minbiziaren gaiari buruzko hitzaldia antolatu du urriaren 30ean kultur etxean, 18:00etan. Arrate Plazaola medikoa izango da hizlari.