Zaraguetako baratza hasiberrientzat eredu

Karkara 2014ko aza. 27a, 17:28

25 irakasle bildu ziren Zaraguetako baratzaren funtzionamendua ezagutzeko.

Baratza martxan jarri nahi duten hainbat ikastetxek formazioa jaso dute Fraisoro nekazaritza eskolatik. Zaraguetak lau urte daramatza baratzaren proiektuarekin eta eredugarria da gainontzekoentzat. Izan ere, ikastaroa jaso duten irakasleak teorian ikasitakoaren eredu egokia erakusteko, Zaraguetara eraman zituzten.

25 irakasle bildu ziren. Lehendabizi Zaragueta Herri Eskolako baratzaren historia kontatu zuten. 2010ean sortu zen, Udaletxearen laguntzarekin. Ordutik eman duten martxa eta baratzak duen dinamika azaldu zuten. Sortzen diren arazo eta ezbeharren inguruan mintzatu ziren gero, eta horiei aurre nola egin dien ere kontatu zuten. Urarekin, esaterako, esperientzia txarra izan genuen. Guztia blai gelditu zitzaigun eta baratza zeharo kaltetu zen. Gurasoen laguntzarekin berriz martxan jartzea lortu genuen, azaldu du Zaraguetako irakasle batek.

Ikasleekin egiten dugun lanketa ere azaldu zuten: batez ere, bigarren zikloan lantzen dugu. Bigarren eta hirugarren mailako ikasleekin astean behin joaten gara. Halaber, HHkoek ere garaian garaiko haziak ernaltzean baratzean landatzen dituzte.

Eta uztarekin zer? Emaitza onak izaten ari direla gaineratu du. Dezente jasotzen dute; eta, HHkoen kasuan, beren artean banatzen dute. LHkoak gehiegi direnez, otarra osatu eta zozketa egiten dute. Umeei, orokorrean, asko gustatzen zaie baratzera joatea. Uzta jasotzeak ilusio handia egiten die, oso pozik jartzen dira.

Baratzaz gain, konposta guneaz ere hitz egin zuten atzo. Iaz jarri zuten martxan eta horren nondik norakoak ere azaldu zituzten. Bigarren ziklokoekin lantzen dute konpostaren gaia.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!