Juanjo Quintela: "Umeak ez zaituela behar sentitzen baduzu, bakarrik mugitzeko gai dela, zerbaitengatik izango da"

Karkara 2014ko urr. 24a, 10:44

Ikasketaz haur psikologoa da; lanbidez, psikomotrizista. Haurren heziketan egin zituen bere lehen pausoak eta ordutik ibilbide oparoa egin du Juanjo Quintelak.

Zergatik haurrak?

Helduak baino gehiago gustatzen zaizkit umeak. Betidanik gustatu izan zaizkit eta hasiera-hasieratik beraiekin egin dut lan. Duela 11 urtetatik txikienekin aritzen naiz, 0-2 urte bitarteko haurrekin.

Haurrak dira zure esparrua, baina hezitzaileekin egiten duzu lan.

Nire lana %95ean hezitzaileekin da. Nik haur eskoletan dauden profesionalak formatzen ditut, edo profesionalak izango direnak, hau da, ikasleak. Nire mundua nagusiki hori da.

Esparrua aldatu zenuen atzo, hezitzaileetatik gurasoetara pasa zinen.

Normalean ez dut gurasoekin egiten lan. Ez daukat arrazoi zehatz bat horretarako, planteatzen badidate –normalean– onartzen dut.

Eskolan eta familian jaso beharreko hezkuntza ezberdina da?

Etxeko motibazio nagusia maitasuna da. Eskola batean ez da maitasuna, ume guztiak gustatu behar zaizkizu baina oinarri garrantzitsuena profesionaltasuna da. Umearen ongizatea bermatu behar da, baina ikuspegi profesional batetik.

Gurasoek aldanondo metodoa erabiltzen dute, ahalik eta ondoen egiten saiatzen dira. Maitasunarekin akatsak neutralizatzen dituzte; zentroetan, ordea, ez da hori gertatzen. Ezin dugu plano berean jarri profesional baten maitasuna eta hezitzaile batek egiten dituen akatsak ez dira neutralizatzen, horregatik jartzen dut nire indar ia guztia hezitzaileen formazioan.

0-2 urteko heziketa garrantzitsua al da etorkizunean?

Garrantzitsuena. Bai heziketa edo irakaskuntza mailan, baita pertsonaren hazkuntzan ere. 0-2 urtean jasotzen den heziketa eraikin bateko oinarria litzake. Oinarria sendoa izatea ezinbestekoa da, bestela, kolokan egongo litzake etxe guztia.

Adin hau da egokiena sendotasuna lotzeko, baita berbideratzeko ere. Sinpleena da eta ekonomikoena.

Adin horretako umeak inozentetzat dauzkagu. Hala da?

Gertatzen direnaz ohartzen dira. Adin horretako haurrek komunikazio ez berbala irakurtzen dute, oso argiak dira horretan.10 hilabeteko ume bati maite zaitut esaten badiozu, hitzez, baino zure keinua, begirada edo ahotsaren tonuak kontrakoa esaten badu hori irakurriko du.

Helduok, sarritan, haur bati buruz hitz egiten dugu haurra aurrean daukagula, egongo ez balitz bezala. Ume horrek bi belarri dauzka, dena entzuten du eta guztia interpretatzen du.

Eta helduek zaintzen dute hizkuntza ez-berbal hori?

Profesionalen artean zaindu beharko genuke eta, gainera, kontziente izan behar genuke. Familiaren esparruan espontaneoagoak gara eta hala izan behar dugu. Bat-batekotasunak kontzientzia murrizten du, baina hor dago maitasuna, oinarrian, gauzak orekatzen. Gainera, maitasuna eta naturaltasunak ezkontza polita egiten dute.

Zure hitzaldia oinarri zientifikoen inguruko datuekin hasi duzu. Honetan guztian ze paper jokatzen dute oinarri zientifikoek?

Ez dira materia eztabaidagarriak;  horrela da, eta kito. Copernicotik hasi eta Galileoraino. Inork ez du eguzkia lurrari biraka bilatzen, badakigu eta lurra dela birak ematen dituena. Horrela da, ez da eztabaidatzen. Zientzia garatu ahala xehetasunak ematen joango da, baina oinarrizko ideia ez da aldatzen.

Eta horrek ze eragin dauka hezkuntzan?

Hezkuntza ez da ikerlarien eta zientzialarien intereseko helburua izan, baina badira hezkuntzan ikertu dutenak. Emmi Piklerrek esaterako jaiotzetik oinezko trebetasuna lortu arteko bidea ikertu du, motrizitate globalaren garapena, hain zuzen.

Berak ikertutakoaren arabera, genetikoki programatuta dago ibilbide hau giza-espeziean. Ume batek, borondate propioz, interbentziorik eta laguntzarik gabe, gai da ibilbide hori bakarrik egiteko; gainera, aukera eta eskubide hori eduki beharko luke.

Ume batek esertzen ikasteko ez du guk esertzea behar. Berak ikasiko du. Guk egiten badiogu kontrako efektua lortzen dugu, ez baita beharrezkoa.

Kaltegarria da, hortaz, laguntzea?

Oztopatu egingo diogu garapena.

Eta hala ere, egin beharreko zerbait dela uste dugu.

Oso barneratuta daukagun ideia da. Naturalki ateratzen zaigu, hori egin behar dugula uste baitugu. Mundu osoan zabalduta dagoen ideia da, generazioz generazio transmititzen dena. Horregatik nahi nuen atzoko hitzaldira haurdun zeuden emakumeak eta aiton-amonak etortzea; haurdun daudenak beren jarrera aldatu dezaketelako eta aiton-amonak beren seme-alabek baino gehiago dakitenaren ustea daukatelako.

Orduan, zer egin behar dugu lagundu ordez?

Motrizitate globala lantzen ari denean bakean utzi behar dugu, begiratu eta berari begira gozatu. Umeak ez zaituela behar sentitzen baduzu, bakarrik mugitzeko gai dela,  zerbaitengatik izango da.

Umea bakarrik uzteko beldur gara?

Umeei horrela tratatu ezkero beren gorputzaren ardura izateari uzten diote. Bide hori beraiek eginez gero, zuhurtziaz eta tentuz osatuko duten ibilbidea izango da, beraiek jakingo baitute zer den oreka galtzea. Ez du inork ezagutzen beren gorputza beraiek bezain ondo. 

Esparru guztietan jokatu behar dugu horrela?

Ez, beste batzuetan gertu egon behar dugu, zaintzan adibidez. Kontaktu gehiago eduki behar dugu haurrarekin, besarkatu... bazkaltzen orduan, lotara joaterakoan..

Eta hori lantzen da haur-eskoletan?

Aurrera pausoak eman ditugu. Gainera, horrela jokatu ezkero denbora librea duela ohartzen da hezitzailea, lehen denbora galtzen zuela. Berak sortutako egoera baten esklabo zela konturatuko da eta orain, denbora hori beharrezkoa den horretarako izango dute: zaintzarako.

Adin horretan oso gogorrak dira harreman kolektiboak, ez da berdina gurasoekin egotea edota haur-eskola batean. Zaintza sakon eta pertsonalizatua eskaintzean asko laguntzen du gogortasun hori leuntzen.

Esan duzu aurrera pausoak eman direla baina hobetzekoak ere badaudela. Etorkizunari begira, optimista zara?

Eszenatokia, oro har, pesimista da garai hauetan.  Alor honetan, ordea, optimista naiz. Poliki-poliki haur txikien kulturan gero eta lan gehiago egiten ari gara. Bidea egin beharra dago, baina hasi gara eta pixkanaka-pixkanaka aurrera goaz.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!